Stiglitz: «Denbora ez dugu alde»

Munduaren bilakaerarekin ezkorra da Ekonomiako Nobel sariduna: desberdinkeria sozialen hedapena, totalitarismoa, zientzia auzitan jartzea... Neoliberalismoa jarri du arazo ugariren sorburu, eta eskari bat egin du: enpatia.

Joseph Stiglitz 2001eko Ekonomiako Nobel sariduna, gaur, Bilbon. LUIS TEJIDO / EFE
Joseph Stiglitz 2001eko Ekonomia Nobel sariduna, gaur, Bilbon. LUIS TEJIDO / EFE
Iker Aranburu.
2025eko irailaren 29a
15:44
Entzun 00:00:00 00:00:00

Mid West eskualdean jaio zen Joseph Stiglitz (Indiana, AEB, 1943), eta inguru horretakoak baikorrak izan ohi direla dio 2001eko Ekonomiako Nobel saridunak. Baina errealitateak ezaugarri kulturalak gainditu egin ditu, eta, mundua nola dagoen ikusita, oraintxe «oso ezkorra» dela ziurtatu du. «Ez dakit nola emango diogun buelta oraingo egoerari», aitortu du, eta beltzez tindatutako ohar bat egin die Deustuko Unibertsitateko paraninfoan bildutakoei: «Denbora ez dugu alde».

Bilboko BBK Kultura Social Forum-ek gonbidatuta etorri da Bilbora Stiglitz. Deustuko Unibertsitateko ikasleez gain, hura entzuten egon dira Euskal Herriko gizarte politiko, zibil eta ekonomikoko zenbait pertsonalitate, hala nola Aitor Esteban (EAJ), Iker Casanova (EH Bildu), Eneko Andueza (PSE-EE), Kutxabankeko presidente Anton Arriola eta Mondragon korporazioko buru Pello Rodriguez.

Ahoan bilorik gabe mintzatu zaie Stiglitz. «Mundua ez dago bere onenean» esaldiarekin hasi du hitzaldia, eta berehala ohartarazi du «berri txarrak» zituela bertan bildutakoentzat. Eta ez da minutu bat ere igaro bere iritziz gauzak gaizki joatearen erantzuleetako bat aipatu aurretik: Donald Trump. Haren izena behin eta berriro aipatu du irakasleak, hura baita, haren iritzian, «autoritarismo populista eta demagogoaren» adibide nagusietako bat. «Faxista bat al da Trump? Ez da Hitler edo Mussolini, baina faxista hitza ongi datorkio».

«Kontua ez da merkatuen eskua ikusezina dela: kontua da ez dagoela halakorik»

JOSEPH STIGLITZ 2001eko Ekonomiako Nobel sariduna

Stiglitz ekonomista izanik, ekonomian aurkitu du autoritarismo horren erro nagusia. Hain zuzen ere, neoliberalismoan eta hari oinarri intelektuala eman zion erakundean, Chicagoko Eskolan. II. Mundu Gerraren aurretik —Roosevelten New Deal— eta ondoren izandako modelo keynestarrarekin hautsi zuten, Adam Smith liberalismoaren aitaren esaldi bat «zoritxarrez gaizki interpretatuz», esan zuten merkatuaren «esku ikusezinak» gidatu behar zuela politika ekonomikoa. «Kontua ez da merkatuen eskua ikusezina dela: kontua da ez dagoela halakorik».

Politika horrek ekarri zuen, Stiglitzen arabera, aurreko urteetan nagusi izan zen elkarlanaren ideia albo batera uztea. Ikuspegi «berekoia eta epe motzekoa» nagusitu zen, «eta elkarrenganako konfiantzarik gabe, kapitalismoak ezin du funtzionatu». Beste hitz batzuetan, «merkatuek ez funtzionatzea eragin duten jendea sortu zuen».

Trump bera jarri du bere interes hutsen mesedetan «kapitalista esplotatzailearen» adibideetako baten moduan. Azaldu duenez, New Yorken eraikuntzako enpresaburu zenean, bere langileei ordaintzen ez zien ospea zuen. «‘Salaketa jar iezadazu!’, esaten zien langileei, eta, noski, milioidun bat eta langile xumeak aurrez aurre zeudenez, tratuen bitartez ixten ziren auziak, eta zor zuenaren zati txiki bat besterik ez zuen ordaindu behar izaten».

