Jose Antonio Jainaga Sidenoreko presidenteak apelazio errekurtsoa jarri du Espainiako Auzitegi Nazionalean, otsailaren 10ean Espainiako Poliziak enpresaren egoitzan egindako erregistroa eta miaketa baliogabetzeko. Argudiatu du neurriak ez duela lege oinarririk eta bere oinarrizko eskubideak urratu dituela.
Duela bederatzi egun poliziak Sidenorren Basauriko (Bizkaia) instalazioetara joan ziren, altzairu ekoizleak Israelen egindako salmenten inguruko ikerketari lotutako dokumentazioa biltzera.
Urrian, Francisco de Jorge epaileak Jainaga eta Sidenorreko beste bi buruzagiren aurkako ikerketa bat abiatu zuen, Israeli altzairua saltzeagatik kontrabandoa egin izana eta gizateriaren aurkako delitu batean konplize izatea leporatuta.
Azaroaren 12an, epaile horren aurrean deklaratu zuen Jainagak eta argudiatu zuen ez zuela debekurik hautsi Israeli altzairua saldu zionean, esportatutako altzairua ez zegoelako administrazioak kontrol berezipean jartzen dituen produktuen artean.
Egoitza miatu aurretik, epaileak bere iritzia eskatu zion Fiskaltzari, eta hura aurka azaldu zen. Erregistroa egitea «neurriz kanpokotzat» jo zuen, etxebizitzaren bortxaezintasunaren oinarrizko eskubidea urratu zezakeelako. Baina bereziki akusazioaren muina zalantzan jarri zuen: ikerketa kontrabando delitura mugatzea proposatu zuen, bazter utzita gizateriaren aurkako edo genozidioari lotutako akusazioa. Fiskaltzaren ustez, horretarako beharrezkoa da Fiskaltzak edo zuzenean kaltetutakoek salaketa bat jartzea; ez da aski, kasu honetan bezala, herri akusazio batek egitea.
Hain zuzen ere, Palestinar Komunitatearen Kataluniako Elkartea-Terra Santa elkarteak jarri zuen salaketa. David Aranda abokatuak salaketaren nondik norakoak azaldu zituen BERRIAri emaniko elkarrizketa honetan.