Ufesa zenaren harira, Gasteizko etxetresna txikien egilearen azken bi jabeen aurkako salaketak aurkeztu ditu LABek. Sindikatuaren arabera, lantegiaren aurreko jabeak, Alemaniako BSHk, hogei milioi euro eman zizkion jabe berriari —Kataluniako B&B Trends taldeari—, hark enpresa hustu eta haren kontura aberastu zedin. SDA du izena orain lantegiak, eta enpresak bere konkurtsoa daraman epaileari adierazi dio gaur egungo 55 langileak kaleratzeko erregulazio txostena aurkezteko asmoa duela. B&B Trendsek, berriz, erantzun du enpresa galerekin jaso zuela eta onbideratzen saiatu zela, eta ukatu egin du ekoizpena beste alde batera eraman duela, «fabrika horiek ez baitira existitzen».
LABen Gasteizko egoitzan agerraldia egin dute gaur goizean sindikatuko ordezkariek eta SDA Factoryko langileek —LABek du haien ordezkaritza—. Bertan, azaldu dute BSHren eta B&B Trendsen artekoa salerosketa «iluna» izan zela. Haien arabera, BSHk «bere irudia babesteko eta lasai-lasai alde egiteko» saldu zion Ufesa zena Kataluniako taldeari, eta asmoa lantegia «desegitea» zela eta ekoizpena mozkin handiagoak ematen zituen leku batera eramatea. Horren seinale izango litzateke, betiere LABen arabera, BSHk B&Bri kobratu beharrean ordaindu egin ziola; gutxienez 20 milioi euro pagatu zizkiola kalkulatu dute. B&B Trendsek, berriz, euro baten truke jaso zituen Gasteizko lursailak, lantegia eta makineria.
LABek dioenez, salerosketaren egun berean —atzo sei urte bete ziren—, BSHk 300.000 euro baino gehiago ordaindu zizkion SDAri lan kostuen kontzeptuan. Segidan, ia bost milioi euroko beste ordainketa bat egin zuten, kontzepturik gabe. Eta, gainera, hamasei milioi euroko diru poltsa jarri zuen marjina gisa. «Hau da, enpresa saltzaileak gutxienez 20 milioi euro ordaindu zizkion erosleari».
Erlazionatuta
Efe agentziari egindako adierazpenetan, B&Bk ez ditu ukatu ordainketa horiek, baina berretsi du SDA «lan zama faltagatik» itxiko dela. Bi aldeen bertsioak bat datoz salerosketa egin zutenean hornidura kontratu bat ere sinatu zutela; horren bidez, BSHk lana emango zion SDAri bi urte eta erdiz. Behin epe hori igarotakoan lan bolumena %95 murriztu zela azaldu du B&Bk.
Gainera, B&Bk dio SDA enpresa erosi zuenean sei milioi euroren galerak zituela. LABek kontrakoa esan du: «Bideragarria zen. Eta bada, esku egokietan egonez gero». Hori erakutsiko luke, sindikatuaren ikerketaren arabera, 2019 eta 2021 bitartean SDA eta B&B Trendsen artean 14,5 milioi euroren dibidenduak banatu izana.
Zorrak
LABek salatu du behin SDA B&Bren eskuetan zegoela ekonomikoki «ahalik eta gehien» zukutu dutela enpresa, hartzekodunen konkurtsora eraman arte. «Bidea zehaztua zuten hasieratik». Pausoak zerrendatu dituzte: proiektuak eta materialak kanpora eraman zituzten; I+G atala desegin zuten, Bartzelonako lantegian jende bila ari ziren bitartean; lantaldea gutxituz joan ziren... 250 langile ziren lehen, eta 55 dira orain, «eta gaizki tratatu gaituzte azkenera arte». Gaineratu dute abenduko eta urtarrileko nominak eta Gabonetako ordainsaria zor dizkietela.
B&Bk ezetz dio, eta esan du «azken momentura arte langileekiko betebehar guztiak» bete dituela. Halaber, azpimarratu dute lana utzi duten langile guztiek beren borondatez utzi dutela, eta ukatu egin dute negozioa beste norabait eramango dutela.
B&Bkoek adierazi dute «azken uneraino» saiatu direla, baina hartzekodunen konkurtsoa eskatzera behartu dituela kaudimen faltak.
LABek kontatu duenez, SDAren zorra milioi batekoa da. «Zirkulu makabroa borobiltzeko», B&B Trends jabeari zor dio. Izan ere, B&Bk hamar milioi euro mailegatu zizkion bere menpeko SDAri, eta adostu zuten hilero kopuru jakin bat itzuliko ziola zerbitzu orokorrengatik.
Diru publikoa
Sindikatuak salatu du herritar guztien diruaz ere baliatu direla «aberasteko». Esaterako, 2023. urtean SDAk 50.000 euroko laguntza jaso zuen Next Generation funtsetik eguzki plakak instalatzeko, eta B&B konpainia kontratatu zuen lan hori egiteko.
Langileen diruaz ere baliatu direla kexu dira. Aldi baterako bost enplegu erregulazio eskaera kateatu dituzte jarraian azken lau urteetan. Horrek langileak ia langabezia prestaziorik gabe utzi ditu. Gainera, askok ez dute lan mundura itzultzeko esperantzarik, langileen erdiak baino gehiago 50 urtetik gorakoak direlako.
Abenduaz geroztik dago SDA hartzekodunen konkurtsoan, eta gaur bertan hasi da langile guztiak kaleratzeko tramitearen kontsulta epea.
LABek esan du erakundeen esku utzi dutela informazio guztia. Asteartean elkartu ziren Eusko Jaurlaritzako Lan eta Industria Sailarekin, baina ezkor agertu dira. «Ez dugu ezer ez espero. Sei urtez saiatu gara industriarekin elkartzen, gure egoeraren berri emateko, baina inoiz ez gaituzte hartu», salatu du Iban Intxaurrondo LABeko Industria Saileko kideak.
Eusko Jaurlaritzari eta Arabako Foru Aldundiari inplikatzeko eskatu die LABek. Sinetsita daude SDAren itxiera saihestu daitekeela, eta zigorrak eskatu dituzte BSHko eta B&Bko arduradunentzat. «Badakigu egin dezaketela, baina ez dakigu egingo duten».