Suitzak UBSren ia %10 erosi du eta aktibo kutsatuak hartu dizkio

Citigroupek 10.500 milioi dolar galdu ditu lehen bederatzi hilabeteetan eta 14.500 milioi Merrill Lynchek

Iker Aranburu.
2008ko urriaren 17a
00:00
Entzun
Finantza krisia lehertu zenetik begirada maltzur asko erakarri ditu UBSk, Europako bankuen artean AEBetako finantza produktu gehien salerosi zituen erakundea zelako. Bere kontuak garbitzeko saioetan arrakasta handia izan ez duenez, azkenean Suitzako Estatuaren laguntza jaso behar izan du. Atzo zabaldu zenez, Gobernuak 3.000 milioi euroan handituko du UBSren kapitala, eta akzioen %9,7 bereganatuko ditu.

Gainera, Suitzako Banku Nazionalak sortutako kutxa batek bere gain hartuko ditu UBSren kontuetan dauden 60.000 milioi dolarreko aktibo toxiko -9.000 milioi soilik geratuko zaizkio-. UBSk 6.000 milioi dolar jarriko ditu funts horretan eta banku zentralaren mailegua jasoko du besteak finantzatzeko.

Suitzako beste banku handiak, Credit Suissek, bere kabuz bildu du aurrera egiteko behar duen kapitala. 6.300 milioi euro emango dizkiote inbertsiogile pribatuek, horretatik zati handi bat Qatarreko inbertsio funts subiranoak.

AEBetan kapital publikoa jasoko duten bi bankuk sekulako galerak iragarri dituzte. Citigroupek 10.421 milioi dolar galdu ditu urtarriletik irailera, eta jakinarazi du 11.000 langile kaleratuko dituela. Dagoeneko 23.000 lanpostu kendu ditu aurten. Merrill Lynchek are diru gehiago galdu du: 14.498 milioi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.