Greba EAEko funtzioa publikoan

Sektore publikoa «berreskuratzeko» deia

Funtzio publikorako deitutako lehen greba egunak hezkuntzan eta garraioan izan du eraginik handiena, eta txikiagoa osasungintzan. Eusko Jaurlaritzak sindikatuei eskatu die «jarrera maximalistak» utzi eta negoziatzen jarraitzeko

Sindikatuetako ordezkariak Bilbon atzo eginiko manifestazioaren pankartari eusten. ARITZ LOIOLA / FOKU.
jokin sagarzazu
2023ko urriaren 26a
00:00
Entzun
«Haserreari» termometroa jartzea. Helburu hori ere bazuen Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako sektore publikoan atzo eginiko grebak, eta sindikatuen susmoa bete egin zen. Milaka langilek bat egin zuten deialdiarekin eta agertu zuten beren ezinegona. Deitzaileek azpimarratu zuten mobilizazioaren «arrakasta» erakundeentzat eta alderdi politikoentzat «ohartarazpen» bat dela politika publikoak aldatu ditzaten eskatzeko, zerbitzu publikoak defenda ditzaten exijitzeko eta «galdutakoa berreskuratzeko».

Deitutako bi greba egunetan lehenengoa izan zen atzokoa. Hurrengoa, abenduaren 19an izango da. Langile publiko guztiak zeuden deituta: Eusko Jaurlaritzakoak, aldundietakoak, udaletakoak eta Espainiako Estatukoak,152.000 guztira, eta haietatik milaka batzuek babestu zuten ELA, LAB, CCOO, Steilas, SATSE eta ESKren mobilizazioa. Erantzunari dagokionez, halakoetan ohi denez, sindikatuek emandako kopuruek eta Jaurlaritzarenak ez zuten bat egin. Lehenengoentzat «oso zabala» izan zen, eta bigarrenarentzat «apala».

Eskaera zerrenda jakin batekin irten ziren kalera sindikatuak. Nagusiki, sektore publikoaren langileen soldatak eta lan baldintzak «hemen» adostu ahal izatea eskatu zuten. Gogorarazi zutenez, Espainiako Gobernuaren erabakiz, duela hamar urte Madrilek zehazten ditu soldata igoerak, eta, hori dela eta, azken hamarkadan langile publikoek erosteko ahalmenaren %20 galdu dute. Erabakitzeko ahalmen hori berreskuratzea eta soldatak %10 igotzea galdegin dute. Horrekin batera, sektore publikoko lanpostuetan dagoen behin-behinekotasun tasa egungo %49tik % 8ra jaisteko eskatu dute; eta zerbitzu publikoen pribatizaziorako joera amaitzeko eta sektorea euskalduntzeko, besteak beste.

Sindikatuei erantzunez, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak beste behin argudiatu zuen erakundeen baliabideak mugatuak direla eta ez dagoela Jaurlaritzaren esku eskaera guztiak betetzea. «Lan arloko hobekuntza oro da desiragarria, baina errealitate ekonomikoaz eta administrazio bakoitzaren eskumenez jabetu behar gara». Horrez gain, berriro sakondu zuen funtzionarioek gainerako langileek baino baldintza hobeak dituztela dioen ideian. Horri heldu zion Josu Erkoreka lehendakariordeakere, eta «paradoxa» bat azpimarratu zuen: «Herritar gero eta gehiagok funtzionario izan nahi du, baina, hori lortu bezain laster, ez dago gustura». Jon Agirre Lan Harremanen zuzendariak, berriz, sindikatuei eskatu zien «jarrera maximalistak» alde batera uzteko eta Mahai Orokorrean eta sektoretako mahaietan negoziatzeko beren eskaerak.

Erantzuna eta protestak

Atzoko grebak, langile publiko gehien biltzen dituzten sektoreen artean, hezkuntzan izan zuen babes handiena: sindikatuentzat, %75etik gorakoa izan zen lehen eta bigarren hezkuntzan, eta EHUko hiru campusetan jarduera «oso urria» izan zen; Jaurlaritzaren arabera, oro har sektoreko langileen %40,6k bat egin zuten. Arlo horretan herenegun ere egin zuten greba, kasu horretan ELA, CCOO eta Steilasek deituta, eta sindikatuek %55eko parte hartzea zenbatu zuten, eta Jaurlaritzak %21 ingurukoa.

Gainerako sektoreetan, apalagoa izan zen erantzuna: Jaurlaritzaren arabera, administrazio orokorrean %12,07koa izan zen, osasungintzan %5,7koa eta segurtasunean %3,42koa. Sindikatuek ez zuten kopuru zehatzik eman hezkuntza ez beste sektoreei buruz, baina Osakidetzaren kasuan azpimarratu zuten gobernuak ezarritako gutxieneko zerbitzuek «erabat baldintzatu» zutela langileen hautua. Dena den, nabarmendu zuten lehen arretan babes zabalagoa izan zuela ospitaletan baino.

Udaletan eta foru aldundietan, berriz, grebaren erantzuna «oso zabala» izan zela azaldu zuten, bereziki hiriburuetan, eta udal batzuetan. Gipuzkoan, honako hauetan: Arrasate, Zarautz, Tolosa, Hernani, On?ati, Legazpi, Ordizia, Anoeta, Azpeitia, Getaria, Bergara eta Pasaia. Bizkaian, hauetan: Barakaldo, Bermeo, Ortuella, Trapaga, Markina, Lekeitio, Gernika, Basauri eta Igorre. Eta Araban Agurainen, Laudion eta Amurrion.

Komunikabide eta garraio publikoetan ere babes handia izan zuen grebak, «ia erabatekoa», sindikatuen arabera. EITBn, Jaurlaritzak ezarritako gutxieneko zerbitzuetan baino ez zuten lanik egin, informatiboetan soilik. Berdin garraio «ez-pribatizatuan». Bilboko Metroak, halere, azaldu zuen maiztasunak gutxieneko zerbitzuen halako bi izan zirela.,

Administrazio orokorrean eta justizian, berriz, sindikatuek azaldu zuten erantzuna «zabala» izan zela, «baina aldakorra herrialdeen eta esparruen arabera». «Apalagoa» izan zen Espainiako administrazioko langileen artean.

Horrez gain, arazo batzuk egon ziren atzo hiriburuetako sarrera-irteeretan, bereziki goizeko lehen orduetan. Segurtasun Sailak jakinarazi zuenez, piketeek trafikoa eten zuten Bilbon, baina ez zen «aparteko istilurik» izan. Gasteizen, grebalari talde batek manifestazioa egin zuen Jaurlaritzaren Lakuako egoitza nagusiaren aurrean, eta horrek eragina izan zuen hiriko autobus geltoki nagusiaren funtzionamenduan. Beste talde batek manifestazioa egin zuen Forondako Atetik, eta horrek trafiko etenak eragin zituen hiriko sarrera-irteeretan. Gipuzkoan, garraio publikoko zerbitzuen murrizketaren ondorioz, pertsona askok autoa hartu zuten Donostiara joateko, eta horrek «kolapsoa» eragin zuen hiriko sarbide nagusian, Loiolako Erriberetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.