Sindikatuak, Parisera begira

Ehunka lagun batu dira Baionan erretreten erreformaren aurka, eta borrokan segitzeko borondatea erakutsi dute. Frantziako Asanbleak bihar eztabaidatuko du erreforma indargabetzeko eskaera

Erretretaren erreformaren aurkako hamalaugarren manifestazioa, atzo, Baionan. PATXI BELTZAIZ.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2023ko ekainaren 7a
00:00
Entzun
Erretreten erreformaren kontrako bataila ez da bukatu, baina posible da hemendik aitzina bestelako formak hartzea. Hala iradoki dute sindikatuek hamalaugarren mobilizazio egunaren karietara. Mobilizazio jendetsua egin dute Baionan, eta erreserban indarra gelditzen zaiela erakutsi dute. Martxoaren 7ko eta maiatzaren 1eko kopuruetatik urrun, ehunka jende atera da karrikara Frantziako Gobernuak bozkarik gabe onartu zuen legearen kontra.Oinak Baionan, baina begirada Parisera buruz, han jokatzen baita partida.

Mobilizazioaren segidarena lehenik. Laurent Berger CFDTko Frantziako idazkari nagusiak BFMTV telebistari egindako adierazpenetan erran du atzoko mobilizazioa «azkenetarikoa» izanen zela «seguruenik».

Ez da iritzi berekoa Herve Larrouquert FO sindikatuko Ipar Euskal Herriko arduraduna. Ironiaz oroitarazi du ekainean bukatuko zaiola Bergerri bere mandatua. «Batasun sindikalarekin segitzen dugu; zortzi antolakundek osatzen dugu intersindikala», azpimarratu du. Parisen erabakitzen dutenaren zain egonen dira, baina berak argi du: «Ez dugu ezer laxatuko: borrokan segitzen dugu».

LABeko Argitxu Dufau ere antzera mintzatu da: «Erakusten ari gara ez garela nekatzen, determinatuak garela, eta segituko dugu erretreten erreforma kendu arte».

Asanbleako eztabaida

Bihar izanen da horretarako aukera bat, Frantziako Asanblean. Erretreta adina 62 urtera itzultzeko LIOT taldearen lege proposamena eztabaidatuko dute, baina sindikatuetako ordezkariek erran dute ez dutela esperantza handirik. Izan ere, Asanbleako gizarte arazoetako batzordean proposamen hori edukiz hustu zuten macronistek eta errepublikanoek, erretreta 62 urtetan geratzeko eskatzen zuen artikulua kendu baitzuten proposamenetik. Yael Braun-Pivet Asanbleako presidenteak errana du trabatu egingo duela bihar LIOTek zuzenketa gisa sartzea artikulu hori. Gainera, Asanbleako galbahea igaroko balu ere, Senatukoa faltako litzaioke proposamenari, eta hor erreformaren aldekoek gehiengoa dute.

Sindikatuek denetik saiatu dute orain arte erreforma geratzeko: izan dira mobilizazio jendetsuak, izan dira ekonomia blokeatzeko ekintzak, sindikatu batzuek sabotajeak ere bultzatu dituzte eraikin batzuetako elektrizitatea eta gasa moztuta, izan dira ere manifestazio espontaneoak eta Poliziarekin liskarrak. Baina Frantziako Gobernuak ez du gibel egin. «Konplikatua da mobilizazio eraginkorrak egitea; garestia da greba egitea langileentzat», onartu du Larrouquertek. «Guk ideia berarekin segitzen dugu: nahiz eta jende anitz bazen mobilizazioetan, ez du egun bat baino gehiagoko greba iraunkor bat antolatzearen indar bera». Hego Euskal Herriko adibidea eman du: «Greba orokorrera deitzen dutelarik, dena gelditzen da».

Mercedes Graciet CFDT Ipar Euskal Herriko idazkari nagusiaren hitzetan, «desberdinki» jokatu beharko lukete. «Hamalau mobilizazio egun antolatu ditugu, milioika pertsonak indarra egin dute beren eguneko lansaria galdu eta karrikara ateratzeko, elkor gelditzen den gobernu baten aitzinean». Haren iritziz, posible da dekretuen bidez erreforma arintzea: «Hori da gure helburua epe laburrera, eta uste dugu lortzen ahal dugula». Epe ertainera negoziazioak segituko dituztela erran du. «Edozein gisaz, helmuga 2026 eta 2027an izanen da, orduan ikusiko baititugu erreforma honen ondorio sozial eta finantzarioak. Eta, orduan, abrogazioa eskatuko dugu berriz».

LABek uste du Frantziako Estatuarekin «konfrontazioa» eraiki behar dela. «Konturatzen gara historiak arrazoi ematen digula: Parisi ez diogu konfiantzarik egiten ahal, eta ezin dugu ezer itxaron haiengandik». Erretreta sistema «publiko eta duina» aldarrikatu du herritar denentzat. «Gure ustez, alternatiba hori Euskal Herritik eta Euskal Herriarentzat antolatu behar da».

«Arazoa ez da konpondu»

Gracietek «demokrazia eta justizia soziala» berreskuratzeko garaia dela iritzi dio, eta konferentzia sozial bat irekitzeko eskatu du. «Frantziako Kontu Auzitegiak maiatzaren 25ean atera zuen txostenean esplikatu zuen erretreten erreformak ez duela ezer konponduko finantza ikuspegitik». Izan ere, erretreta adina 64 urtera gibelatzearekin gobernuak dirua aurreztu nahi bazuen ere, CFDTko eledunaren hitzetan «kargen transferentzia bat» izanen dela kalkulatzen da; besteak beste, langabezia eta elbarritasun pentsioak emendatuko direlako. «Beraz, haustura sozial bat eraginen du eta herritarrak pobretuko, ezer konponduko ez duen erreforma batez».

CFDTren iritziz, «oinarrizko gaietan» jarri beharko litzateke lehentasuna; lehenik eta behin, lansarietan. «Gainsariak eman ordez, lansariak emendatuko beharko lirateke, herritarrei oinarrizko beharrei erantzutea ahalbidetuz, izan etxebizitza izan elikaduran». Halaber, adinekoen enplegua emendatu behar da, eta gizon eta emazteen arteko «zinezko berdintasuna» aldarrikatu du, lansarietan eta karreren bilakaeran. «Horiekin ez genuke inolako arazorik izanen erretiroak finantzatzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.