Hiru aste pasatu dira Comunitat Palestina de Catalunya elkartearen salaketaren eraginez Jose Antonio Jainaga Sidenorreko presidenteak eta Basauriko altzairutegi horretako zuzendaritzako beste bi kidek Espainiako Auzitegi Nazionalean deklaratu zutenetik. BERRIAk argitara atera zuen Sidenorrek 42 aldiz bidali ziola altzairua Israelgo IMI Systems konpainiari, eta bidalketa horietatik 33 egin zirenean Gazako sarraskia hasita zegoela; bada, epailea ikertzen ari da altzairutegiak legea urratu zuen ala ez. Aranda (Santa Coloma de Gramanet, Katalunia, 1992) da akusazioko abokatua, eta auzia zertan den azaldu du.
Zertan da auzia oraintxe bertan?
Kasua instrukzioan dago, eta epailea zantzuak biltzen ari da argitzeko deliturik dagoen ala ez. Hasiera-hasierako fase batean gaude, eta, beraz, oraindik ezin da esan epaiketarik izango ote den. Guk, esaterako, helegiteak aurkeztuko ditugu, eta Espainiako Gobernuak Nazioarteko Zigor Auzitegiarekin zer duen lotura azaldu, uste baitugu Sidenor konplizetzat jo daitekeela. Halaber, eginbide batzuk eskatuko ditugu argitzeko Sidenorreko zuzendaritzako kide bakoitzak zer erantzukizun duen.
Bi akusazio daude Sidenorren aurka: kontrabandoa eta genozidioan kolaboratu izana. Baduzu azaltzerik bakoitza zertan oinarritzen den?
Instrukzioaren amaieran jakingo dugu akusazioak zeintzuk diren. Kontrabandoa legedia ez betetzeagatik egiten den delitu bat da. Europak arau zehatzak ditu bi erabilera izan ditzaketen materialak saltzeko. Bi erabilera izateak esan nahi du erabilera zibila eta militarra izan dezaketela. Material horien zerrenda bat dago, eta, hartan ageri den material bat saldu nahi izanez gero, igortzaileak baimena eskatu behar du. Zer gertatu da hemen? Bidalitakoa altzairu ez-aleatua zen, eta ez zen ageri baimena behar duten materialen zerrendan, baina armamentu militarra bakarrik ekoizten duen enpresa bati bidali zioten: IMI Systemsi. Ez dago zalantzarik altzairu hori helmugan aleatuko zutela, armak ekoizteko. Halako kasuetarako, pauso jakin batzuk jasotzen dira legedi komunitarioan eta Espainiakoan, eta, gure ustez, bete beharrekoak dira, aurretik jakiteko baimena beharrezkoa den ala ez.
Kasu horretan, Sidenor ez zen ekintza neutral bat egiten ari; izan ere, nora-eta mundu osoaren aurrean genozidio bat egiten ari zen herrialde batera bidali zuen altzairua. Zehatzagoak izanda, defentsarako edo erabilera militarrerako materiala baino ekoizten ez duen enpresa bati bidali zion. Alegia, Sidenorrek bazekien zein izango zen altzairu horren helmuga. Baimena behar zuen ala ez argitzea auzi legal konplexua da. Kontrabandoa den argitu beharko da, baina, gure ustez, ez dago zalantzarik konplizitate ekintza bat dela nazioartearen aurkako delitu batean. Gizadiaren aurkako krimen bat da hori.
«Bidalitakoa altzairu ez-aleatua zen, eta ez zen ageri baimena behar duten materialen zerrendan, baina armamentu militarra bakarrik ekoizten duen enpresa bat bidali zioten: IMI Systemsi. Ez dago zalantzarik altzairu hori helmugan aleatuko zutela, armak ekoizteko»
Jainagak hori deklaratu zuen epailearen aurrean, ez zuela baimenik eskatu behar.
Ez gaude ados. Batetik, enpresek kontuan hartu behar dute zer material esportatzen duten eta nori bidaltzen dioten; badute erantzukizuna horretan. Are gehiago kontuan izanda enpresa horrek, besteak beste, misilak bidaltzeko plataformak ekoizten dituela eta Israelek ez duela inoiz argitu arma nuklearrak dituen ala ez. Sidenorrek egin behar zuen gutxieneko keinua zen aurretik informazioa eskatzea: «Aizue, enpresa militar bati altzairua bidaltzen ari gara: baimena behar dugu ala ez?». Europako legedian zehazten da bidalitako materiala erabilera militarrerako lehengaien zerrendetan ez agertuta ere gobernuek zenbaitetan badutela aukera konpainia bat baimena eskatzera behartzeko. Eta lege horretan esaten da gobernuak espresuki baimena eskatzen ez badu enpresak berak galdetu behar diola administrazioari baimen berezia behar duen ala ez. Alegia, guk uste dugu Sidenorrek behar beste ezagutzen dituela merkatua eta haren barneko eragileak, eta, beraz, baduela modua ohartzeko bere ekintzak ez direla kalterik gabekoak; ondorioz, pentsatzen dugu bazekiela zenbait mekanismo aktibatu behar zituela jakiteko zuzen jokatzen ari zen ez ala ez.
