Sestaoko Vicinay Marine enpresa erosteko hautagai bat azaldu da, eta gertu, gainera. Damaso Quintana Haizea Wind enpresaren sortzaile eta presidenteak 60 milioi euroko eskaintza aurkeztu du. Metalezko kateak eta amarratzeak egiten ditu Vicinayk, eta uztail amaieratik konkurtsoaren aurrekoan dago, pilatutako 140 milioi euro inguruko zorra ezin ordainduta. Sestaoko eta Galdamesko plantetako produkzioa etenda dago, eta hango 200 langileak enplegua aldi baterako erregulatzeko espediente batekin daude etxean. Gutxienez, bi hilabeteko soldatak zor dizkie enpresak.
Taldea erosi nahi duen hautagaiak gertu dauka bere bulegoa, Bilboko portuan. Vicinay Marineren jarduna eta haren enpresarena bateragarriak dira. Lehenak kateak ekoizten ditu, besteak beste itsasoko haize errotentzat, eta bigarrena, hain justu, teknologia horretan espezializatuta dago.
Quintanaren eskaintzak Vicinay Marineren kapitala zabaltzea eskatzen du, eta bankuekin duen zorra berregituratzea, 100 milioi eurokoa. Quintanak erreskatea gauzatu dezan, ezinbestekotzat jo du horren parte handi bat barkatzea. SEPI Espainiako Industria Partaidetzarako Sozietate publikoarekin, berriz, 32 milioi euroko mailegua du Vicinayk. Horren itzulketa atzeratzea eta interesak murrizteko eskatu du.
Horrez gain, Quintanaren planak Eusko Jaurlaritzaren parte hartzea aurreikusten du, zazpi milioi eurorekin. Horietatik hiru milioi enpresaren kapitalean sartzeko erabiliko lirateke, eta gainerakoa, zorra berregituratzeko.
Langileak, itxaropentsu
Langile batzordeak jaso du eskaintzaren berri. Adierazi du «arnasa hartzeko aukera bat» dela, eta enpresaren itxierari izkin egiteko bidea irekitzen duela. Hala ere, ohartarazi du oraindik etorkizuneko plan industrialik ez duela jasotzen. Sindikatuek bilera eskatu diote Quintanari bere asmoak azaltzeko.
Vicinayk 400 langile baino gehiago ditu, eta, Bizkaiko bi lantegiez gain, Suedian, Brasilen eta Txinan ere baditu produkzio plantak. Enpresa historiko bat da: 1786. urtean Cecilio Vicinayk sortu zuen bere abizena zeraman lehen burdinola, Otxandion (Bizkaia).
Gaur egun, metalezko kateak eta amarratzeak egiten ditu garraio itsasontzi handientzat eta ur gaineko haize errotentzat, besteak beste. Enpresa, ordea, azken urteetan hainbat zailtasun ekonomiko izan ditu: pandemia, energia eta altzairu prezioen gorakada, eta itsasoko haize errota merkatuaren beherakada.
Â
Â
Â