Simaurrarena ez da kontu samurra

Abeltzaintza industrialaren adibide garbia dira Herbehereak. Eredu horrek etxaldeetan ongarri ugari kontzentratzea eragiten du, eta, hortaz, nitrogeno kantitate handiak isurtzea. EBko araudia betetzetik salbuetsita zegoen herrialdea, baina jada ez.

Herbehereetako nekazarien protesta ekintza bat, simaurra errepidera botata, artxiboko irudi batean. SEM VAN DER WAL / EFE
Herbehereetako nekazarien protesta ekintza bat, simaurra errepidera botata, artxiboko irudi batean. SEM VAN DER WAL / EFE
Igor Baigorri Perez (2)
2026ko martxoaren 1a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Oro har, zaila da abeltzainentzat simaurrarekin zer egin jakitea. Izan ere, abereen pixak eta gorotzak nitrogeno kantitate handiak isurtzen dituzte lurrazalera, eta ingurua kutsatzen dute. Etxalde txikietan arazoa txikia da, baina handietan, handia; eta zehazki, bada herrialde bat simaur gehiago hartu ezin duena. Herrialde horrek oso abeltzaintza eredu industriala du, etxaldeetan milaka abere, eta eremu berean pilatzen dira azienden minda asko. Gainera, herrialdea nitrogenoarekiko oso kaltebera da izatez, isuritakoa zuzenean uretara baitoa.

Herbehereak dira herrialde hori. Herritar bezainbeste abere daude han. Lehen baserri txikiak zirenak etxalde handiak dira orain: 1950eko hamarkadan, 400.000 etxalde inguru zeuden; orain, 50.000 pasatxo. Etxalde bakoitzean batez beste 10-12 behi zeuden, eta, orain, ehun baino gehiago. Europako haragi esportatzailerik handiena da, eta laugarrena esnekien esportazioan. Arrakasta horrek, baina, badu ifrentzua: kutsadura.

Orain arte, Herbehereak salbuetsita zeuden EB Europako Batasunaren nitrogeno emisioen araua betetzetik, baina, 2026an sartzearekin batera, emisioen muga errespetatu beharra dauka, eta eremu kalteberetan —Herbehereetan eremu gehienak hala dira—, gehienez 170 kilogramo nitrogeno isuri daitezke urtean hektareako, EBko beste herrialdeen moduan.

«Ura oso kutsatuta dago», ziurtatu du Hilde Anna van de Vries Herbehereetako Greenpeaceko nekazaritza jasangarriaren arduradunak. Haren arabera, EBk arrazoi horrexegatik ukatu dio Amsterdami salbuespen egoera luzatzeko egindako eskaera.

Patxiku Irisarri Nafarroako EHNEko idazkariaren hitzetan ere, «sekulako nitrogeno kontzentrazioa» dago Herbehereetan. Azaldu du itsas mailatik behera daudela herrialdeko eskualde asko, eta, hortaz, zona kaltebera ugari daudela bertan, isuritakoa zuzenean iristen baita uretara. Iazko urte hasieran, Herbehereetako auzitegi batek agindu zuen nitrogeno emisioak erdira murriztu behar direla 2030erako, nitrogenoarekiko kalteberak diren bi mila naturagunetan. Egin ezean, hamar milioi euroko isuna jarriko diote Herbehereetako Gobernuari.

«Erabaki zailak»

Hortaz, Herbehereek murriztu egin behar dituzte nitrogeno emisioak, baina ez dute eginkizun samurra. Greenpeaceko ordezkariaren arabera, «erabaki zailak oraindik hartzeko daude, eta arazoa zenbat eta gehiago atzeratu, orduan eta neurriak are drastikoagoak izango dira».

Aurreko gobernua hasi zen neurriak hartzen. «Bazegoen 25.000 milioi euroko aurrekontu bat, eta haren aurreko gobernuak bazuen plan on bat», esan du Van de Vriesek. Baina, haren arabera, azken koalizio gobernuak «ez du plan hura kontuan hartu, eta diru hori pikutara bota du». Van de Vriesek azalpena eman du: «Gobernuak teknologian jarri du arreta, eta ez dut uste irtenbidea hor dagoenik». Adituaren ustez, aldaketak estrukturala izan behar du; plan integrala eta ausarta behar da. «Gero eta argiago dago oraingo sistema ez dela jasangarria». Astelehenaz geroztik, Herbehereek gobernu berria dute, Rob Jetten liberala buru dutela.

Sektoreko enpresari handiak jo ditu Van de Vriesek larrialdi egoeraren erantzule gisa. Aitortu du azken urteetan nitrogeno emisioak murriztu egin direla zertxobait, baina epe luzera bestelako irtenbideren bat behar dela. «Gaur egungo sistema, laborarien lobby handien eraginez, gai izan da sektorea aldi berean jasangarriagoa eta errentagarriagoa egiteko. Baina kale itsu batean sartuta gaude. Eredua ez da ona, ez naturarentzat, ez klimarentzat, ezta nekazarientzat ere. Aurrera joateko modu bakarra arazoari era integral batean erantzutea da: laborari gehiago, haragi gutxiago eta landare gehiago».

«

Eredua ez da ona, ez naturarentzat, ez klimarentzat, ezta nekazarientzat ere. Aurrera joateko modu bakarra arazoari era integral batean erantzutea da: laborari gehiago, haragi gutxiago eta landare gehiago»

HILDE ANNA VAN DE VRIES Herbehereetako Greenpeaceko nekazaritza jasangarriaren arduraduna

Arazo hori ez da sortu egun batetik bestera. Herrialdeko abeltzainetako bat izan zen Jan Slomp, 1980ko hamarkadan, eta haren ikuspuntua eman du. «Bigarren Mundu Gerra amaitu eta 30 urte baino gehiagoz, Herbehereak oso arrakastatsuak izan ziren. Gobernuak nekazaritza zerbitzu oso onak eskaini zituen, eta asko handitu zen sektorea», hasi da.

