Lan gatazka

Siemens Gamesako langileek bost greba egun iragarri dituzte

Etzi bilduko dira zuzendaritzarekin, bigarren aldiz, eta bihar, Maria Txibite Nafarroako lehendakariarekin. Etzi, greba egingo dute, bai eta uztailaren 23an, 29an, abuztuaren 6ean eta 7an ere.

Siemens Gamesako langileen batzordea, gaur, Nafarroako Gobernuaren egoitza aurrean. IñIGO URIZ / FOKU
joxerra senar
2020ko uztailaren 14a
14:24
Entzun

«Ez da gure arazo bat soilik, guztion arazoa da». Gaur, Siemens Gamesako langileek eskertu egin dute larunbatean milaka herritarrek elkartasuna adierazi izana, eta konpromiso horri eusteko beharra adierazi dute. Batetik, Siemens Gamesak funts publikotik milioika euro jaso dituelako eta, orain, «beste toki batera joatea erabaki duelako, ondorio pertsonalei eta lan arlokoei jaramonik egin gabe». Bestetik, kolore bateko eta besteko alderdiek energia berriztagarrien sektorea estrategikoa dela adierazten badute, hitzetatik ekintzetara pasatzeko dei egin dute.

Iragan astean helarazi zizkien langileei eta sindikatuei Siemens Gamesako zuzendaritzak kaleratzeen arrazoi teknikoak. Langileen batzordeak zuzenean zerbitzu juridikoei helarazi diote txostena, goitik behera azter dezaten. Hain zuzen ere, beste bilera bat izango dute etzi eguerdian, bigarrena. Egun horretan, greba egingo dute langileek, eta, halaber, beste lau greba egun iragarri dituzte: uztailaren 23an, 29an, abuztuaren 6an eta zazpian. Etziko bilera dela-eta, gainera, Sarrigurengo egoitza nagusian elkarretaratzea egingo dute langileek.

Bilerak eragileekin

Ez dira besoak gurutzaturik geratu. Bileraz bilera dabiltza, euren arazoa sozializatzen eta erabaki ahalmena duten eragileekin hitz egiten. Iragan astean, EH Bildurekin, Nafarroako Arartekoarekin, Agoizko alkatearekin eta Nafarroako Gobernuko ordezkaritzarekin elkartu ziren. Gaur, Geroa Baiko ordezkaritza batekin elkartuko dira, eta, bihar, Maria Txibite lehendakariarekin. Etzi, berriz, Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko lehendakariarekin bilduko dira, eta, ostiralean, Ahal Dugu-rekin. Azkenik, UPNrekin, PPrekin eta Ezkerrarekin ere elkartzeko asmoa dute.

«Ataka estuan gaude, eta konponbideak behar ditugu. Sobera daude hitz ederrak. Benetako konpromisoa eta ekintzak behar ditugu», esan dute, ozen. Azken egunetan azpimarratu bezala, Agoizkoa fabrika «gaztea eta produktiboa» da, zuzendaritzak dioenaren kontra. Gogora ekarri dutenez, alderdiek une oro kezka azaltzen dute deslokalizazioaren inguruan, eta berriztagarrien sektorea goraipatu ohi dute. Horregatik, uste dute ezin dutela «lantokia ixten utzi».

Oinarririk gabe

Siemens Gamesako langileen batzordean, ELAk sei ordezkari ditu, LABek lau, UGTk 2 eta CCOOk bat. Laurak elkartuta daude, eta salatzen dute ez dagoela oinarririk itxiera baterako. Lehenik eta behin, enpresak ez du galerarik; aitzitik, «ekoizpena beste lantoki batzuetara eraman nahian dabil gehiago irabazteko». Bigarrenik, azken egunetan adierazi bezala, gogora ekarri dute lan eskaria bermatuta zegoela 2021eko irailera arte. Halaber, argudiatu dute Agoizko fabrikak tamaina nahikoa duela pala handiagoak egiteko, eta haren eredua ez dela katalogotik at geratu. Gainera, zuzendaritzak produkzioari eusteko konpromisoa zuen, gutxienez 2021era arte; hala islatzen dute orain arteko bileretako aktek. Azkenik, zuzendaritzak SG155 prototipoa Agoitzen egiteko asmoa azaldu zuen, baina, azkenean, beste lantoki batzuetara eraman zuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.