Urte luzez galera ugari izan dituen konpainia hori arnasa hartzen hasi da. Siemens Gamesak 260 milioi euro galdu ditu 2026ko ekitaldi fiskalaren lehen seihilekoan —iazko urritik aurtengo martxora arte—. Hala ere, iazko aldi berean baino askoz gutxiago da hori (-%72), orduan 932 milioi euro galdu baitzituen. Euskal Herrian sortutako enpresa horrek 2026an «emaitza orekatua» izatea aurreikusten du.
Poliki bada ere, galerak apaltzen ari dira. Lehenengo seihilekoan 4.881 milioi euro fakturatu ditu, iaz baino %4,8 gutxiago. Jaitsiera apala da, eta konpainiak azaldu du aurreko urteetako aparteko gastu handiak —kaleratzeek, aktiboen salmentak eta negozioaren berregituraketak eragindakoak— desagertzen ari direla pixkanaka.
Azken urteetan 10.000 milioi eurotik gorako zuloa egin du konpainiak, batez ere lurreko haize errotekin izandako arazo teknikoen ondorioz. 4.X eta 5.X plataformen ekoizpena eten behar izan zuen, eta Siemens Energyk bere burua behartuta ikusi zuen Gamesa burtsatik ateratzera eta Alemaniako Gobernuari babesa eskatzera.
Susperraldiaren giltza lurreko energia eolikoan dagoela nabarmendu du. Siemens Gamesaren onshore negozioa izan zen krisiaren epizentroa, baina berriz ere eskaerak erakartzen hasi da. Azken hilabeteetan kontratuak egin ditu Euskal Herrian, Alemanian, eta bereziki Egipton. Guztira 130 haize errota egingo ditu, 780 milioi euroren balioa dutenak. Makina horietako batzuen osagaiak Asteasuko (Gipuzkoa) fabrikan egiten dira.
Eskaera horiek lotura dute konpainiak berritu dituen SG 5.0 eta SG 7.0 turbinekin. Hain zuzen, lehen enkarguetako bat Arabako Labrazako parke eolikorako izan da: Iberdrolak eta Eusko Jaurlaritzak sustatu dute egitasmoa, zortzi errota erabiliko ditu, eta azpiegiturak guztira 40 megawatteko potentzia izango du. Hemezortzi urteren ondoren Araban eraikiko den lehen parke eolikoa izango da.
Itsasoko eolikoetan behera
Dena den, datu guztiek ez dute goranzko joera erakusten. Oro har, eskaera berriak apaldu egin dira lehenengo seihilekoan: %27,4 gutxitu dira, 2.402 milioi euroraino. Horren arrazoi nagusia itsasoko energia eolikoan dago batez ere, offshore izenekoan. Iaz Siemens Gamesak kontratu erraldoiak eskuratu zituen Ipar Itsasoan —1.400 milioi euroko enkargu bat, besteak beste—, eta aurten ez du halako operaziorik egin.
Horren ondorioz, konpainiaren eskari zorroa ia 1.000 milioi euro txikitu da, eta 33.000 milioi euroan geratu da.
Edonola ere, Siemens Energy etxe nagusia baikor agertu da. Alemaniako taldeak irabaziak handitu ditu lehen seihilekoan, eta 2026rako aurreikuspenak hobetu ditu, bereziki energia sareen negozioaren indarrari esker. 1.443 milioi euro irabazi ditu, urtebete lehenago baino %128 gehiago.Â
2017az geroztik, Gamesa Alemaniako Siemens Energy multinazional handiaren parte da. Konpainiak 2.800 langile inguru ditu gaur egun Euskal Herrian, bost lantokitan banatuta: Zamudion eta Mungian (Bizkaia), Asteasun (Gipuzkoa), Sarrigurenen (Eguesibar, Nafarroa) eta Arazurin (Iruñea).
Â