Industria

Sektore eolikoarentzako laguntzak 1.400 milioi euroraino bikoiztuko ditu Bruselak

Batetik, Europako Batzordeak parke eoliko berrien enkanteak sinplifikatu nahi ditu, eta estatu kideen artean irizpide bateratuak izatea bilduko du. Bestetik, energia berriztagarriak zabaltzeko prozedurak azkartu nahi ditu, eta gertutik zainduko ditu Europatik kanpoko lehiakideen merkataritza praktika desleialak.

Maros Sefcovic Europako Batzordeko presidenteorde exekutiboa eta Itun Berdearen arduraduna, Wopke Hoekstra Ekintza Klimatikoaren komisarioa eta Kadri Simson Energia komisarioa. OLIVIER HOSLET / EFE
2023ko urriaren 24a
12:51
Entzun 00:00:0000:00:00

Europako industria eolikoko hiru ekoizle handiek —Siemens Gamesa, Vestas eta Nordex— galera handiak dituzte, baina azkenik etorri zaie arnasa Bruselatik. Gaur goizean, Europako Batzordeak sektorearentzako laguntza plana aurkeztu du, Europako ekoizleen etorkizuneko erronkei «sendoago» erantzun diezaioten. Horretarako, laguntza ekonomikoa bikoizteko prest da; baina, diru laguntzez harago, proiektuak bizkorrago zabaltzeko, tramitazioak arintzeko eta kanpoko lehiakideen lehia zaintzeko neurriak prestatu ditu.

Bilkura amaituta, egitasmoaren nondik norakoak azaldu dituzte. «Sektorearen erronkei aurre egiteko gure berehalako erantzuna da laguntza plana», iragarri du Maros Sefcovic Europako Batzordeko presidenteorde exekutibo eta Itun Berdearen arduradunak. «Bermatu behar dugu Itun Berdea arrakastatsua izatea enpresentzat eta langileentzat», gaineratu du. Kadri Simson Energia komisarioaren arabera, bide luzea geratzen da berriztagarrien hedatzean, eta sektoreari ekarpen handia egitea dagokio: «Baina posizio irmo bat izanez gero soilik egin dezake hori. Baldintzak sortu behar dira sektore eolikoa indartzeko, eta laguntza plan honek horretarako beharrezko haizea hauspotuko dio»

Siemens Gamesaren kasuan, berandu izan liteke. Azaroan bideragarritasun plana aurkeztuko du enpresak, eta orain arte zabaldutako informazioekin oso kezkatuta daude sindikatuak. Hego Euskal Herrian 2.800 laguni ematen die lana, eta duela bi aste Reuters agentziak zabaldu zuen enpresa eta bulegoak ixtea aztertzen ari zela. Hori litzateke jokalekurik okerrena, eta hilabete eskas geratzen da jakiteko Bruselako hauspoak enpresaren asmoak leuntzeko balioko ote duen.

Ikusi gehiago:Sektore eolikoa eta milaka lanpostu desagertzeko arriskuaz ohartarazi du ELAk

Enpresek nolako zailtasunak dituzten ikusirik, Europako Batzordeak atzeman dituen arazoetako bat da ekoizleak ez daudela oso babestuta inflazio handitik eta lehengaien kostu igoeratik, eta horrek finantza arazoak eragiten dizkiela. Hain zuzen ere, Asiako lehiakideak, batik bat Txinakoak, lehengaien hornitzaile dira, eta estatuaren finantza babesa dute. Horri esker, abantaila atera dezakete. Izan ere, parke eolikoen enkanteetan preziorik merkeenak lehenesten dira, eta txinatarrek baliatzen dute hori.

Martxorako gida bat

Europako Batzordea enkante horiek sinplifika daitezen saiatuko da, eta preziorik merkeenean oinarritu ez daitezen. «Helburua da prezioan oinarritzen ez diren irizpideak bultzatzea eta balio erantsi handiko industria berritzaile eta lehiakorra sostengatzea». Enkate horien diseinuak Europa osoan bateragarriak izatea ere nahi du, eta, irizpideen artean, iraunkortasuna eta segurtasun zibernetikoa aintzat hartu nahi dituzte. Herrialdeen eta industriako eragileen artean, elkarrizketak bultzatuko ditu Europako Batzordeak, enkante horien irizpideak hitzartzeko asmoz. Helburua da erreferentziazko gida bat ateratzea datorren martxoaren amaiera aldera.

Gainera, Bruselaren asmoa da, industriarekin batera, atzerriko lehiakideei mesede egiten dieten «merkataritza praktika bidegabe posibleak» zaintzea. «Hala bada, merkataritza defentsarako instrumentuak aktibatuko ditu Europako Batzordeak», ohartarazi du. Europatik kanpoko merkatuera iristea ere lagunduko die enpresei.

Finantzaketari dagokionez, Kadri Simson Energia komisarioaren arabera, Europako Inbertsio Funtsak plan bat aurkeztuko du sei hilabeteren buruan: inbertsio bankuak bermeak handituko ditu, «sektoreak baldintza hobeagoko maileguetara jo ahal izatea errazteko». Teknologia berdeen proiektuak finantzatzeko, Europako Batasunaren Berrikuntzarako Funtsa «bikoiztuko» dute, 1.400 milioi euroraino.

Baimenen azkartzea

Bruselak atzeman duen beste arazo nagusia da Europako ekoizpen ahalmena «gutxiegi» erabiltzen dela Europako Batasunean proiektu eolikoekin ziurgabetasun handia dagoelako. Industriak kalkulatzen du 80 gigawatteko potentzia ahalmena duten proiektuak ez aurrera ez atzera daudela, baimenak lortzeko tramitazio luzeen ondorioz. Bruselak baimenen prozedurak azkartzea nahi du: «Industriari eta estatu kideei mezu irmoa eman nahi diegu eolikoaren eta beste energia berriztagarrien zabaltzea berehala bizkortu dezaten».

Horretarako, Accelere-RES programa jaulkiko du, energia lege berrien ezarpena azkartu dadin. Urte amaierarako, estatu kideei laguntzeko online erreminta bat jarriko du abian, eta, apirilerako, energia berriztagarrien proiektuak azkarrago tramitatzeko gida prozedura eguneratuko du. Halaber, sektoreari ziurtasun handiagoa emateko asmoz, Europako Batasuneko herrialdeei eskatuko zaie zehaztu dezatela zeintzuk diren euren asmoak legediari eta proiektu eolikoen zabaltzeari begira.

Itsasoko proiektu eolikoak ere bizkortu nahi ditu Europako Batzordeak, «ezinbestekoa izango baita deskarbonizaziorako beharrezkoa izango den energia iturrien nahasketan». 2022ra arte, Europako Batasunean 16,3 gigawatteko potentzia ahalmeneko proiektuak zeuden ezarrita, eta 111 gigawatt ezartzeko konpromisoa hartua dute herrialdeek: «Tarte hori estaltzeko, urtean 12 gigawatt ezarri beharko lirateke; iaz instalatu ziren 1,2 gigawattekin alderatuta, hamar aldiz gehiago, alegia».

Europako Batasunean, batez beste kontsumitzen den energiaren %16 eolikoa da, eta egun askotan ia herena ere izaten da. 250 fabrika daude EBn, eta 42.000 milioi euro inguruko ekarpena egiten dio Europako barne produktu gordinari. Halaber, 300.000 enplegu kualifikatu ditu sektoreak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.