Pentsiodunak mobilizatu egin dira sistema publikoaren defentsan

Gutxieneko pentsioak 1.221 euroraino osatzeko eta erosahalmena bermatzeko eskatu dute Bilboko Aste Nagusian.

Andrea Uña bozeramailea, komunikabideen aurrean, gaur. MIKEL MARTINEZ DE TERSPUENTES / FOKU
Andrea Uña bozeramailea, komunikabideen aurrean, gaur. MIKEL MARTINEZ DE TERSPUENTES / FOKU
jokin sagarzazu
2026ko abuztuaren 24a
17:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Pentsiodunen aldarrikapen nagusiak konpondu gabe daude oraindik. Gutxieneko pentsioak lanbide arteko gutxieneko soldataren pare jartzearena, esaterako. Azken urteotan hori lortzeko bide instituzionalak ere urratu dituzten arren, ez dute lortu helburua. Urtero legez Bilboko Aste Nagusian egindako mobilizazioan, aurrerapauso batzuk aitortu dituzte, baina nabarmendu dute oraindik asko dagoela egiteko.

Hego Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduak ia bederatzi urte daramatza lanean. Oro har, ontzat jo dute lorturikoa. Andrea Uña bozeramaileak azaldu duenez, aldarrikapen batzuk agenda politikoan sartu dituzte; adibidez, pentsioak urtero %0,25eko igoera automatikoa izatea ezartzen zuen sistema kentzea eta horren ordez KPIaren arabera eguneratzeko metodoa jarri izana.

Pentsioen eguneratze hori, ordea, ez da nahikoa erosahalmena bermatzeko, Uñaren arabera. Haren esanetan, batez ere prezioek gora egiten duten garaietan, erabilitako erreferentziak ez du behar bezala islatzen pentsiodunek egunerokoan jasaten duten garestitzea. 2026an kotizaziopeko pentsioak %2,7 igo dira, eta uztailean urte arteko KPIa %3,6koa izan da. Pentsiodunen mugimenduaren ustez, diferentzia hori konpentsatu egin beharko litzateke, batez ere pentsio txikiei dagokienez.

Jaurlaritzaren ezezkoa

Hor dago, hain zuzen ere, pentsiodunen aldarrikapen nagusia: gutxieneko pentsioak lanbide arteko gutxieneko soldatarekin parekatzea nahi dute. Mugimenduak herri ekinaldi legegile bat aurkeztu zuen iaz Eusko Legebiltzarrean, 145.142 herritarren sinadurekin, baina ez zuen aurrera egin, Jaurlaritza sostengatzen duten bi alderdiek, EAJk eta PSE-EEk, aurka egin baitzuten; baita Voxek ere.

Aurtengo maiatzean, mugimenduak beste bide bat baliatu zuen, Jaurlaritzari eskaera zuzena aurkeztuta, pentsiorik txikienak osagarri batekin osatzeko, 1.221 euroraino. Mugimenduak jakinarazi du Jaurlaritzak uko egin diola horri ere, eta salatu du ezezko horrek ez duela «inolako justifikazio sozialik edo demokratikorik».

Auziak badu beste alde bat ere. Pentsio txikiek bereziki emakumeengan duten eragina nabarmendu dute pentsiodunek. Uñaren arabera, andre askok, eta bereziki alargunek, hilean 1.000 eurotik beherako prestazioa jasotzen dute. Horregatik, emakume pentsiodunak banakako unitate ekonomikotzat hartzea eta dagozkien laguntzak ofizioz ematea eskatu diote Jaurlaritzari, bereziki 80 urtetik gorakoei.

Pentsioez harago, oro har sistema publikoaren defentsa egin dute mugimenduko kideek. Jon Fano eledunak azaldu duenez, «osasun eta zaintza sistema publiko duina eta unibertsala» defendatu behar da, bereziki adinekoengan duen eraginagatik. Osakidetzaren egoera, mendekotasunaren arreta, egoitzak eta zaintza zerbitzuak zerrendatu ditu.

Horrez gain, gazteei begirako mezua ere helarazi dute, pentsioen inguruko eztabaida belaunaldi zaharren eta gazteen arteko aurrez aurreko bihur ez dadin. Pentsioak «eskubide bat» direla nabarmendu dute. Haien ustez, gazteek etorkizunean pentsiorik izango ez dutelako ideia zabaltzeak sistema publikoarekiko konfiantza ahultzen du, eta aurrezki eta pentsio pribatuen aldeko estrategia indartu.

ERRETIRO MALGUA OSTIRALETIK AURRERA

Ostiraletik aurrera, erretiratuek aukera gehiago izango dituzte lana eta pentsioa uztartzeko, orduan sartuko baita indarrean erretiro malgua zabaltzen duen dekretua. Orain arte soldatapekoek soilik balia zezaketen formula hori; aurrerantzean, baldintza jakin batzuk betetzen dituzten autonomoek ere erabili ahal izango dute. Soldatapekoek lanaldiaren %33 eta %80 artean egin ahalko dute, eta pentsioa proportzio berean murriztuko zaie. Erretiroa hartu eta gutxienez sei hilabetera lanera itzultzen direnek, gainera, %15eko edo %25eko gehigarria izango dute pentsioan, lanaldiaren arabera.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA