Pertsona bakoitzari egokitutako botikak eta tratamenduak sortzea bihurtu da sendagaien industriaren erronka nagusietako bat azken urteetan, eta Euskal Herrian ere alorreko enpresak urratsak egiten ari dira bide horretan. Haiei bultzada bat emateko, Eusko Jaurlaritzak 72 milioi euro jarriko ditu datozen hiru urteetan. Euskadi 2030 Industria Planaren hirugarren proiektua da; lehenengoak aeronautikaren sektorearekin du lotura, eta bigarrenak, robotikarekin.
Hirugarren egitasmoa Arabako Parke Teknologikoan aurkeztu dute gaur, I+Med taldearen egoitzan. Proiektu horren ardatza hidrogel adimendunak garatzea eta ekoiztea izango da: substantzia horiek gai dira farmakoak, molekula biologikoak eta material genetikoa modu kontrolatuan askatzeko, eta, horri esker, tratamendu zehatz eta eraginkorragoak aplikatu daitezke.
I+Med izango da proiektuaren bultzatzaile nagusia, baina ez dago bakarrik: hamar enpresa izango ditu inguruan, horietatik bost enpresa txiki eta ertainak, eta Basque Health Clusteren babesa izango dute. Horrez gain, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko bederatzi zentro teknologikok parte hartuko dute, tartean Gaiker Fundazioak eta CIC Biomagunek.
Azaldu dutenez, hiru urtean 602 lanpostu sortzea aurreikusten dute, 232 zuzenekoak eta 370 zeharkakoak. Halaber, azpimarratu dute lanpostu horiek «kualifikazio handiko profilei» lotuta egongo direla, hala nola nanoteknologiari, bioteknologiari eta industria aurreratuei.
Gaur egun Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako industria biosanitarioak ia hirurehun enpresa eta 6.000 langile inguru ditu, eta urtean 1.160 milioi eurotik gora fakturatzen dute.
Erakartzeko ahalmena
Mikel Jauregi Eusko Jaurlaritzako Industria sailburuak azpimarratu duenez, sektore biosanitarioa asko hazten ari da azken urteetan, eta «trakzio ahalmen handia» du. «Proiektu hau gure zientzia, teknologia eta industriaren arteko batasunaren adibide da, industria sare berri bat sortzeko elkarlanean ari baitira».
Antzera mintzatu da I+Med enpresako zuzendari Manu Muñoz. Hark adierazi du nanomedikuntza pertsonalizatua etorkizuneko medikuntzaren oinarrietako bat izango dela, eta nabarmendu du gaur aurkeztutako proiektuak aukera emango duela «balio kate osoa herrialdean bertan garatzeko», ikerketatik hasi eta ekoizpeneraino. «Oinarriak jartzen ari gara Euskadi munduko erreferentzia izan dadin nanomedikuntzan».
Vivebiotecheko Gurutz Linazasorok, berriz, adierazi du enpresa eta sektoreen arteko lankidetzari esker «gaitasun teknologiko berriak garatzeko» aukerak sortuko direla. Horren harira, RPK ingeniaritza kooperatibako Eduardo Melonek gogoratu du haiek autogintzaren sektorean aritzen direla nagusiki, baina halako proiektuek aukera ematen dietela beren negozioa dibertsifikatzeko.