Gidoia idatzita zegoen, eta puntuz puntu bete da, beste behin: Eusko Legebiltzarrak ez du tramiterako onartu EHPM Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduaren herri ekinaldi legegilea. Pentsioen osagarria eratzeari buruzko lege proposamena eztabaidarako onartzearen aurka bozkatu baitute EAJk, PSE-EEk eta Voxek. EH Bilduk eta Sumarrek aldeko botoa eman dute, eta PP abstenitu egin da, baina ezer gutxirako balio izan du. Haserre eta etsita erantzun dute pentsiodunek: «Bidegabea da, eta adar jotze bat».
Pentsiodunek 145.000 sinadura bildu zituzten pentsiorik apalenak gutxieneko soldatarekin parekatu daitezela eskatzeko, hau da, lege ekinaldia Eusko Legebiltzarrean aurkezteko behar den gutxieneko kopurua baino ia hamabost bider sinadura gehiago. Horiek lortzea urtebeteko «lan mardula» izan dela azpimarratu du Ana Mezok proposamena defendatzerakoan: «Gure proposamena premiazkoa, bidezkoa eta beharrezkoa da».
Eusko Jaurlaritzak emana zuen eztabaidaren aurkako iritzia, eta, beraz, bozketa egin aurretik ere aurreikus zitekeen emaitza zein izango zen. Horiek hala, Mezok mintzaldia baliatu du ohartarazteko lege ekinaldia aintzat hartzeari uko egiteak «gizartean kalte handia» egingo duela. Izan ere, gogorarazi du 170.000 pentsiodunetik 100.000 inguru direla 1.184 euro baino gutxiagoko pentsioa jasotzen dutenak. «Eztabaida premiazkoa da», esan du pentsiodunen mugimenduko ordezkariak.
Eta nabarmendu du EAJren eta PSEren ezezkoaren arrazoiak ez direla nahikoa horri muzin egiteko: «Ez da logikoa herritarren borondatea errotik moztea. Ezin da Jaurlaritzaren txostenean agertzen diren lau argudioekin hau ezabatu». Mezo kexu azaldu da, halaber, hamabost minutu izan dituelako proposamena aurkezteko, eta haserre agertu da Imanol Pradales Jaurlaritzako lehendakariarekin (EAJ) eta Mikel Torres bigarren lehendakariordearekin (PSE-EE), ez zietelako ezezkorik eman aurrez aurre elkartu zirenean. Are gehiago, «arauak eta kopuruak» alde batera utzi eta «pertsonak lehenetsiz» elkarrizketari ekiteko ere proposatu die bi agintariei, baina alferrik.
Eztabaidaren eztabaidari uko
Alderdien erantzunen txandan, soilik EH Bilduk, Sumarrek eta Voxek hartu dute hitza; EAJk, PSEk eta PPk ez dute eztabaidan parte hartu nahi izan. Bozkatu ondoren azaldu dute beren jarrera, oposizioaren harridurarako: «eztabaidaren eztabaidari uko egitea» aurpegiratu die jeltzaleei eta sozialistei Nerea Kortajarena EH Bilduko legebiltzarkideak, hain zuzen ere.
EAJk, ordea, ez du aurrez aurreko horretan sartu nahi izan. Markel Aranburuk zoriondu egin ditu Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduko kideak, HELa legebiltzarrean aurkezteko egindako ahaleginagatik, eta argitu du alderdi jeltzalea bat datorrela ekinaldiaren helburuekin, baina azpimarratu du bidea ez dela egokia, besteak beste, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan gutxieneko errentak bermatzen dituen eredu propioa dagoelako, eta pentsioen eskumena Espainiarena delako.

Pentsiodunen protesta, Eusko Legebiltzarraren kanpoan. RAUL BOGAJO / FOKU
Hain justu ere, Ekain Rico PSEko legebiltzarkideak nabarmendu du Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidente denetik pentsioak handitu egin dituztela, PPren «murrizketei» aurre eginda. Sozialistak azpimarratu du pentsio sistema publiko baten aldekoak direla, baina, Jaurlaritzaren argudioak bere eginez, adierazi du pentsiodunek proposatutako osagarria ezin dela unibertsala izan, horrek sistemaren oinarrizko printzipio bat hausten duelako, hau da, elkartasuna baliatzea behar ekonomikoari erantzuteko.
