Oposizioko alderdiek gogor gaitzetsi dute herenegun Nafarroako Gobernuak aurtengo aurrekontuaren gainean ezarritako 190 milioi euroko murrizketa. Bilduko Maiorga Ramirezek Alvaro Miranda Ekonomia kontseilariaren dimisioa eskatu zuen atzo Parlamentuan. NaBaiko Manu Aierdiren irudiko, «kartazko gaztelua erori egin zaio» gobernuari, eta kontu publikoen gain inolako arriskurik badago berehala jakinarazteko eskatu zion Yolanda Barcina Nafarroako lehendakariari. PPko Santiago Cerverak, berriz, uste du Nafarroa ekonomikoki «buruaskia» den mitoa erori egin dela. Ezkerrako Jose Miguel Nuinek, berriz, azpimarratu du murrizketa horiek ez direla konponbidea. Guztiak ere bat etorri dira sinesgarritasun arazoa duela gobernuak.
Murrizketak hizpide izan ziren atzo Parlamentu barruan eta handik kanpo. Eguerdian Bilduk prentsaurrekoa eman zuen, eta Maiorga Ramirezek kritikatu zuen ordua iritsi dela «egoera ekonomikoaren eta kudeaketa txarraren erantzuleei euren ardurak eskatzeko». Gogoan hartu du azken urteetan dirua xahutu egin dela, krisiaren aurkako planak ez duela funtzionatu eta aurrekontuetan oker asko egin direla. Besteak beste, Los Arcosko zirkuitua eta Arena kiroldegia.
Bilduko parlamentariaren ustez, bestelako politika batek bi ildo nagusi behar ditu: gastu publikoa lehenesteko egungo politikak iraultzea eta zerga sistemaren erreforma aurrerakoi bat egitea. Gogora ekarri du orain arte UPNk eta PSNk Nafarroaren garapen ekonomikoa goraipatu izan dutela: «Orain benetako aurpegia erakutsi dute. Nafarroa hondamendira daramate».
Alarma egoera udaletan
Bereziki kezkatuta azaldu da udalen egoerarekin. NaBai bezala. Koalizioak prentsaurreko bat eman zuen udalei eman beharreko funtsetik 11,7 milioi euroko murrizketa salatzeko. Alarma egoera deskribatu zuen Xabi Lasa Berriozarko alkateak: «Zer egin behar dugu udalok? Hornitzaileak eta argindarra, ura, gasa ordaintzeari utzi behar al diogu? Langileei soldatak ordaintzeari utzi behar al diogu ala herritarrei zerbitzuak emateari utzi?».
Lasak publikoki eskatu dio gobernuari zehaztu dezala nondik moztu behar duten udalek. Berriozarko alkateak azaldu du udalek urte hasieran kontuak orekatzea lortu ostean urteko azken hiruhilekoan gobernutik jaso beharreko kuotatik %30 murriztuko zaiela.
Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak atzo gobernuari eskatu zion murrizketa hori bertan behera utz dezala eta konponbide bat bilatzeko negoziazioak has ditzala. Auzitara jotzeko prest dago federazioa.
Sinesgarritasun falta egotzi diote oposizioko alderdiek Nafarroako Gobernuari
Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak dio udalei ezarritako murrizketei eutsiz gero auzitara joko duela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu