Enpresak

Sunsundeguik autobusak egingo ditu Volvorentzat

Altsasuko fabrikaren etorkizuna bermatuko du bi ekoizleek egindako akordioak, ekoizpen ahalmena bikoiztea eta 400 lanpostu berri sortzea eragingo baitu.

Sunsundeguiren Altsasuko fabrika, artxiboko argazki batean. LANDER F. ARROIABE/FOKU
aitor biain
2023ko maiatzaren 4a
17:38
Entzun

Sunsundegui autobus konpainiak Volvo markako ibilgailuak egingo ditu datorren urtetik aurrera. Bi auto ekoizleek akordioa egin dute, eta, horri esker, Altsasuko (Nafarroa) fabrikaren geroa bermatua izango da hurrengo lau urteetan bederen, lantegiaren ekoizpen ahalmena bikoiztu eta langile kopurua hirukoiztu egingo baitira. Urtean 800 ibilgailu egiteko, 400 langile baino gehiago kontratatu beharko dituztela aurreikusi dute.

Akordioaren arabera, goi gamako autobusak izango dira, azken belaunaldikoak. Datorren urteko maiatzean ekingo diote ekoizpenari, eta asmoa da 2025erako merkatuan izatea. Iragarri dutenez, ekoizpena pixkanaka handituko dute, eguneko bi ibilgailu egiteraino; modu mailakatuan egingo dute hori, bederatzi eta hamabi hilabeteko tartean. Gainera, gaur egungo jardunari ere eutsi egingo diote prozesuak irauten duen bitartean.

Horren ondorioz, Altsasuko fabrikan egunean lau autobus ere egitea espero dute, urtean 800 ibilgailu inguru izateraino; gaur egun baino 420 unitate gehiago da hori. Horri esker, fakturazioa ere nabarmen handituko da. Izan ere, Sunsundeguik 50 milioi fakturatzea espero du aurten; baina ibilgailu berriari esker, uste du 2028an 151 milioi baino gehiago fakturatuko dituela. Horretarako, halere, egokitzapen lanak egin beharko ditu nola lantegian hala lantaldean. Oraintxe 240 langile inguru baditu ere, urte amaierarako 280 izango direla kalkulatzen dute, eta 2027rako baliteke 700 baino gehiago izatea.

Sakanako autobus ekoizleak garai zailak igaro ditu azken hamarkadan; hondoa jotzear ere egon zen Atzeraldi Handiaren osteko urteetan, baina Sodena enpresa publikoak erreskatatu zuen 35 milioi eurotik gorako inbertsioa eginez. Pandemiaren osteko krisiak ere gogor jo zuen enpresan, eta nabarmen jaitsi zuen eskaera zorroa. 2019an, 462 autobus ekoitzi zituen konpainiak, eta iaz, berriz, 160 baino ez ziren izan. Ataka estuan zen enpresa.

Volvorekin egindako hitzarmenak aro berri bat zabalduko du lantegian, baita harentzat lan egiten duten eskualdeko enpresa txikientzat ere. Bada, akordioak duen garrantzia azpimarratu du Jose Ignacio Murillo Sunsundeguiko zuzendari nagusiak, eta zehaztu du «lankidetza arrakastatsu baterako oinarri sendo bat» izango dela.

Albiste garrantzitsua

Maria Txibite Nafarroako Gobernuko presidenteak ere ituna goratu du. Nabarmendu du «oso albiste ona» dela Nafarroarentzat, eta bereziki «estrategikoa» Sakana eskualdearentzat. «Lantegiren geroa ziurtatuko du», esan du. Astean elkartu dira gobernuko ordezkariak bi aldeekin, proiektuaren xehetasunak ezagutzeko.

Txibitek azaldu duenez, foru gobernua prest dago inbertsioak egiten laguntzeko. Lehen ere egin zuela gogorarazi du presidenteak, eta, horri esker, egun jabetzaren %51 duela, hain justu ere. «Akordio honek lantegiaren etorkizuna bermatzen du, eta sektore publikoa pribatuaren akuilu izan daitekeela ere erakusten du».

Horixe azpimarratu du Geroa Baik ere: «Sunsundeguiren etorkizuna eta eskualdeko gainerako enpresena ere finkatu egiten da gaur, 11 urteko zailtasunen ondoren».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.