Zuek nabarmendu duzue Israelen bertan ere aleatu zitekeela Sidenorren altzairua.
Gakoa da altzairua erabilera militarrerako baldin bada neurri batzuk hartu behar direla. Aleatua izatea funtsezkoa da, adibidez, tankeak egiteko. Baina aleatzea urtze eta nahasketa prozesu bat baino ez da, eta, inork ez bazion aleazio altzairurik saltzen Israelgo enpresa horri, logikoena da aleatu gabeko altzairua erostea eta berak aleatzea. Kasu horretan, gure ustez alde politiko edo etiko bat dago, enpresa transnazionalek badutelako entzukizunik nazioarteko komunitateari dagokionez. Giza eskubideak aldarrikatzean, asko aipatzen ditugu estatuak, eta haiei eskatzen diegu nazioarteko zuzenbidearen aurkako ekintzak eteteko. Baina enpresek ere badute erantzukizuna, mundu are globalizatuago batean, enpresei eskatu behar zaie beren negozioen gaineko erantzukizuna hartzeko.
Zuk diozunari erreparatuta, deigarria da epaileak bere probidentzian nola nabarmentzen duen Sidenorrek ezin zuela ezjakinarena egin genozidioaren inguruan. Ohikoak dira horrelakoak?
Guretzat, probidentzian esaten dena oso zuzena da, Gazan gertatzen ari dena aski ezaguna baita; beraz, enpresa militar bat altzairuz hornitzen baduzu, orduan genozidioa armaz hornitzen ari zara, eta konplizea zara. Israelgo arma enpresa bat hornitzea ez da ekintza neutrala, eta Sidenorrek badaki.

Jainagak adierazi zuen bere konpainiako altzairua ez zela helburu militarretarako erabili. Posible al da? Nolako enpresa da IMI?
Egia esan, orain arte Jainagak ez du esan altzairu horrek ez duenik erabilera militarrik izan. Haren ezaugarriei erreferentzia egin zien. Baina IMIn ez da posible beste erabilerarik izatea. Armak baino ez ditu ekoizten: munizioa, misilak jaurtitzeko plataformak, gerra ibilgailuak, armak… Ez du erabilera zibileko ezer ekoizten.
Genozidioa indarrean zela, 33 altzairu bidalketa egin zituen Sidenorrek. Kontrol sistemak ez du inolako alarmarik pizten horrelakoetan?
Kontrolak malguak dira. Bidalketa horiek ezkutatzea oso zaila izango zen, baina haien inguruko kontrolak hutsaren hurrengoa dira. Dagoeneko jakina da Sidenorrek zenbat altzairu bidali zuen [5.000 tona] eta IMIk zenbat ordaindu zuen bidalketa bakoitzagatik [5,8 milioi euro guztira]. Harrigarria iruditzen zaigu aduanetan ez ohartu izana bidalketaren helburua armagintza enpresa bat zela, genozidio bat egiten ari zen herrialde batekoa. Horri dagokionez, axioma hau aplikatzen dugu: «Ez egotzi beti maltzurkeriari ergelkeriari egotz diezaiokezun hori».
Jainagak ez zien erantzun zuen galderei. Zer galdetu nahi zenioten?
Haren deklarazioan harritu gintuzten gauzetako bat zera izan zen, esan izana bidalketa hori Sidenorren urteko ekoizpenaren %0,2 zela bakarrik, eta bera bezerorik handiekin baino ez zela biltzen. Baina nahiz eta IMI bezero handia ez izan eta horregatik harekin ez bildu, galdetu nahi genion Sidenorrek zer kontrol mekanismo ezartzen dituen horrelako zerbaitek ihes ez egiteko.
«Dagoeneko jakina da Sidenorrek zenbat altzairu bidali zuen eta IMIk zenbat ordaindu zuen haren truke. Harrigarria iruditzen zaigu aduanetan ez ohartu izana bidalketaren helburua armagintza enpresa bat zela, genozidio bat egiten ari zen herrialde batekoa gainera»
Ohikoa al da epailea hain urrun iristea ikerketetan?
Tamalez, Espainian oraindik ez da batere ohikoa enpresariei kontuak eskatzea atzerrian duten jardunarengatik, are gutxiago periferiako herrialdeetan baldin bada. Kasu jakin batzuk egon dira enpresen aurka, baina gehiago dira ustelkeria kasuak, zergak ez ordaintzeari lotuak… Baina, guretzat, auzi historikoa da hau, hau da, enpresari bat ikertzea giza eskubideak urratzeagatik, kasu honetan Gazako genozidioarengatik.
Uste duzu gizartearen presioak eragina izan duela epailearengan?
Deitu presio soziala, deitu sentsibilizazio handia, baina ezinbestekoa izan da. Palestinaren inguruan sortu den sentsibilitatea oso garrantzitsua da horrelako kasuek amaiera egokia izan dezaten. Elkarteek, Euskal Herriko BDZrekin batera, kanpaina egin zuten sindikatuek jakin zezaten zertan zen Sidenorren egoera. Uste dut kereila jartzen ari ginela zabaldu izanaren eta sindikatuek eginiko presioaren ondorio dela Jainagaren atzerapausoa.