2023ko otsailetik 2025eko ekainera, Sidenorrek 42 aldiz bidali zion altzairua Israel Military Industries (IMI) enpresa israeldarrari, hark armak ekoitzi zitzan. Bidalketa horietatik 33 2023ko azarotik aurrerakoak dira, hau da, Gazako genozidioa hasi ostekoak, BERRIAk jakin ahal izan duenez. Orain arte zabaldutako informazioen arabera, lau bidalketa egin zituen Sidenorrek, baina kopuru hori askoz ere handiagoa izan daiteke. Espainiako Poliziak Auzitegi Nazionalera igorritako txostenaren arabera, guztira 4.587 tona altzairu bidali zituen enpresak, eta 5,8 milioi euro jaso zituen trukean.
Espainiako Auzitegi Nazionala Sidenorreko zuzendaritzako hiru kide ikertzen ari da: Jose Antonio Jainaga presidentea, Marco Pineda zuzendari orokorra eta Iñigo Molero zuzendari komertziala; bihar dira epailearen aurrean deklaratzekoak. Kontrabandoa eta gizateriaren aurkako delitu bat egotzi die epaileak. Autoaren arabera, enpresak «behin eta berriz» bidali zuen altzairua Israelera, jakinik «erosleak askotariko armak fabrikatzen» dituela eta altzairua horretara bideratuta zegoela; eta Espainiako Gobernuari «dagokion baimena eskatu gabe eta dagokion erregistroan izena eman gabe».
Azken karga ekainean
Ikerketa Comunitat Palestina de Catalunya-Terra Santa elkartearen kereila baten ondorioz zabaldu du Espainiako Auzitegi Nazionalak. Kereila hori aurkeztu zen egunetan, Sidenorren 122 tona altzairuko zama bat zegoen prest Bartzelonako portuan uztailean igortzeko. BERRIAk eskuratutako informazioaren arabera, material hura ez zen itsasoratu: ekainaren amaieran prest zeuden 18.718 kiloko karga bat eta 104.230eko beste bat, baina bi bidalketa horiek bertan behera geratu ziren —2024ko ekainean ere beste bidalketa bat baliogabetu zuten—. Hain justu, Sidenorrek uztailean iragarri zuen Israelekiko komertzioa etengo zuela.
Garai bertsuan, Irlandako The Ditch komunikabideak argitaratu zuen Sidenorrek iazko abuztutik gutxienez lau altzairu karga bidali zituela Israelera, Haifako portura; 1.200 tona inguru ziren guztira. Bada, Espainiako Poliziak auzitegira igorritako informazioaren arabera, askoz bidalketa gehiago egin zituen Sidenorrek: iazko abuztutik 21 karga igorri zizkion IMI enpresari, eta 2023ko otsailetik, 42.
2023an zehar, karga txikiagoak bidali zituen: 68.260 kilokoa izan zen handiena, baina hiru bidalketatan 10.000 kilo baino gutxiago igorri zituen. Aldiz, bidalketa handienak harreman komertzial horren azken txanpan egin zituen: aurtengo apiriletik ekainera igorritako zazpi kargatik lau 300.000 kilotik gorakoak izan ziren; handiena, azkena, 363.906 kilokoa, ekainaren 12an.
Jainagak bihar deklaratuko du
Espainiako Auzitegi Nazionalaren ikerketa eta deklaratzera joateko deia garai arantzatsuan datoz Jainagarentzat. Denbora luzez negoziatzen aritu ondoren, Talgo tren konpainia eskuratzeko operazioa itxi zuen aurreko astean. Sidenorrek, Eusko Jaurlaritzak eta BBK eta Vital fundazioek Talgoren akzioen %29,76 erosteko tratua sinatu zuten Pegaso funtsarekin, eta ezustekorik ez badago, konpainiaren kontrola eskuratuko dute aurki. 156,7 milioi euro ordainduko dituzte, eta, beranduenik, 2026ko urtarrilaren 31n gauzatuko da erosketa.
Espainiako Gobernua ere izango da akziodun (%7,8), SEPIren bitartez: 45 milioi jarriko ditu kapital handitze batean, eta beste 30 milioi akzio bihurtu daitezkeen mailegu baten bitartez. Madrilen parte hartzea ezinbesteko baldintza zen Talgoren banku hartzekodunentzat, enpresaren 400 milioi euroren zorrak berriro finantzatzeko.
Hala ere, oraindik ere Talgoren erosketa operazioa ez da gauzatu. Talgok akziodunen ezohiko batzar bat egin behar du, bere kapitalean Sidenor buru duen partzuergoaren eta Espainiako Gobernuaren sarrera baimentzeko.
Edonola ere, Eusko Jaurlaritzak ohartarazi du Espainiako Auzitegi Nazionalaren ikerketak ez duela eragotziko Talgoren operazioa aurrera eramatea, gai batek eta besteak ez dutelako zerikusirik. Baina epailearen aurrean deklaratu ondoren, Jainagarekin bilduko dela eta azalpenak eskatuko dizkiola adierazi du.