Enplegua erregulatzeko dosierrak

Sindikatuek salatu dute administrazioaren azpikontratak «iruzur» egiten ari direla

Sindikatuek eskatu dute enpresa horiek eskatzen ari diren aldi baterako lan erregulazioak ez onartzeko. Lan Agintaritzak atzera bota du eskolako jantokietako enpresa baten eskaera. ELAk eta LABek langile batzorderik ez duten enpresetako langileak babestuko dituzte. Greba mugagabea abiatu dute Arabako Aernnovan, langileen osasuna babesteko.

Sukaldari batzuk, lanean, artxiboko irudi batean. LUIS JAUREGIALTZO (FOKU)
jokin sagarzazu
2020ko martxoaren 26a
11:24
Entzun

Sindikatuek eten egin nahi dute administrazioren azpikontratetan gertatzen ari dena: enplegua aldi baterako erregulatzeko dosierren «abusua»; eta Eusko Jaurlaritzari, Nafarroako Gobernuari eta gainerako erakundeei eskatu diete hori eragozteko kontrolak indartzeko.

ELAk eta LABek adibide gisa jarri dute, hain zuzen, Lan Agintaritzak eskolako jantokietako enpresa baten —Eurest— aldi baterako erregulazio espedientea baztertu izana. Enpresa horrek Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako eskola jantokietan egiten du lan, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak kontratatuta.

ELAk azaldu duenez, ikastetxeak ixteko agindua eman zenean —alerta egoeraren dekretua indarrean sartu aurretik—, jangela edo eskola garraioko zerbitzuen enpresa adjudikaziodun guztiak aldi baterako erregulazio dosierrak eskatzen hasi ziren, langileekin «bestelako konpentsazio edo neurri alternatiborik negoziatzeari uko eginez».

Sindikatuek enpresei jakinarazi zieten aukera zegoela kontratuak eta soldatak mantentzeko, eta kostua kalte eta galera gisa erreklamatu zezaketela kontratazio organoen aurrean, lizitazio agirietan hala jasotzen delako eta Sektore Publikoko Kontratuen Legeak hala ezartzen duelako. Enpresek, baina, ez zietela jaramonik egin salatu dute.

Orain, Lan Agintaritzaren ebazpenak atzera bota du Eurestek eskatutako erregulazioa, argudiatuta kalte-ordainak jasotzeko eskubidea zuela, eta soldatak kalte galeratzat eskatzeko aukera zuela.

Funtzionarioak bezala

LABek aurkeztu zuen kexa Lan Agintaritzan eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailean. Eskatu zuen hezkuntza komunitateko gainerako langileak balira bezala hartzeko azpikontratatutakoak; alegia, erregulazio dosierrik ez ezartzeko haiei. «Espero dugu datozen egunetan ebazpen hori kolektibitateetako gainerako enpresetara zabaltzea, baita gainerako azpikontratetara ere».

Horren harira, ELAk Eusko Jaurlaritzari, Eudeli, eta enpresa publikoei oro har eskatu die berma ditzatela langile azpikontratatuen enplegua eta lan baldintzak.

Ohar batean gogorarazi du premiazko neurri ezohikoei buruzko 8/2020 Espainiako Errege Lege Dekretuak ezartzen duela zerbitzu baten adjudikaziodun diren enpresek kontratua eteteko eska dezaketela, baina ohartarazi du arau horrek berak zehazten duela hori ezin dutela egin zerbitzu guztietan.

ELAk salatu du azpikontratatutako enpresa batzuk «iruzur» egiten ari direla, eta administrazioei eskatu die zaintza mekanismoak aktibatzeko eta behin-behineko langileen kaleratzea debekatzeko. Horrekin batera, babes neurriak eskatu ditu azpikontratatutako langileek soldataren eta aparteko ordainsarien %100 jaso ahal izan dezaten eta egoerak urteko opor egunei kalterik eragin ez diezaien.

Halaber, ELAk administrazio publiko guztietan informazio eskaerak aurkeztuko ditu, kontrata bakoitzaren egoera zein den jakiteko, «diru publikoaren kontura enpresa batzuk modu bidegabean aberastu daitezen eragozteko».

Batzorderik gabeko enpresetan

Nafarroako ELAk eta LABek ohar bateratu batean jakinarazi dute lan erregulazioen ordezkaritza batzordeetan parte hartuko dutela langileen ordezkaririk gabeko enpresetan, behargin horien eskubideak eta «parte hartze eraginkorra» bermatzeko.

Erabaki horren bidez, CCOOk eginiko eskaera bati erantzun diote bi sindikatu abertzaleek. CCOOk proposatu zuen, hain zuzen, ordezkaririk gabeko enpresen lan-erregulazio kasuak batzorde bakar batean aztertzea. ELAk eta LABek adierazi dute hori ez dela legera egokitzen. Azaldu dutenez, 8/2020 Errege Dekretuaren 23. artikuluak ezartzen du ordezkaritza batzorde espezifiko bat sortu behar dela halakorik eskatzen duten enpresetan. Bi sindikatuek uste dute soilik horrela bermatzen dela langileen «benetako parte hartzea».

ELA eta LAB prest azaldu dira, halaber, Nafarroako Gobernua eta sindikatuak batera erregulazioen jarraipena egiteko CCOOk proposatu duen batzordean parte hartzeko. Baina nabarmendu dute lantalde horrek «izaera informatibo hutsa» izan behar duela.

Greba mugagabea Aernnovan

LABek jakinarazi duenez, Arabako Aernnova Aerostructuraseko enpresa batzordeak greba mugagabera deitu du, «laneko osasuna bermatzeko». Datorren asteartean abiatuko lukete.

Aurreko asteko asteartean itxi zuten Berantevillan dagoen lantegia, langileen protestengatik —langile batzuk gaixo daude COVID-19agatik, eta beste batzuk berrogeialdian daude, sindikatuaren arabera—. Baina asteazken honetan berriz zabaldu dute, «ezer gertatuko ez balitz bezala».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.