Sindikatuek ez dute amore eman nahi. ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiruk gutxieneko soldata propio baten aldeko 18.316 sinadura aurkeztu dituzte Nafarroako Parlamentuan, herri ekinaldi legegile bat martxan jartzeko, «beharrezkoa den kopurua halako hiru». Horrekin parlamentuari eskatu diote orain arteko blokeoa kentzeko eta eztabaidari heltzeko. Sinaduren aurkezpenak izaera sinbolikoa du, parlamentuak martxoan atzera bota baitzuen aukera hori, baina sindikatuek bildutako babesak aurkeztea erabaki dute, presio moduan.
Parlamentuaren atarian egindako agerraldi batean, nabarmendu dute gutxieneko soldata aberastasuna banatzeko eta pobrezia murrizteko tresna eraginkorra dela, baina ohartarazi dute gaur egun Espainiako Gobernuak bere SMIrako ezartzen duen kopuruak (1.184 euro hilean) ez duela horri bermatzen Nafarroan. «Ez da nahikoa, ezta lanaldi osoa duten pertsonentzat ere, eta ez du bermatzen pobreziatik ateratzea».
Sindikatu horiek urte hasieran abiatu zuten gutxieneko soldata propioa negoziatzeko prozesua Nafarroan. Lehenengo urratsa izan zen UGT eta CCOO sindikatuekin eta CEN patronalarekin negoziazio mahai bat sortzea, baina sustatzaileek egindako deialdira ez zen haietako inor azaldu. Sindikatuen asmoa zen lanbide arteko akordio baten bidez Nafarroan gauzatzen diren lan harreman guztientzat gutxieneko soldata bat ezartzea.
Blokeo hori dela eta, sindikatuek parlamentura jo zuten, eta herri ekinaldi legegile bat aurkeztu zuten martxoan, baina Mahaiak ez zuen tramiterako onartu, argudiatuta soldata minimoa ezartzeko eskumena Espainiako Gobernuarena dela. Sustatzaileek azaldu dutenez, herri ekinaldi legegile horren asmoa zen Nafarroako Parlamentuak Espainiako Langileen Estatutuaren aldaketa proposatzea, autonomia erkidegoek gutxieneko soldata ezarri ahal izan dezaten. Mahaiak herri ekinaldi legegileari bide ematea baztertu bazuen ere, udan sinadura bilketari ekin zioten sindikatuek, onartu izan balitz egingo luketen moduan. Eta horiek aurkeztu dituzte ostiral honetan.
Txibiteren jarrera
Parlamentuaren atarian egindako adierazpenetan, gobernuaren jarrera salatu dute, eta nabarmendu dute Maria Txibite presidenteak ezetz esan diela gaiari buruz mintzatzeko haiekin biltzeko egindako eskaera guztiei. Hala ere, adierazi dute ez dutela amore emango, eta «borroka soziala eta instituzionala» uztartzen jarraituko dutela. Horiek hala, Voxi salbu, parlamentuko talde guztiei bilera bat eskatu diete, galdegiteko ekinbideak abian jar ditzaten Nafarroak bere gain har dezan gutxieneko soldata ezartzeko eskumena. Abenduaren 11n, berriz, giza kate bat egingo dute Nafarroako Gobernuaren egoitzaren eta parlamentuaren artean.
Gutxieneko soldata propioaren eskaerak antzeko bidea egin du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Sindikatu horiek herri ekinaldi legegile bat onartzeko saioa egin zuten Eusko Legebiltzarrean, 138.495 sinadura bilduta. Baina kasu horretan, bai, taldeek eztabaidatu egin zuten. Hala ere, EAJk, PSEÂ EEk, PPk eta Voxek atzera bota zuten, Nafarroan eman zuten argudio bera edo oso antzekoa erabilita.
Jaurlaritzak, hala ere, eztabaidaren aurretik zein ondotik, sindikatuei dei egin die gutxieneko soldata hori adostu dezaten lanbide arteko akordio batean, baina Confebask enpresarien elkartearekin egindako elkarrizketek ez dute aurrera egin. Horren ondorioz, sindikatuek EAEko Auzitegi Nagusira jo dute, patronalaren jarrera salatzeko.
Â