Sidenorrek itxi egingo du Azkoitiko lantegiko ijezketa trena

Produkzioa bateratuko du Reinosako plantarekin, eta 36 lanpostu hara eramango ditu. Enpresak dioenez, «merkatuaren egoerak behartuta» hartu dute neurria.

Langileen elkarretaratze bat, Sidenorrek Azkoitian duen plantaren aurrean. UROLA KOSTAKO HITZA
Langileen elkarretaratze bat, Sidenorrek Azkoitian duen plantaren aurrean. UROLA KOSTAKO HITZA
gotzon hermosilla
2026ko martxoaren 5a
15:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Sidenorrek iragarri du ijezketa trena itxi egingo duela Azkoitiko lantegian (Gipuzkoa). Asmoa da produkzioa Reinosako plantarekin (Kantabria, Espainia) bateratzea. Enpresaren esanetan, «merkatuaren egoerak behartuta» hartu dute neurria: «Eskaeren jaitsierak hainbat urtez iraun du, eta jadanik egiturazko bilakatu da».

Enpresak azaldu du ez duela «neurri traumatikorik hartuko» eta langileek lanpostuari eutsiko diotela, baina 36 lanpostuak Reinosara eramango ditu, Azkoititik berrehun kilometro baino gehiago dagoen lantegira.

Aspalditik datoz Sidenorren ijezketa trenen arazoak. 2022ko urrian, antzeko neurria hartu zuten, baina kontrako noranzkoan: Reinosako trena gelditu, eta produkzioa Azkoitian bateratu zuten, sei hilabetez hasieran eta epemugarik gabe geroago. Urtebete geroago, berriz, ostera ere ekin zioten produkzioari Reinosako lantegian, 2024rako zeuden aurreikuspen onek akuilatuta. Aurreikuspen horiek ez ziren bete, eta enplegua erregulatzeko espedientea ezarri zuten bi lantegietan.

Geroztik, eta enpresaren esanetan, «barne mailako malgutasun neurriak» hartuta ahalegindu dira egoerari buelta ematen, oraingo abagunera iritsi arte: «Produkzioaren eta antolaketaren ikuspegitik, dagoen lan kargak ez du justifikatzen bi trenen jarduerari eustea».

Erabakiaren berri eman diete langile batzordeari eta enpresan ordezkaritza duten sindikatuei. Lehen balorazio batean, CCOO, UGT eta LSB-USOk esan dute «kezkagarria» dela enpresaren iragarpena, Azkoitiko plantaren etorkizuna bera auzitan jar dezakeelako. 

250 bat langilek dihardute beharrean Azkoitiko lantegian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.