Sindikatuek Celsako plantetan «enplegua bermatzeko» eskatu diete erakundeei

Adierazi aurrez ez zituztela ezagutzen Celsaren berregituraketa planaren edukiak.

Laminaciones Arreguiko langileek 2020an kaleratzeen aurka egin zuten elkarretaratze bat. MARISOL RAMIREZ / FOKU
inaut matauko rada
2023ko irailaren 6a
18:36
Entzun

Bazterrak nahasi ditu epaitegiek Celsaren berregituraketa planari eman berri dioten oniritziak, eta Hego Euskal Herriko bi plantetan ordezkaritza duten euskal sindikatuek (LAB, LEKU, ELA eta ESK) erakunde publikoei eskatu diete enplegua eta lantegien jarduera bermatzeko.

Bartzelonako epaitegi batek bide eman zion Celsaren hartzekodunek aurkeztu zuten berregituraketa planari. Dena ondo joanez gero, akzio bilakatuko dira hartzekodunek utzitako dirua eta, beraz, Rubiralta familiak duen zorra, eta dirua utzi zutenak (Deutsche Bank, Anchorage eta Capital Group) enpresaren buru bihurtuko dira.

Gauzak horrela, lau sindikatuek adierazi dute langileak izango dituztela lehentasun, eta nabarmendu dute azken egunetako gertakariek ziurgabetasun giroa sortzen dutela lantegien etorkizunari dagokionez. Hori dela eta, Nervacero eta Celsa Atlantic (Laminaciones Arregui zena) lantegietan jarduna mantentzea eskatu dute, baita enplegua eta langileen lan baldintzak ere.

Jaurlaritzari eskaria

Erakunde publikoei mintzatu zaie, esanez haiek bermatu behar dituztela sindikatuen eskakizunak: «Eusko Jaurlaritzak ezin du bere erantzukizuna saihestu, eta jarrera proaktiboa izan behar du gatazka honetan, Navarcero eta Laminaciones Arreguiko langileen interesak babestuz». Lau sindikatuek bilera bat egiteko eskatu diote Jaurlaritzaren Industria Sailari.

Oraindik ez dago garbi nola garatuko den berregituratze plana, baina Espainiako Gobernuak jada iragarria du negoziatzen hasiko dela hartzekodunekin. Negoziazio horietan sindikatuek parte hartu ahal izatea eskatu dute.

Celsaren hiru plantak

Celsa altzairutegiak hiru lantegi ditu Euskal Herrian: bi Hegoaldean eta bat Iparraldean. Celsa Franceren planta Bokalen dago (Lapurdi); 200 langile ditu, eta Baionako portuaren erabiltzailerik handiena da. Nervacero Trapagaranen dago (Bizkaia), eta hark ditu langile gehien, 329; iaz, bere ekoizpen ahalmenaren %75ean jardun zuen, eta, egun, aldi baterako erregulazioan dago.

Celsa Atlantic da bestea, Laminaciones Arregui zena. Gasteizen dago lantegia, eta 98 langile ditu. Azken hamarkadan nabarmen gutxitu da lantegi horren jarduna eta, beraz, langileen kopurua, 2012an 200 langile baitzituen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.