Stiglitzek neoliberalismoaren hiru ondorio aipatu ditu. Batetik dago monopolioen sorrera, kapitalismoak ustez sortu behar zuen lehia librearen aurkari nagusia. Eta esanguratsutzat jo du Amazon, Google, Facebook eta praktikoki monopolio gisa funtzionatzen duten enpresa handi horietako buru guztiak izatea Trumpek kargua hartu zueneko ekitaldian.

Desberdinkerien hedatzea

Beste ondorio bat da desberdinkeria sozialen hedapena. «Agian ez dakizue, baina gutxi batzuen aberastasuna neurririk gabe hazi den aro batean, behekoenen soldatak duela 60 urtekoak dira. Muskek minutu batean irabazten du langile askok beren lan bizitza osoan bezainbeste».

Desberdinkeria horren arrazoietako bat, AEBetan bederen, desindustrializazioarekin lotu du Stiglitzek. Irakasleak uste du, kanpoko lehiaren ondorio baino gehiago, teknologiaren garapenaren ondorio izan zela, eta horrek ehunka mila langile lanik gabe geratzea eragin zuela. «Merkatuek konpondu behar zuten hori, baina ez zuten ezer egin». Indiana izan da AEBetan desindustrializazioa jasan duen lurraldeetako bat, eta hara itzuli zen batean, azaldu zioten filmak egiten hasi nahi zutela. Somalia irudikatzera iritsi ziren, ez zitzaizkielako falta gerrak hondatutako itxura zuten eraikinak.

Arazo ekonomiko horiek, noski, ondorio politiko eta sozialak izan dituzte. Ekonomian esku hartze publikoaren aurkako mezuek errepide eta eskola okerragoak ekarri dituzte —«aberatsek helikopteroak dituzte, eta beren eskola propioak»—, eta horrek beren ahotsa ez dela entzuna izaten ari sentiarazi die herritar askori. 


Ilustrazioaren balioak

AEBetan zer gertatzen ari den ikusita, demokraziaren higatzearekin oso kezkatuta azaldu da Stiglitz, eta arlo horretan sare sozialen eta adimen artifizialaren bitartez informatzeko joerak kalte handia egiten ari direla uste du. «Informazioaren ekosistema indartsu bat izatea oso inportantea da erabaki onak hartzeko, eta demokraziarentzat ere inportantea da. Baina orain asko eta asko hondatzen ari da, AAk eta sare sozialek informazioa lapurtzen diete hedabideei, baina ez dute horren truke ordaintzen. Eta hedabideei ez badiezu ordaintzen, ez dute ezer ekoitziko. Diru sarrera guztiak AAra eta sare sozialetara doaz».

Eta zer ateratzen da sare sozialetan? «Metaren negozio eredua iragarkiak saltzea da, bere iragarleentzat ikusleak lortzea. Azterketa bat egin zuten, eta ohartu ziren amorruak arreta handia eragiten duela. Amorrua da haien negozio eredua, baina ez dio ezer onik ekartzen gizarteari».

stiglitz 2
Stiglitz, BBK fundazioko, Deustuko Unibertsitateko eta Orkestrako ordezkariekin. LUIS TEJIDO / EFE

Funtsean, Stiglitzek uste du Ilustrazioaren balioak daudela erasopean, gizartearen demokratizazioa eta garapen ekonomikoa ekarri zuten balioak: zientziaren eta legeen nagusitasuna, eta gizarte hobeagoa lortzeko elkarlana. Bizi itxaropenaren bilakaera historikoaren grafikoa erakutsi du, eta hor ikusten da historian zehar lerro nahiko zuzena zena XIX. mendean eta batez ere XX. mendean bikoiztu egin zela. «Bada, orain AEBetan berriro jaisten ari da!». Arrazoia? Zientzia bera auzitan dagoela, dagoeneko ez dagoela egiarik. «MAGAkoak txertoen aurka daude, eta lixiba edatea gomendatu dute, eta zientziak aspaldi erakutsi zuen horrek ez duela balio».

Ezkorra bada ere, Stiglitzek iritzi dio panorama beltz horri aurre egiteko badagoela alternatibarik. Eta hitz batean laburbildu du zer behar duen munduak: «Enpatia gehiago». Baina halakorik ez du ikusten AEBetan, eta horregatik eskatu die europarrei haiek gabe aurrera egiteko, esaterako, klima aldaketaren aurkako borrokan eta instituzio demokratikoen defentsan. «Elkarlana behar da mundua leku hobeago bat egiteko».


 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.