Sute bat piztu da gaur arratsaldean Aernnova aeronautika enpresaren instalazioetan, Berantevillan (Araba), eta arratsaldeko txandako langile guztiak —150 inguru— ebakuatu behar izan dituzte segurtasun neurri gisa. Ez da inor zauritu.
Sua 16:50 aldera piztu da, Lacorzanilla industrialdeko plantan; zehazki, pintura gelan. Ke trinkoa instalazio osoan hedatu da, baina ordurako langileak eraikinetik kanpo zeuden. Oraindik ez dago argi sua zerk eragin duen.
Pintura gela erabat kiskali da, baina gainerako instalaziotik bereizitako eta sektorizatutako eremua izanik, ez da hedatu lantegiko beste gune batzuetara.
Arratsaldeko seiak baino lehentxeago kontrolatu eta itzali dute sua Arabako Foru Aldundiko suhiltzaileek, eta, EFE berri agentziak azaldu duenez, han jarraituko dute, lantegia erabat aireztatu arte.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak adierazi du ez dela inor zauritu. Suhiltzaileak Iruña Oka eta Espejoko parkeetatik mobilizatu dira, eta Ertzaintzak ingurua hesitu du. Kea oraindik ere ikus daiteke inguruko hainbat lekutatik.
2015eko apirilaren 22an, antzeko beste sute bat gertatu zen Aernovaren Gasteizko lantegian, pintura gelan orduan ere, baina kalte materialak askoz ere handiagoak izan ziren.