«Ez dugu etsiko»
EH Bilduren iritziz, ordea, «oker larria» da HELa aintzat ez hartzea, iritzi baitio proposamena «justua eta justiziakoa» dela. Kortajarenak azpimarratu du inoiz ez dela legebiltzarrean aurkeztu horrelako babes handia izan duen ekinaldirik, eta herritarrei zor zaien «errespetuagatik eta begiruneagatik» ezin zaiola horri bizkarra eman. Koalizio subiranistak ez du bat egiten Jaurlaritzaren argudioekin, eta gogorarazi du 2018 arte diru sarrerak bermatzeko errentak gutxieneko soldatarekin parekatzen zituela pentsioak, baina jeltzaleek eta sozialistek aldatu egin zutela hori.
Sumarren iritziz ere ez da onargarria pentsiodunen ekinaldiaren eztabaidari uko egitea, are gutxiago jakinda jeltzaleek eta sozialistek nahi dutenean utz dezaketela bertan behera, gehiengoa dutelako. Jon Hernandezek adierazi du proposamena egingarria dela, eta Jaurlaritzak horri aurre egiteko gaitasun ekonomikoa eta politikoa baduela. Eta ohartarazi du tramiterako onartu ez arren eztabaidak kalean jarraituko duela.
Hori bera adierazi dute pentsiodunek bozketaren ostean ere, ehunka lagun legebiltzarraren kanpoan protestan ziren bitartean: «Borrokan jarraituko dugu». Zortzi urte dira pentsio duinen alde mobilizatzen hasi zirela, eta iritzi diote lege ekinaldia bertan behera uztea beste oztopo bat baino ez dela bide horretan. Baina argi dute lehenago edo geroago lortuko dutela: «Borrokara ohitutako belaunaldi bat gara, eta ez dugu etsiko. Gure proposamena bidezkoa, beharrezkoa, urgentea eta egingarria da».
Sindikatuek ere gogor kritikatu dute lege ekinaldia tramiterako onartu ez izana. ELAren hitzetan, «antidemokratikoa eta bidegabea» da erabakia; izan ere, iritzi dio pentsiodunen eskaria «justiziazkoa» dela, «legitimoa», eta «urteetan zaintzengatik soldatapeko enplegua sakrifikatu duten emakume pentsiodunekiko zor bat». LABek ere nabarmendu du 145.000 herritarren babesa duen ekinaldi hori bazter uzteko erabakia «iruzur demokratikoa» dela, eta «langileen aurkakoa». Biek ala biek uste dute pentsiodunen proposamena egingarria dela, eta iragarri dute hori lortzeko xedez mobilizatzen jarraituko dutela.
hirugarrenean ere, kale
2016an HEL herri ekinaldi legegilearen araua berritu zutenetik, hiru ekinaldik lortu dute gutxieneko sinadura kopurua bildu eta Eusko Legebiltzarrean aurkeztea. Eskola segregazioaren aurkakoa izan zen lehena, 2018an Zubiak Eraikiz plataformak aurkeztu zuena. Bigarrena herritar talde batek aurkeztu zuen, baldintzarik gabeko oinarrizko errenta bat eskatzeko. Eta hirugarrena Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak egin du, pentsioak gutxieneko soldatarekin parekatu daitezela eskatzeko. Hiru lege egitasmoak, ordea, legebiltzarrera iritsi bezala amaitu dira: eztabaidarako onartu gabe.
Beste bat ere bidean da, ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek aurkeztu dutena eta gutxieneko soldata propio bat lortzea helburu duena. Abuztuan erregistratu zuten Eusko Legebiltzarrean, eta udazkenean erabakiko dute tramiterako onartuko duten edo ez.
Â