Eusko Legebiltzarrak atea itxi dio gutxieneko soldata propioaren herri ekinaldi legegileari ere

EAJk, PSE-EEk, PPk eta Voxek ezerezean utzi dute ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuen eta ia 140.000 herritarren babesa zuen herri ekinaldi legegilea. Pentsiodunen ekinaldiarekin egin moduan, eztabaidatu ere egin gabe bota dute atzera.

Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusia, gaur, Eusko Legebiltzarrean. RAUL BOGAJO / FOKU
Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusia, gaur, Eusko Legebiltzarrean. RAUL BOGAJO / FOKU
aitor biain
2025eko azaroaren 13a
13:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Esperotakoa bete da: Eusko Legebiltzarrak uko egin dio lanbide arteko gutxieneko soldatari buruzko HEL herri ekinaldi legegilea tramiterako onartzeari. Eusko Jaurlaritzaren kontrako iritziari jarraikiz, EAJk eta PSE-EEk ezezko botoa eman diote ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek sustatu duten ekinaldiari. Baita PPk eta Voxek ere. Eta irailean pentsiodunen HELarekin egin moduan, proposamena bera eztabaidatu ere egin gabe itxi diote atea, gainera.

Soilik EH Bilduk eta Sumarrek eman dute ekinaldia tramiterako onartzearen aldeko botoa, eta, hain zuzen ere, Pello Otxandiano subiranisten eledunak gainerako taldeei leporatu die «bakarrik» utzi izana eztabaidan. EH Bildu izan baita eztabaidan parte hartu duen bakarra. «Gizarteari oraintxe ematen ari gatzaizkion mezua oso kezkagarria da; krisi demokratikoan sakontzen ari gara», adierazi du, eta nabarmendu demokraziaren ikuspegitik «oso larria» dela bi hilabetean bi herri ekinaldi legegileri bizkarra ematea.

Mitxel Lakuntza ELA sindikatuko idazkari nagusiak defendatu du ekinaldia sindikatu guztien izenean —gainerako ordezkariak harmailetan egon dira bilkura egin bitartean—. Baina horretarako zeukan tartearen erdia soilik baliatu du, bozketaren emaitza aurreikus zitekeela jakinda hartu baitu hitza. Euskara hutsean, legebiltzarkideei ohartarazi die 138.000 sinadura baino gehiago jaso dituen ekinaldiari ateak ixtea «astakeria» bat dela, demokraziari «iruzur» egitea, hori delako gizarteak zuzenean legegintzan parte hartzeko eskura duen modu bakarra.

Bere hitzaldian, bi metro eskasera zuen Imanol Pradales lehendakaria, eta hari mintzatu zaio Lakuntza, Jaurlaritzak bere ebazpenean emandako argudioak puntuz puntu ezeztatuz. Lehenik, azaldu duenez, gutxieneko soldataren inguruko eskumena Madrilena bada ere, hori aldatu nahi du proposamenak, Espainiako langileen estatutuko 27. artikulua moldatuta. «Proposatzen dugu legeak ahalbidetzen duen bidea probestea. Ez dago inolako arazo juridikorik, ez oztopo legalik legebiltzarrean onartzeko. Nolabaiteko arazorik bada, arazo politikoa izango da», esan du.

Bigarrenik, Espainiako lan merkatuaren batasuna hausteko arriskuaz ere ohartarazi zuen Jaurlaritzak. «Agian horixe da emandako arrazoien artean kezkagarriena», esan du Lakuntzak, iritzi baitio EAJren jarrera «kontraesankorra» dela haren herri ikuspegiarekiko. Izan ere, gogorarazi du gaur egun Irun eta Hendaia artean 600 eurokoa dela gutxieneko soldatan dagoen aldea. «Herri ikuspegi batetik gaur dakarkigun ekinaldiak lagunduko luke mugaren bi aldeko arrakala hori murrizten».

«Proposatzen dugu legeak ahalbidetzen duen bidea probestea. Ez dago inolako arazo juridikorik. Nolabaiteko arazorik bada, arazo politikoa izango da»

MITXEL LAKUNTZA ELA sindikatuko idazkari nagusia

Eneko Andueza PSE-EEko buruari ere zuzendu zaio Lakuntza, hark esan baitzuen sindikatuen proposamen «identitarioa» dela: «Zorionez, egunero euskal langileek lortzen dituzten enpresa eta sektore hitzarmen propioei esker gainditzen da lan baldintzak prekarizatu nahi dituen Espainiako merkatu batasuna. Ekinaldi hau bultzatzen dugun sindikatuok pozten gara».

Azkenik, adierazi du gutxieneko soldata lan hitzarmenen bidez adostea gaur-gaurkoz ez dela aukera bat. Confebaskek berak «itxi» du bide hori, ezetz esan baitzion ELAk eta LABek mahai gainean jarri zuten 1.500 euroko gutxieneko soldataren proposamena negoziatzeari. Halere, Lakuntzak adierazi du auzia politikoa dela, bestela patronalak «betorako eskubidea» izango lukeela beti.

Tresnak badira

Hain zuzen ere, Otxandianok salatu du «Confebasken betoak blokeatzen» duela gutxieneko soldataren negoziazioa. Eta jeltzaleei gogorarazi die orain ukatzen duten bidea dela iaz erabili zutena Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan sinaturiko lan hitzarmenak lehenesteko, EAJk Madrilekin adostu baitzuen Espainiako Langileen Estatutua egokitzea horretarako.

Bada, itun hori aldarrikatu du EAJko legebiltzarkide Markel Aranburuk, eta adierazi du hori dela gutxieneko soldata propio bat lortzeko bidea. Sindikatuen eta patronalaren teilatuan utzita pilota, esan die haiei dagokiela negoziatzea eta ados jartzea: «Orain zuen txanda da». Aranburuk azpimarratu du, halere, «berandu baino lehen Euskadin gutxieneko soldata adostu propio bat» izango dela. Eta azpimarratu du estatutu berrian lan egingo dutela lan arloko «eskumen guztiak» jaso daitezen.

JAURLARITZAK BILERA ERRONDA HASI DU SINDIKATUEKIN

Gutxieneko soldata elkarrizketa sozialaren bidez adosteko apustuari eusten dio Eusko Jaurlaritzak, eta bilera erronda bat hasi du sindikatuekin. Gaur bertan CCOO eta UGT deitu ditu, eta astelehenean elkartuko da ELArekin LABekin, baita Confebaskekin ere. CCOOk Mikel Torres Ekonomia eta Enplegu sailburuari adierazi dio gutxieneko soldata lan itunen bidez negoziatzeko prest dagoela, eta zehaztu du nahi izanez gero «bihar bertan» lortu daitekeela akordioa. Ildo beretik, elkarrizketa soziala indartu beharraz mintzatu da UGT ere, patronalak «beto eskubiderik» izan ez dezan saihesteko.

Ekain Rico PSE-EEko legebiltzarkideak azaldu du bat egiten duela HELaren azken helburuarekin, baina ez moduarekin. Izan ere, adierazi du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan soldata propio bat ezartzea «elkartasunik gabeko lehiari bidea irekitzea» litzatekeela, Espainiako langileen artean «desberdintasun bidegabe eta arriskutsuak» sortuko liratekeelako.

Antzeko kezka agertu du Sumarrek ere. Jon Hernandezek argudiatu duenez, gutxieneko soldataren eskumena autonomia erkidegoei emateak ekar dezake Madrilek zehaztutako kopuruaren azpitik geratzea. Ekinaldia tramiterako onartzearen alde bozkatu du, halere: azpimarratu du 100.000 langilek baino gehiagok babestu duten proposamenaren eztabaidari ezin zaiola legebiltzarreko atea itxi.

Zalantzarik ez du izan PPk. Aurkako botoa eman du, argudiatuta ezin dela gutxieneko soldata lurraldeen arabera «zatitu». Gainera, Alvaro Gotxi legebiltzarkideak esan du zenbatekoa handitzeak ere kalte egingo liekeela autonomoei, etxeko langileei eta EAEren lehiakortasunari.

«Gobernu 'fake' bat»

Bozketaren ostean, sindikatuetako ordezkariak haserre agertu dira prentsa aretoan. Garbiñe Aranburu LAB sindikatuko koordinatzaile orokorrak salatu du ekinaldi legegilea eztabaidatu gabe bozkatu izana «larria eta antidemokratikoa» dela, eta ohartarazi du jarduteko modu horiek areagotu egiten dutela herritarrek politikarekiko duten atxikimendu falta.

Garbiñe Aranburu
Garbiñe Aranburu LABeko koordinatzailea, bozketaren osteko agerraldian. RAUL BOGAJO / FOKU

Aranburuk gogor egin du Eusko Jaurlaritzaren aurka. Adierazi du legealdiaren hasieran bestelako jarrera bat irudikatu nahi izan zuela lehendakariak, sindikatuekin harreman «normalizatu bat» izanda, baina iritzi dio denbora gutxian «bere benetako aurpegia» erakutsi duela: «Pradalesen gobernua fake bat da; bateraezinak dira patronalaren interesak defendatzea eta, aldi berean, langileen beharrei erantzun egoki bat ematea. Gobernuak erakutsi du marketina ongi kudeatzen duela, baina langileok badakigu zer dagoen atzean».

«Pradalesen gobernua 'fake' bat da; bateraezinak dira patronalaren interesak defendatzea eta, aldi berean, langileen beharrei erantzun egoki bat ematea»

GARBIÑE ARANBURU LABeko koordinatzaile orokorra

LABeko koordinatzaile orokorrak salatu du, halaber, «hipokrita» dela esatea negoziazioa dela bidea, Confebaskek uko egiten diolako elkarrizketa horri eta gobernuak ere ez duelako «behatz bat bakarra ere mugitu» patronala mugiarazteko. «Hipokrita da, halaber, eskumenik ez dugula esan eta gero estatus berriarekin lotu nahi izatea», gaineratu du.

Horiek horrela, sindikatuek iragarri dute ez dutela amore emango. Mobilizatzen jarraituko dute, aldarrikatzen ari direna «justiziazkoa» dela iritzi baitiote. «Negoziazioaren bideak ixten dizkiguten aldiro, badakigu borroka dela bide bakarra».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.