Ukrainako gerra hasi eta lau urtera, Errusiako petrolioa erruz dabil orain ere nazioarteko merkatuetan. Ez zuten halakorik esperoko AEBek, Europako Batasunak eta haien aliatuek, azkenaldian izandako zigorrik handienetako batzuk ezarri zizkiotenean. Moskuk itxita dauka, neurri handi batean, Europako merkatuan sartzeko bidea, baina modua egin du energia esportazioak Asiara bideratzeko: sare konplexu bat eratu du, bitartekariz, erosle berriz eta merkataritza ibilbide alternatiboz osatua, eta, hala, berritu egin dute energiaren mapa globala.
Moldatze horretan, Singapur are gehiago indartu da Asiako petrolio merkatuaren gune sendoenetako bat den aldetik. Hiri-estatu horren inguruko uretan eta Malakako itsasartean ohikoa da salgaiak itsasontzi batetik bestera mugitzea, eta, hala, kargamentuak bestela banatuta iristen dira helmugara.
Sektorean, logistikaren parte da horrela jokatzea —eta petrolioa eta produktu finduak nahastea—; hartara, aldakorragoak dira abiapuntuak eta ibilbideak, eta trazabilitatea lausotu egiten da hornikuntza kate globaletan.
Singapurren ez dute Errusiako petrolio askorik kontsumitzen, baina Asiako energia zirkuituaren erdi-erdian dago plataforma logistiko, finantzario eta komertziala den aldetik. Handik, itsas operadoreek, merkaturatzaileek eta bitartekariek berrantolatu egiten dute erregai trafikoa eskualdeko merkatuetarako bidean; prozesu horretan, litekeena da petrolioaren ibilbidea, osaera eta are izen komertziala aldatzea helmugara iritsi baino lehen.
Kargamentu baten jabea aldatu egiten da behin baino gehiagotan oso egun gutxian, eta, hartara, askoz zailagoa da jakiten zein den egiaz energia gaien trafikoaren abiaburua
Horren guztiaren gainetik, finantza azpiegitura bat dago, trinko-trinkoa hura ere. Singapurren, salgai garraioa ez ezik, sare bat ere badago nazioarteko merkataritzako bitartekariek, itsas aseguru etxeek eta finantza erakundeek osatua: kargamentuen salerosketa segida bat kateatzen dute, inon ere deskargatu gabe. Zirkuitu bizkor horretan, kargamentu baten jabea aldatu egiten da behin baino gehiagotan oso egun gutxian, eta, hartara, askoz zailagoa da jakiten zein den egiaz energia gaien trafikoaren abiaburua.
Sistema horretan, itsas merkataritzako eragileek berek zer informazio ematen duten, horren arabera zehazten da trazabilitatea. Nahiz eta ikuskatze lan globala zorrotzagoa den satelite bidezko jarraipenaren eta AIS mikrotxipen erabileraren ondorioz, oraindik badira bestelako jokabideak merkatuan: seinalea itzaltzea, itsas zabalean kargamentua ontzi batetik bestera aldatzea eta kargamentu bat zenbait ontzitan banatzea. Legezkoaren eta gardentasunik ezaren arteko muga zehazteko, garrantzizkoena ez da jarduera bera, baizik eta jarduera dokumentatzeko gaitasuna izatea, egiaztatzeko moduan.
Ikuskatu, baina ez asko
Hori guztia ikusirik, Singapurko agintariek zorroztu egin dituzte araudia betearazteko eta energiaren merkatua ikuskatzeko tresnak. Nolanahi ere, badago tentsio estruktural bat agintarien lana baldintzatzen duena: Singapurrek, finantza zentroa den aldetik, ondo zaindu behar du bere araudiak pizten duen konfiantza eta bere izen ona, eta, aldi berean, ez zaio komeni jarduera bolumena apalduko duen ezer egitea, hori baitu bere ekonomiaren zutabeetako bat. Hori gogoan izanik, hobeto ulertzen da Singapur kontrolgune bat izatea eta, aldi berean, malgu jarduteko moduko toki bat izatea, energiaren kate gero eta zatikatuagoetan.

Antolamodu horren eragina argi eta garbi antzematen da Asia aldera jo duen trafikoari erreparatuz gero: Asiako ekonomia inportatzaile handien eskaera etengabeak beretzat hartu du Europako merkatuetatik baztertutako petrolioa.
Txina eta India gero eta garrantzizkoagoak dira Errusiako petrolioaren azken edo erdibideko jomuga gisa; gainera, horrek deskontu nabarmenak ekarri dizkie, eta ez dute falta petrolioa nork eskainia, energia segurtatzeko lehia globala dagoen honetan. Beraz, energiaren ardatz alternatibo bat indartu da, Mendebaldeko merkatu tradizionalen zentraltasunaren kalterako.
Era berean, gero eta merkatu zatikatuago batean aplikatu behar dituzte Moskuri energiaren alorreko diru sarrerak mugatzeko diseinatutako mekanismoak: bitartekariak gero eta gehiago direnez, eta jurisdikzioak bata bestearen gainean pilatzen direnez, zaila da zigorrak modu homogeneoan ezartzea. Trafikoa eten gabe, bestela antolatzen ari dira: petrolioaren trafikoa ez da gelditu, baina ibilbideak luzeagoak dira, gardentasunik gabeak eta askotarikoak, eta balio erantsia lekuz aldatzen ari da, sistema berria egituratzen duten gune logistiko eta komertzialen mesederako.
Hala, Singapurrek eta antzeko beste zentroek argiro erakusten dute ekonomia globalean zabaldutako joera bat: tarteko gune batzuk sendotzen ari dira, eraldatze, banatze eta berretiketatze guneak direlako, eta nahiz ez izan ez ekoizle eta ez kontsumitzaile nagusietako batzuk. Horren guztiaren ondorioz, merkatua ez da hain gardena, baina egokitzen iaioagoa da, eta jatorriaren kontzeptua, neurri batean, ez da lehen bezain operatiboa. Singapur ez da salbuespen bat, baizik eta sintoma bat, energiaren merkatu globalaren egitura nola berrantolatu den erakusten duena. Gainera, merkatu hori ez da egonkortu oraindik: moldatzen ari da orain ere.