Aulki huts batzuk aurkituko dituzte gaur Siemens Gamesako arduradunek, joan den astean aurkeztutako erregulazio espedientea negoziatzera agertzen dire- nean. Enpresa eolikoaren Espainiaren adarrean ordezkaritza duten lau sindikatuek iragarri dute ez dutela, printzipioz, dosierra negoziatuko, zuzendaritzak egin nahi dituen kaleratzeak justifikaezinak iruditzen zaizkielako.
Enpresak 6.000 langile bota nahi ditu mundu osoan, lan talde osoaren %23. Kaleratze horietatik, 155 dira Euskal Herrian: 92 Sarrigurengo ingeniaritza eta I+G zentroan (Eguesibar, Nafarroa), 48 Zamudioko egoitza nagusian (Bizkaia), 11 Aratzuri-Orkoiengo zentro logistikoan (Nafarroa), eta lau, berriz, Iruñeko Soltxateko industrialdeko biltegian. Siemens Gamesako langileek protesta egin zuten atzo lantoki horien aurrean, baita kaleratzerik jasango ez dituzten hiru produkzio plantetan ere: Agoitzen (Nafarroa), Mungian (Bizkaia) eta Asteasun (Gipuzkoa).
Elkarretaratzeek eta bost minutuko lanuzteek jarraipen handia izan zutela azaldu zuten lau sindikatu nagusiek. Protestak hasi besterik ez direla egin ohartarazi dute, eta datozen asteetan mobilizazioak areagotu egingo dituztela, «beste herrialde batzuetan bezala, langile guztientzako enplegua bermatuko dela ziurtatzeko».
Siemens Gamesaren egoitza nagusia Zamudion egon arren, erregulazio espedientearen bilerak Madrilgo bulegoetan deitu ditu zuzendaritzak. CCOOri bost ordezkari dagozkio negoziazio horretan eta launa UGTri eta ELAri; LABek ez du ordezkaririk, baina entzule gisa onartu dute.
Enpresaren aldetik hutsune nabari bat izango da, Xabier Bengoetxea orain arteko giza baliabideetako arduradunarena. Multinazionalak bota egin du, Vocento taldearen arabera, informazio nahasia eman zuelako kaleratzeen neurriari buruz. Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak haserrea adierazi zioten enpresari, aurretik enpresako iturriek iradoki zitzaizkien kaleratzeak baino askoz gehiago izan direlako azkenean iragarritakoak.
Kontratu mamitsuak lortzen ari den une batean dator Siemens Gamesaren birmoldaketa. Atzo iragarri zuen 113 haize errota jarriko dituela itsasoan, Danimarkan, Suediako Vattenfall argindar konpainia suediarraren hiru parketan. Astelehenean, berriz, 103 haize errota jartzeko kontratua lortu zuen, Thailandian. Merkatu kuota %19,3ra igo du, eta %30era ere iristen da offshore adarrean.
Siemens Gamesako sindikatuek uko egin diote kaleratzeak negoziatzeari
Lantokien aurrean bildu dira, inor botatzea ez dutela onartuko esateko. Bi kontratu handi lortu ditu enpresak azken egunotan, Danimarkan eta Thailandian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu