LAN ERREFORMA. GREBA OROKORRA

Sektore bakoitzean oso erantzun ezberdina izan du grebak, Espainian

Sindikatuen arabera, hamar langiletik zazpik greba egin dute Espainian, eta hamarretik zortzik Katalunian eta Galizian. Ika-mikak saihestu, eta sindikatuen jarduna errespetatzen duela adierazi du Corbachok

2010eko irailaren 30a
00:00
Entzun
Horrelakoetan ohikoa den gisan, zaila da greba arrakasta ala porrota izan den esatea, pentsaera adina irakurketa egin daitezkeelako. Baina, Espainian, eragina izan, izan zuen, nahiz eta sektore eta leku batetik bestera alde handiak egon. Gehien, industrian antzeman zen, sektorearen zatirik handiena gelditu zelako; garraio publikoaren sektorean, berriz, gutxieneko zerbitzuak eman zituzten enpresarik gehienek.

Sindikatuen esanetan, %70eko jarraipena izan zuen grebarako deiak, hamar milioi langilek erabaki zutelako lanera ez joatea. Katalunian eta Galizian are handiagoa izan zen langileen erantzuna, %80k greba egin zutelako. Arratsalde partean, berriz, manifestazio jendetsuak egin zituzten hiriburu gehienetan, eta antolatzaileak pozik azaldu ziren jendeak emandako erantzunarekin.

Candido Mendez UGTko idazkari nagusiaren hitzetan, greba eguna «demokratikoa eta parte-hartzean arrakastatsua» izan zen. Espainiako Gobernuari ekonomia politiketan atzera egiteko eskatu zion, berriz, Ignacio Fernandez Toxo CCOOko idazkari nagusiak. Haren esanetan, «grebara ez zen deitu gobernua hondoratzeko helburuarekin, baina bere esku dago jarraitzea ala ez». Gobernuarekin hitz egiteko prest daudela ere azaldu zuen Toxok. «Esateko dutena entzungo dugu, baina zentzuzko deiei bakarrik egingo diegu jaramon, ez itxurak egiteko egindakoei».

Celestino Corbacho Espainiako Lan ministroak nahiago izan zuen zenbakien gerra alde batera utzi, sindikatuen aurkako adierazpenak saihestu, eta haien jarduna errespetatzea. Egun guztian, sindikatuek «ardura handiz» jokatu zutela nabarmendu zuen. Lan ministroaren esanetan, gutxieneko zerbitzuak %98,4an errespetatu zituzten.

CEOE patronalaren arabera,sektore gehienetan «egun normal bat» izan zen atzokoa, eta batez ere merkataritzan, denden %95ek ohi bezala lan egin zutelako. Jose Maria Lacasa Espainiako patronaleko idazkari nagusiaren hitzetan, langile eta enpresaburuek lanera askatasunez joateko aukera izan zuten sektoreetan, normaltasuna nagusi izan zen. Kontrara, «gutxieneko zerbitzuak nahikoa izan ez ziren sektoreetan, ondorioak handiagoak izan ziren».

Arazoak garraioan

Goizean goiztik, garraio publikoan, aireportuetan eta tren geltokietan izan ziren arazorik handienak. Jende gehien ibiltzen den orduetan, puntakoetan, gutxieneko zerbitzua eman zuten; gainontzeko orduetan, ohiko zerbitzuaren %30 baino gutxiago. Errepide bidezko garraioan, hamar langiletik bederatzik greba egin zutela ziurtatu du UGTk; eta portuetan ia guztiek.

Industriako enpresa handi gehienek, berriz, ez zuten lanik egin, eta lehengaien hornidurarako merkatu handiak itxita egon ziren goizaldetik. Metalgintza, autogintza eta eraikuntza sektoreetan izan zuen jarraipenik zabalena grebak. Confemetal metaleko patronalak emandako datuek, ordea, bestelako irudia erakusten dute. Enpresa handietan jarraipena %50ekoa izan zela dio, eta txikietan alde handiak egon zirela. Patronalaren arabera, probintzia batzuetan langileen laurdenak greba egin zuen, beste batzuetan inork ez. Grebak lekuan-lekuan izandakoarrakasta hango piketeen eraginkortasunaren araberakoa izan zela nabarmendu du, gainera.

Autogintza sektorea, berriz, erabat gelditu zen, sektoreko iturriek jakinarazi dutenez. Langile gutxi batzuk lanerako prest zeuden arren, ekoizpena erabat behar izan zuten, langile kopuru jakin bat egon ezean, ezinezkoa delako lerroan lan egitea.

Merkataritzan jarraipen desberdina izan zuen grebarako deiak. Madrilen eta Andaluzian, esaterako, 10:00etarako zabalik ziren ia saltoki guztiak, handi zein txiki, eta ez zen beste munduko gorabeherarik izan. Katalunian eta Galizian, ostera, gehiago nabaritu zuten lanuztearen eragina, saltoki asko ez zituztelako zabaldu. Ostalaritza sektorean, apenas eraginik izan zuen. Espainiako hotel eta alojamentu turistikoen konfederazioaren arabera, %2ra ere ez zen iritsi lanera joan gabe geratu ziren langileen kopurua.

Espainiako Gobernuak emandako datuen arabera, Administrazio Publikoan -enpresa publikoak kontuan hartu gabe- langileen %7,48k egin zuten greba; tokian tokikoan, berriz, gehixeagok, %12 hain zuzen. UGTk emandako datuek ez diote gauza bera. Haren irudiko, administrazio orokorrean langileen %44k egin zuten greba, autonomia erkidegoetako administrazioan %52k eta udal administrazioan %65ek.

Osasun sektorean, langileen erdiak ez ziren lanera joan, FSS-CCOOk emandako datuen arabera. Parte-hartze handiagoa espero zutela aitortu du Antonio Cabrera idazkari nagusiak.

Eguna nahiko lasai igaro bazen ere, han-hemenka sortutako liskarretan ehundik gora lagun atxilotu zituen Poliziak. Zaurituak ere izan ziren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.