Behiak Herbehereetako etxalde batean, Spaarndam herrian. REMKO DE WAAL / EFE
Behiak Herbehereetako etxalde batean, Spaarndam herrian. REMKO DE WAAL / EFE

Baina adierazi du 1970eko hamarkadaren amaieran diru laguntza horiek gutxitu egin zirela. «Hamar laboraritik bederatzik beste bizimodu bat aukeratu zuten orduan, eta geratu zirenak diru asko inbertitu zuten sektorean, bankuen laguntzaren bitartez, era masiboan. Automatizaziora jo zuten, eta lortu zuten ekoizpena lau aldiz handiagoa izatea lau urtean». Slompek azaldu du 1980ko hamarkadan arazoa handituz joan zela: «Emaitzak gero eta errentagarriagoak ziren industriarentzat. Laborariak ekoizpena handitzen jarraitzen zuten, baina hori guztia ongizate orokorraren, animalien ongizatearen eta ingurumenaren kaltetan izan zen».

Hala ere, Slompek esplikatu du handitzeko garaian «geldialdi bat» ere izan zela: Europak kuotak jarri zituenean. «Animalien ongizateari gehiago erreparatu zitzaion, baita simaurraren kudeaketari eta ingurumenari ere. Eta horrek etxaldeen kapitalizazioa eragin zuen, hau da, balio handiagoa hartu zuten, eta, luzera begira, etxalde txikiagoak izan dira kaltetuak. Bankuentzat oso onuragarriak izan ziren kuotak».

«Emaitzak gero eta errentagarriagoak ziren industriarentzat. Laborariak ekoizpena handitzen jarraitzen zuten, baina hori guztia ongizate orokorraren, animalien ongizatearen eta ingurumenaren kaltetan izan zen»

JAN SLOMP Herbehereetako nekazaria 1980ko hamarkadan

Baina kuota horiek ere amaitu ziren, Europako Batzordeak 2012an eten baitzituen. Orduan ezarri zitzaien Herbehereei EBko nitrogeno emisioen araudian «aldi baterako salbuespena», eta aurten amaitu da salbuespen hori. Slompen hitzetan, azken hamarkadan, laborariek salbuespen egoera hori aprobetxatu dute beren operazioak «era masiboan» hedatzeko.

Orain, komeriak

Epe motzean errentagarritasuna lortu nahi izatea kaltegarria izan daiteke luzera begira. Rabobank bankuak argitaratutako txosten baten arabera, sektorearen ekoizpena %5 gutxituko da aurten, eta are eta gehiago murriztea espero dute datorren urterako.

Animalien kopurua ere gutxitu egin da azken urteetan. CBS estatistika erakundearen arabera, duela bi urte baino %5 txerri gutxiago zeuden iaz. Txerri kopurua 10 milioi baino gutxiago dira jada, azken 45 urteetako gutxien. Abelburu gutxiago ere zenbatu zituzten iaz, %3 gutxiago. Aldi berean, %50 igo zen iaz etxalde bakoitzeko txerri kopurua; 5.000 daude batez beste.

Murrizketa horren zergatiak azaldu ditu Irisarrik: «Azken hamar urteetan, gobernuak diru laguntzak eman ditu txerri etxaldeak kentzeko. Ustiategi handienek Herbehereetako etxaldeak itxi eta Espainian ireki dituzte. Anitz gertatzen ari da hori, baina arazoa berdin-berdina da. Ekoizle txikiek ezin dute hori egin, eta, orduan, nekazaritza familiarra eta nekazari txikiak desagertzen ari dira».

«Ekoizle txikiek ezin dute beren etxaldea itxi eta beste herrialde batean ireki, eta, orduan, nekazaritza familiarra eta nekazari txikiak desagertzen ari dira Herbehereetan»

PATXIKU IRISARRI Nafarroako EHNEko idazkaria

Herbehereetatik mugituko ez diren laborariek kostu gehiago izango dituzte aurten; izan ere, nitrogenoen muga ez gainditzeko, esportatu egin beharko dute simaurra. Van de Vriesek adierazi du hori ekoizle txikienen kalterako izango dela: «Laborari asko ez dira gai izango horrek dakarren gastuari aurre egiteko. Negozio ugariri kalte egingo die, eta arazo ekonomiko handia izango da bereziki laborari txikientzat».

NETHERLANDS FARMERS PROTEST
Nekazariak Herbehereen eta Alemaniaren arteko muga mozten, 2022an. VINCENT JANNINK / EFE

Protesta ugari antolatu zituzten Herbehereetako nekazariek 2022an eta 2023an, eta herrialdeko hainbat autobide blokeatu zituzten hainbat alditan. Gobernua abelburuak kentzeagatik ordaintzen hasi zenean hasi ziren mobilizazio horiek zehazki.

«Ulertzen dut nekazarien frustrazioa», onartu du Van den Vriesek. «Iraganean, eskala handiko ekoizpenaren bidea hartzeko agindu zitzaien nekazariei, eta gobernuak eredu hori bultzatu zuen 2019ra arte. Gero, ondorioztatu zen sistema hori ez dela jasangarria, eta, orain, nekazariek eredua aldatu behar dute egun batetik bestera».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.