Gazta, erloju eta bere armadak erabilitako aiztoengatik da ezagun Suitza. Produktuok zehaztasun eta bikaintasun ospea ematen diote. Bere bankuen isilpeko aurrezki kontuei esker ere ezaguna da Suitza. Zergarik ordaindu nahi ez dutenen kapitala erakartzen duenez, paradisutzat jotzen dute askok. Beste zentzu batean ere paradisu da. Gutxiago edo gehiago, krisia jasan dute Europako herrialdeek, baina Suitzari apenas eragin dion kilimarik: %2,2ko hazkundea du, inflazioa %0,5ekoa eta langabeziarik ez —%3koa baino ez—.
Arrakasta ekonomiko hori aski da merkatuetako salerosleen kontzientzia kolektiboa asetzeko. Erortzen ari den erauntsiarekin, merkatuetako inbertitzaileei aterpe gutxi geratzen zaizkie honez gero, eta %100eko segurtasuna ematen duten inbertsioak bilatzerakoan, beti erantzun bera topatzen dute askok: urrea... eta franko suitzarra. Errealitateak inoiz profanatu gabeko merkatuetako arau sakratu horietako bat da Suitza: urrearekin batera, franko suitzarrak erostea da egun egin daitekeen inbertsiorik fidagarrienetako bat.
Alabaina, arrakasta hori madarikazio bat bihur daiteke Suitzarentzat. Frankoak erosteko eskaintza handitu egin da nabarmen, eta haren truke tasak igoera handia izan du. Azken urte eta erdian, franko suitzarra %25 garestitu da euroarekiko.
Franko suitzarraren prezioa artifiziala da. Ekonomia sendoa izanagatik ez du bere errealitate ekonomikoa islatzen, merkatuen aurreikuspen bat baizik. Goldman Sachs Wall Streeteko inbertsio bankuak egindako azterketa baten arabera, egungo trukeak baino %70 gutxiago balio beharko luke frankoak.
Suitzako enpresak ohituta daude franko garesti bat izatera, eta tradizionalki bere diruaren gainbalioari produktibitatea handituta eta ekoizpen prozesuan eraginkortasun neurriak ezarrita erantzun diote. Horri esker, ekaineko azken datuek hasiera batean ez dute arazorik adierazten: iazko epe bereko datuekin alderatuta, esportazioek %3 egin zuten gora.
Dena den, behin neurri horien marjina amaituta, ezinbestean frankoaren gainbalioa ekonomiari eragiten hasi zaio, eta otsailetik ekainera esportazioen erritmoa jaisten hasi da. Alarmak, ordea, udan piztu dira, frankoak azken asteetan egin duelako bereziki gora. Emmental gazta suitzarraren ekoizleek, adibidez, berriki onartu dute aurten esportazio bidez %17 gutxiago fakturatu dutela. Turismoko arduradunek, berriz, suitzarrei eskatu diete aurten herrialdean bertan egoteko oporretan.
Swatch erloju marka ezaguneko presidente Nick Harny, berriz, urte hasieratik ari da BNS Suitzako Banku Nazionalari eskatzen frankoa debaluatzeko. Debaluazioak «espekulatzaileak» geraraziko lituzkeela arrazoitzen du.
Duela bi aste, BNS banku zentralak azkenik merkatuetan esku hartu eta likidezia jaulki zuen diru merkatuetan. Hori ez zen aski izan, eta, aurreko astean, frankoaren truke tasak inoizko truke handiena erdietsi zuen euroarekiko eta dolarrarekiko. Ezinbestean, BNSk berriro esku hartu eta erregai gehiago bota du diru merkatuetan: 120.000 milioi frankotik 200.000 milioi frankora igo du likidezia. Era berean, frankoa euroari lotzeko gertu azaldu da.
Suitzako Gobernuak, berriz, 2.000 milioi franko emango ditu industrian eta turismoan eragindako kalteak konpontzeko. BNSren eta gobernuaren esku hartzeak erakusten du Suitza dena egiteko gertu dela frankoaren trukea desorekatu ez dadin.
Interes tasa negatiboak
Neurriok izan dute eraginik. Batetik, apal bada ere, frankoak behera egin du. Bestetik, Londresko bankuen arteko merkatuan ezohiko zerbait gertatu da. Iragan astetik, Euriborraren pareko Libor indizeak —epe zehatzetara bankuek elkarri mailegatzen dioten diruaren interes tasa adierazten du—, franko suitzarrean egindako oso motzerako maileguetan, interes tasa negatiboak erdietsi ditu: hau da, dirua mailegatzen duen bankuak ez du dirurik jasoko; alderantziz, hark ordaindu beharko du dirua.
Horrek hoztuko al du inbertitzaileen adorea ala franko suitzarrak erostea hain da pribilegiozkoa non nahiago baita txanpon horretan mailegatzeagatik dirua ordaintzea? Hasiera batean irudi du adorea hoztu dela eta frankoak beherantz egin duela, baina ikusteko dago epe ertainera nahikoa ote den. Azken finean, aberatsa izanagatik, Suitzaren moduko herrialde txiki batek geraraz al ditzake merkatuak? Ekonomikoki gauzak gaizki egitea jada ez baita aski merkatuen biktima izateko. Ikasle finek ere jasan dezakete merkatuen presioa.
Suitza, dena egiteko gertu
Franko suitzarra inbertsio segurutzat jotzen delako, euroarekiko truke tasa %25 handitu da, eta Suitzan alarma guztiak piztu diraBanku zentralak likidezia jaulki du, eta gobernuak 2.000 milioi franko eman ditu galerak berdintzeko asmoz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu