Tomas Arrieta EAEko Lan Harremanen Kontseiluko (LHK) presidentea aldi baterako enplegu erregulazioak (ABEE) luzatzearen alde azaldu da —irailaren 30era arteko epea dute oraingoek—, baina ohartarazi du hori ezin dela neurri bakarra izan enpleguari eusteko.
Arrietaren esanetan, «hain ezohikoa den egoera honetan», ezinbestekoa da «irudimenez» jokatzea eta «proaktiboak» izatea, eta, aldi baterako erregulazioez gain, enpresetan beste neurri batzuk ere «hitzartu» behar direla uste du. Besteak beste, aldi baterako soldata murrizketak proposatu ditu. Erabaki hori enpresa bakoitzean oso ongi aztertu eta «adostasun handiz» hartu behar dela nabarmendu du —Arantxa Tapia Jaurlaritzako Ekonomia Garapenerako sailburua ere mintzatu da horren alde—.
Radio Euskadin eginiko elkarrizketa batean, LHK-ko presidentea aldi baterako erregulazioak luzatzearen alde agertu da, baina ohartarazi du horiek amaitzean kaleratze kolektiboak etor daitezkeela. Arrietak azpimarratu duenez, enplegua babesteak izan behar du helburua. «Enplegua eroriz gero, dena jar daiteke arriskuan».
Negoziazio kolektiboaren egoerari dagokionez, iazko urteekin lan itun gutxiago berritu direla azaldu du —% 3 baino ez—. Hala ere, egoera ona dela azaldu du, «aurreko urteetan etxeko lanak egin zirelako».