Lehenik ELAk egin zuen ohartarazpena, eta, orain, CCOOk eta UGTk gauza bera egin dute, nork bere aldetik. Azaroaren 21ean, etorkizunerako bideragarritasun plana aurkeztuko du Siemens Gamesak, eta orain mahai gainean diren jokalekuen inguruko kezka handia dute sindikatuek, galera handiak pilatzen ari baita konpainia. «Ez dugu gertaerarik aurreratu nahi, baina okerrenean jarri behar dugu», adierazi du Clara Fernandezek, CCOOren Siemens Gamesako idazkari nagusiak.
Irailaren 21ean, Siemens Energy taldeko presidente Christian Bruchekin elkartu ziren CCOOko eta UGTko ordezkariak. UGTren arabera, Bruchek aurreratu zuen 4.500 milioi euro ingururen galerak zituela taldeak, eta neurri handi batean Siemens Gamesaren gain jarri zen erantzukizuna. Halaber, bilera horretan onartu zen Siemens Gamesak uko egin ziola mila milioi eurorainoko lanari.
Iragan astelehenean biltzekoak ziren berriz, baina bertan behera geratu zen bilera. UGTko Mikel Tapiaren ustez, «oso sentsazio txarrak» eragiten dizkie horrek: «Ematen du moldaketa bat prestatzen ari direla, eta ez nuke baztertuko bulegoetan, fabriketan edo parke eolikoen mantentzean lan zama kentzea». CCOOk ere bilera hori kendu izana aurpegiratu dio enpresari, baina ez du zertan seinale txarra izan. «Atzetik presio politikoa dutela adieraz dezake».
EBren neurriak
Datorren asteartean, Europako Batzordeak industria eolikoarentzako laguntza sorta bat aurkeztuko du. Oraintxe, hiru ekoizlerik handienek galerak dituzte, sektoreko lehia teknologikoaren eta Asiako enpresen lehia desleialaren ondorioz. «Espero dugu laguntza paketeaz gain lan eredua aldatzea, sektoreko enpresek bertan ekoitzi ahal izatea erraztu dezaten», aipatu du Fernandezek. Haren esanetan, lurreko haize erroten enkanteetan, Europako araudiek ez dituzte behar bezala laguntzen, eta prezio merkeagoko lehiakide txinatarrek abantaila izan ohi dute. Alor horretan esku hartzea galdegin diote Bruselari: «Ekoizle guztientzako joko arau berak nahi ditugu».
Bruselatik etor daitekeen hauspo horren berri izan ostean, ia hilabete geratuko da. Azaroaren 15ean emaitzak aurkeztuko ditu Siemens Energyk, eta astebete geroago, azaroaren 21ean, Capital Market Day eguna izango da; kapital merkatuei etorkizuneko planak aurkezteko eguna. CCOOren arabera, egun horri begira hainbat jokaleku daude: onenean, bolada batez galerak izaten jarraitzeko asmoa izango du; okerrenean, lurreko haize errotak egiten diren fabrikak ixteko asmoa iragarriko du —onshore negozioa.
Hego Euskal Herrian, Siemens Gamesak 2.800 lagun ingururi ematen die lana, eta, kontuan izanik gehienbat lurreko haize erroten produkzioan eta diseinuan aritzen direla, baliteke kolpe latza hartzea. Goizegi da ezer baieztatzeko, baina seinale txarrak daude. Iragan astean, Reuters agentziak aurreratu zuen Siemens Energy Siemens Gamesaren fabrikak eta bulegoak ixtea aztertzen ari zela.
Mobilizazioak
Azaroaren 21eko egun erabakigarriari begira, zenbait gauza egin daitezkeela uste dute sindikatuek. «Ezin gara besoak gurutzatuta geratu», esan du Fernandezek. Alde batetik, dei egin diete datozen egunetan egingo dituzten batzarretan eta ondoren antolatuko diren mobilizazioetan parte hartzera.
Siemensek Gamesa erosi zuenetik, ezegonkortasun handia du enpresak, eta horrek denak langileei eurei ere eragiten die. «Azken bi urteetan presio handiarekin ari gara lanean, eta ziurtasunik gabeko etorkizuna dugu; ez dakigu zer gertatuko den», aitortu du Fernandezek.
Siemens Gamesari buruzko kezka azaldu dute CCOOk eta UGTk
Siemens Energyk bere adar eolikoaren bideragarritasun plana aurkeztu behar du azaroaren 21ean, eta sindikatuak beldur dira fabrikak eta bulegoak itxiko ote dituen galera handiei aurre egiteko

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu