Aro berriari ekitear da Glovo, baina aro hori ere ez da gatazkarik gabea izango. Epaitegien presioak eta milioika euroren isunek behartuta, motxila horien enpresak uztailaren 1erako baztertu beharko du autonomo faltsuetan oinarritutako eredua Hego Euskal Herrian. Langileen egoera, ordea, ez da egun batetik bestera konponduko; alta, asko are egoera okerragoan geratzeko beldur dira.
Enpresa hasi da jada kontua duten langileei lan kontratuak bidaltzen. Hala baieztatu du Olatz Arrietak, LABen Donostiako Zerbitzu Pribatuetako arduradunak. Hilabeteak daramatzate Glovoko banatzaileekin harremanetan, eta dezente dira eurengana azken egunetan jo dutenak.
Kontratuetan «denetik» ikusten ari direla kontatu du: «Rider batzuek astean 14-20 ordu lan egiteko proposamenak jaso dituzte, baina badira lanaldi handiagoak zein txikiagoak egiteko eskaintzak jaso dituztenak ere. Langileei informazio oso eskasa ematen ari dira, eta ziurgabetasunez betea». Kasuak banan-banan aztertzen ari dira, eta beharrezkoa den kasuetan erreklamazioak jartzen.
«Langileei informazio oso eskasa ematen ari dira [kontratuen inguruan], eta ziurgabetasunez betea»
OLATZ ARRIETALAB sindikatuko kidea
Zenbait langileri asko murriztuko zaizkie irabaziak —badira egunean 11-12 orduz lan egiten zutenak lehen—, eta ez dute Glovorekin negoziatzeko inongo aukerarik izan. Eredu aldaketaren albistea jakin zenean, euren egoerak okerrera egingo zuen beldur zirenrider-ak, eta, hein batean, arrazoia eman die denborak. Orain, presiopean daude: enpresak eskainitakoa onartu ezean, lanik gabe geratuko dira.
Ezarri nahi dieten lan hitzarmena Espainiako mezularitzaren sektorekoa da, 2006. urtekoa. LABek ez du ontzat ematen hori: argi du herrialde bakoitzeko ostalaritzako hitzarmen kolektiboa aplikatu behar zaiela. «Hilabeteak daramatzagu ostalaritzako itunaren aplikazioa erreklamatzen kasu indibidualetan, eta guztietan langilearen aldekoa izan da sententzia», azaldu du Arrietak. Gainera, esan du langileei dirua zor zaiela, azken urteetan ez zaielako hitzarmenik aplikatu.
Ikusi gehiago
Soldatapeko langile bilakatzeak, noski, baditu onurak ere. Egonkortasun eta segurtasun handiagoa emango die langileei, eta aurrerantzean soldata finkoak, oporraldiak eta baimen ordainduak izango dituzte, besteak beste. Oinarrizko baldintzak dira, baina orain arte ez zituzten.
Orain arte, banatzaile asko kontua beste bati alokatuta zebiltzan paperik gabeko migratzaileak ziren —rider-en arabera, Bilbon %80 inguru ziren—. Horiek izango dira egoera berriak diru sarrerarik gabe utziko dituen lehenak.
Arrietak dio Glovo horren jakitun zela, eta haietaz baliatu dela. Horregatik, uste du konpainiak erantzukizunak hartu behar dituela, eta iragarri du kanpaina bat abiatuko dutela Riders X Derechosekin batera kasu horietan ere lan harremana egon dela frogatzeko.
Babes erakustaldia
Aldaketa betean bete ditu Glovok hamar urte, eta astelehenean ekitaldi bat egin zuen hori ospatzeko, Bartzelonan. Oscar Pierrek eta Sacha Michaudek sortutako start-up-ak zeresana eman du bere ibilbidean langileen eskubideak urratzeagatik eta milioika euroren isunak jasotzeagatik, eta, gainera, enpresak dirua galdu besterik ez du egin gaurdaino; ez du sekula irabazirik izan. Hala ere, Glovok 3.000 langile ditu bulegoko, eta 250.000 banatzaile inguru munduan. 23 herrialdetako 1.800 hiritan funtzionatzen du aplikazioak.

Ekitaldian Salvador Illa Kataluniako presidentea izan zen, Pepe Alvarez Espainiako UGTko idazkari nagusiarekin eta Kataluniako CCOOko idazkari nagusi ohi Javier Pachecorekin batera. Esanguratsua da argazkia. Illak babesa adierazi zion enpresari «etapa berrian», eta esan zuen «Glovoren moduko enpresak» nahi dituela Bartzelonan, nahiz eta aipatu zuen eredua legedira egokitu behar duela.
Bere hitzaldian, Pierrek hizpide izan zuen eredu aldaketa, eta esan zuen «gatazkarik gabeko kapitulu berri bat» hastera doala.
Berriro epaitegietan
Kapitulu horrek, ordea, itxaron egin beharko du, asteartean hasi baitzen Glovoren aurkako beste epaiketa bat. Just Eat enpresak lehia desleiala egotzi dio, eta 295 milioi euro eskatu dizkio kalte ordainetan. Bartzelonako epaitegi batean, salatu du autonomo faltsuen ereduari esker langileak nahieran erabiltzeko malgutasuna zuela Glovok, eta horrek abantaila eman diola lehiakideen aurrean.
Kurioski, Just Eaten abokatuak Illaren hitzak baliatu zituen epaiketaren lehen saioan: «Glovori legedira egokitzea tokatzen zaiola esan bazuen, uler dezakegu lehen ez zuela betetzen». Just Eatek kalkulatu du Glovok 645 milioi euro aurreztu dituela autonomo faltsuen ereduari esker.

Asteazkenean deklaratu zuten Glovoko arduradunek. Arnau Cortes nazioarteko presidenteordeak defendatu zuen langileek nahiago dutela autonomo faltsuak izan, eta horregatik eusten diotela eredu horri berak ardurak dituen 22 herrialdeetan. «Guk ere nahiago dugu, noski». Hiru rider-ek deklaratu zuten langileek egunean hamabi orduz lan egiten dutela, eta, horri buruz galdetutakoan, Cortesek esan zuen ez zuela informaziorik.
Epaitegietan borroka egitea ez da berria eurentzat. Urrutira joan gabe, Europako Batzordeak 329 milioi euroren isunak jarri zizkien Glovori eta haren jabe den Delivery Herori hilaren hasieran, eta Espainiako Gobernuak 253 milioi euroren isunak jarri dizkio denera. Donostian ere galdu zuen epaiketa bat urte hasieran. Ez dirudi azkena izango denik.