Solarisek hidrogeno bidezko 235 autobus egingo ditu

Italian eta Alemanian sinatutako kontratuek 150 milioiko fakturazioa ekarriko diote CAFen filialari.

CAFen hidrogeno autobus bat. CAF
Asier Gonzalez de San Pedro
2023ko irailaren 12a
12:37
Entzun

Solaris enpresak, zeina CAFen filiala den, hidrogeno bidez ibiliko diren 235 autobus egiteko kontratuak lortu ditu Italiako Bologna eta Venezia hirietan eta Kolonia (Alemania) hirian. Proiektu guztiak batuta, 150 milioiko fakturazioa ekarriko dio enpresari, baina baliteke handiagoa izatea, kontratuetan azaltzen diren zabalkuntza aukerak baliatuz gero.

Bolognarako, 127 unitate egingo dituzte, eta bolognarrek 2024an erabili ahal izango dituzte lehen autobusak. Veneziarako, 90 unitate egin behar dituzte 2025eko bukaerarako eta 2026ko hasierarako, baina jada Solaris enpresaren 30 unitate daude Venezian (elektrikoak eta hidrogeno bidezkoak). Koloniarako, hemezortzi unitateko eskaera egin dute, eta gisa horretako autobusak eskatzen dizkieten hirugarren aldia da. Enpresak 2024 bukaerarako aurreikusten du entrega.

Solarisek ia hamarkada bat darama hidrogenoz dabiltzan autobus horiek sortzen, eta 2022an Europako fabrikatzaile nagusia izan zen; merkatu kuotaren %60 du. Gaur egun, bukatutako proiektuak eta eskariak kontuan izanda, Solarisen hidrogeno autobusak 300 baino gehiago dira.

Azken hilabeteetan ere beste kontratu batzuk lortu ditu: hidrogeno bidezko 25 autobus Alemaniako Duisburg hirirako, 52 autobus Rostock eskualderako, eta 56 autobus elektriko Danimarkako Aarhus hirirako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.