Enpresa berriak sortzen laguntzea, eta haien hazkundea eta nazioartekotzea laguntzea. Horiek dira Inkuba sarearen deialdi berriaren helburuak. Gaur aurkeztu dute, Heletan (Nafarroa Beherea), Agour gasnategiaren egoitzan.
Agour etxeaz gain, AZTI itsasoaren eta elikagaien ikertzeko zentroa eta CEIN Nafarroako eta Europako Enpresa eta Berrikuntza Zentroa dira proiektuan partaide. Horrez gain, Akitania Berria-EAE-Nafarroa euroeskualdearen laguntza ere eskuratu dute.
Orain dela hiru urte sortu zuten Inkuba sarea; bigarren deialdia izanen da oraingoa, 2025-2027 epealdia hartuko duena. Nekazaritzako elikagaien sektoreko beharrak aztertu, eta proiektuetarako ideiak eta proiektu eramaileak elkartzea da asmoa, enpresa berriak sortzeko. Enpresak sortzeari buruzko bi eguneko mintegia antolatuko dute; hau da, ideia berritzaileak negozio bilakatzeko mintegia.
Hiru egituren arteko partaidetzak «seriotasuna eta profesionaltasuna» bermatzen dituela baieztatu du Peio Etxeleku Agourreko buruak: «Mugaz gaindiko ezagutza eta goi mailako babes eta laguntza». Carolina Najar AZTI zentroko elikagai merkatuaren zuzendariak erran du «hobeki ekoiztea» eta «zentzua duten produktuak» ekoiztea dela helburua.
Irailean egingo dute deialdia, eta hautagaitzak urte bukaerarako aztertuko dituzte. Enpresen sortzeko topaketa 2027ko lehen hiruilekoan egiteko asmoa dute.