Azken petroliontziak otsailaren 28an igaro zuen Ormuz, Iranek Persiar golkorako itsasartea itxi aurretik. Orduz geroztik, zamaontzi eta petroliontzi gutxi batzuk pasatu dira handik, Irango portuetatik abiatuta, eta Indiara eta Txinara joan dira petrolio eta deribatu gutxi horiek —hutsa ohiko bolumenarekin alderatuta—. Itsasartea otsailaren azken egunean igarotako petroliontzi hark asteburu honetan, hots, apirilaren 20an amaituko du bere itsasaldia, Australian.
Beraz, AEBek eta Israelek beren erasoak hasi zituztenean, eta Iranek Ormuz itxi, dagoeneko Persiar golkoko petrolio, gas eta deribatu mordoa zegoen handik at. Eta Asia, Australia eta Europan entregatzeko bidean bakarrik ez. Itsasoan ere, ontzietan erosle bila biltegiratutako produktuen inbentarioa handia zen martxo aurretik.
Horiek horrela, gatazka hasi baino lehen Persiar golkotik abiatutako petrolio eta zama ontzien entregek herrialdeetara iristen jarraitu dute gutxi-asko, eta itsasoan biltegiratutako produktuak ere gehitu zaizkie haiei. Eta, jakina, kopuru horiei gaineratu behar zaie OCDEko herrialdeek beren petrolio erreserba estrategikoen zati bat merkaturatzeko erabakia ere.
Horri guztiari esker, petrolioa ez da neurririk gabe garestitu oraindik, nahiz eta, salerosketa jakin batzuetan, egun hauetan upeleko 145 dolarreko kopuruak ikusi. Merkatuetan,apirilaren 8an su etena hitzartu zenetik, Brent upelaren gerokoak 100 dolar baino merkeago salerosten dira.
Eskariaren suntsitzea
Horrek ez du esan nahi erregaiak garestitu ez direnik, ekonomiarikalteeginez zaionik eta inflazioa handitu ez denik. Murrizketa eragin du eskarian ere, eta horrek ere atxikipena ekarri du upelaren prezioan.
IEAren aurreikuspenen arabera, petrolio eskaria egunean 80.000 upel jaitsiko da 2026an eskasiaren ondorioz. Aldaketa handia da, duela hilabete IEAk aurreikusi baitzuen aurten petrolio eskaria 730.000 upel handituko zela egunean.
Urteko bigarren hiruhilekoan 1,5 milioi upeleko murrizketa aurreikusi du IEAk, COVID 19az geroztiko handiena. LPEE Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundeak ere aurreikusi du eskaria murriztuko dela bigarren hiruhilekoan, baina bere horretan utzi ditu urte osorako eskariari buruz aurretik egindako iragarpenak.
6Zenbat asterako hegazkin erregai daukan Europak. Petrolioak eta gasak baino gehiago, haien deribatuen eskasiak sortu du kezka handia, hala nola hegazkinetarako erregaiak. Erresuma Batuak, esaterako, Ekialde Hurbiletik inportatu ohi du hegazkinetarako erregaiaren erdia, eta Saudi Arabiatik apirilaren 7an iritsi zitzaion azken ontzia. Italia iparraldeko lau aireportutan ere erregaiaren kontsumoa mugatzen hasi dira. IEAk dio Europan sei asteetarako hegazkin erregaia dagoela. Dena den, adituek gogoratu dute Europak erregai horien erreserba estrategikoak dituela behar izanez gero.
IEAk azaldu duenez, murrizketarik handienak Ekialde Hurbilean eta Asia-Pazifikoan gertatu dira oraingoz, batez ere naftarena, petrolio gas likidotuarena eta hegazkinentzako erregaiena.
Munduaren alde horrek dauka Persiar golkoko ekoizpenen menpekotasunik handiena, eta hura izan da eskasia eta erregai garestien kolpea igartzen lehena: Japonia, Hego Korea, India, Pakistan, Bangladesh... Vietnamen, Indonesian eta Filipinetan, gobernuek etxetik lan egiteko agindua eta lau eguneko lan asteak ezarri dituzte.
Europako Batasunak datorren astean aztertuko du antzeko neurriak hartzea, Europa bera oraintsu hasi delako bete-betean antzematen Ormuzko itsasartearen itxieraren ondorioak. Hurrengo asteburuan dute bilkura EBko estatuburuek, eta Europako Batzordeak proposatuko dizkien neurrien artean dago garraio publikoa diruz laguntzea eta lan asteko egun bat derrigorrez telelanean egitera behartzea, ahal den kasuetan.

Ormuzko itsasartearen blokeoak bere horretan jarraitzen badu, eta Europak erreserba estrategiko gehiago atera gabe, gutxi gorabehera maiatz bukaera arteko koltxoia duela kalkulatzen dute aholkularitza gehienek. Hots, shocka xurgatzeko gaitasunak muga bat du, eta muga hori gero eta gertuago dago, betiere Ormuzek itxita jarraitzen badu.
Funtsean, hortxe dago, ekonomiaren ikuspegitik, krisi honen gakoa: zenbat irauten duten Iranen itxierak eta AEBen blokeoak. Itxaropentsuenek espero dute korapiloa laster askatzea. Baina orain artekoak ikusita, ezin baztertu esku hartze militar gehiago izatea munduko petrolioaren eta gasaren %20 ekoizten duen eskualdean. Hainbat gairen eskasia, kolpea, askoz gogorrago sentituko litzateke orduan.
bonbek hondatutako azpiegiturak
JP Morgan bankuaren analisi baten arabera, gatazkako lehen sei asteetan 60tik gora azpiegiturari egin diete eraso droneek eta misilek Persiar golkoan, eta haietatik 50 inguruk izan dituzte kalteak. Analisian diotenez, gehien-gehienetan konpontzeko ez litzateke denbora luzerik beharko, baina zortzi azpiegituratan kalteak larriak dira.
Ras Laffango gas eta petrolio hobia da horietako bat. Qatarrek berak aitortu zuen urteak beharko dituela petrolio ustiaketan galdu den %17ko ahalmena berreskuratzeko. Bahraingo Sitra findegia da beste bat, zeinari birritan egin dioten eraso.
Findegiak jomuga garrantzitsua izan dira erasoetan: hogei inguru bonbardatu dituzte. JP Morganen kalkuluen arabera, haien ekoizpen ahalmena 2,4 milioi upel apaldu da. Batzuk hasiak dira lanean, eta badira geldirik daudenak, badaezpada. 900 kbd berreskuratzeko (kbd, eguneko mila upel), aste batzuk beharko lirateke, eta hilabete inguru beste 800 kbd ekoizten hasteko. Baina falta diren 700 kbd-ak berreskuratzeko denbora gehiago beharko da, hain zuzen, Sitrako findegian eta Iranen Teherango findegian.
IEA Nazioarteko Energia Agentziak emandako azken datuen arabera, Persiar golkoan erasoek kalte egindako energia instalazioak 80tik gora dira, eta haien herenek dituzte kalte larriak. Zenbaitzuek bi urte beharko dituzte berriz bete-betean jardun ahal izateko.