Talgo: bi urteko itzulerako bidaia

2023ko azaroan egin zuen Talgo erosteko eskaintza Magyar Vagonek, baina Espainiako Gobernuaren betoak atea ireki zion euskal partzuergoaren aukerari.

Talgoren egoitza nagusiaren irudia, Las Rozasen (Madril). J.P.GANDUL / EFE
Talgoren egoitza nagusiaren irudia, Las Rozasen (Madril). J.P.GANDUL / EFE
2025eko azaroaren 7a
15:48
Entzun 00:00:00 00:00:00

2023ko azaroa. Hungariako Magyar Vagon taldeak Talgo erosteko asmoa agertu zuen. 2024ko martxoan aurkeztu zuen eskaintza: akzioen %100 erosi nahi zuen, akzio bakoitza 5 euroan; 619 milioi euro guztira.

2024ko uztaila-iraila. Txekiako Skoda Transportation tren fabrikatzaileak Talgori eskaini zion bi enpresen arteko fusioa egiteko, baina Talgoko administrazio kontseiluak aukera baztertu zuen, akziodunek erosteko eskaintza publikoa (EPP) nahiago zutelako.

2024/08/27. Espainiako Gobernuak betoa ezarri zion Magyar Vagon hungariarrari. Talgoko akziodunen oniritzia zuen operazioak, baina Talgok izaera estrategikoa duela argudiatuta, atzerriko inbertsioak mugatzen dituen dekretua baliatu zuen. Magyar Vagonek Viktor Orban lehen ministro ultraeskuindarrarekin lotura edukitzeak ez zuen begi onez ikusi Espainiako Gobernuak.

Magyar Vagon
Magyar Vagoneko ordezkari baten agerraldia, Madrilen. FERNANDO ALVARADO / EFE

2024ko urria-abendua. Eusko Jaurlaritzak jakinarazi zuen lanean ari zela Talgok Euskal Herrian errotuta jarrai zezan. Lankidetza publiko-pribatua proposatu zuen gobernuak, eta, Finkatuz funts publikoarekin batera, beste enpresa batzuekin negoziatzen ari zirela aurreratu zuen. Handik egun batzuetara, Jose Antonio Jainaga Sidenorreko presidenteak iragarri zuen eskaintza bat egiteko prest zegoela. Akzioko lau euro eskaini zuen. Espainiako Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren babesa jaso zuen.

2025/02/06. Eusko Jaurlaritzak —Finkatuz funtsaren bidez—, BBK eta Vital fundazioek bat egin zuten Sidenorrekin, eta Talgoren kontrola hartzeko asmotan, Jainagaren hasierako eskaintza hobetu zuten. 4,15 eurora igo zuten akzioko prezioa, eta 4,8 eurora igotzeko aukera zabaldu zuten Talgok 2027rako eta 2028rako aurreikusiak dituen helburuak lortuz gero. Orotara, 177 milioi euroko operazioa: 45na milioi Sidenorrek, Finkatuz-ek eta BBKk jarriko lituzkete, eta 20 milioi euro Vitalek. 

Pradales eta Jainaga
Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakaria eta Jose Antonio Jainaga Sidenorreko burua. IREKIA

2025/02/08. PFR Poloniako funts publikoak (Pesa tren konpainiaren jabea) eskaintza bat egiteko prest zegoela jakinarazi zuen. Bi enpresen arteko elkarlan bat proposatu du abiadura handiko trenen sektorean «Europako txapeldun» bihurtzeko.

2025/02/12. Espainiako Ekonomia ministroa, Carlos Cuerpo, Varsovian zegoela, Poloniako prentsan zabaldu zen PFR funts publikoak berehalakoan zabalduko zuela eskaintza. Segurutzat jotzen zuten Talgoren akzioen %100 eta akzioko bost euroren truke erosteko eskaintza jarriko zuela mahai gainean, eta horrek berehalako eragina izan zuen burtsan: Talgoren akzioek %4tik gora igo ziren. Cuerpok Poloniako ekonomia, azpiegitura eta finantza arloko ministroekin bilera amaitu eta gutxira, CNVM Balore Merkatuaren Espainiako Batzordeak ezeztatu zuen PFRk eskaintzarik egin zuela.

2025/02/13. Poloniako PFR funtsak, Espainiako Gobernuaren oniritzirik ez zuela ikusita, albo batera egitea erabaki zuen. Bide bera hartu zuen Indiako Jupiter Wagons tren fabrikatzaileak. Ondorioz, bidea libre utzi zioten Sidenorrek buru duen euskal partzuergoari.

2025/02/16. Imanol Pradales Jaurlaritzako lehendakariak ziurtzat eman zuen euskal partzuergoak akzioak erosiko zituela. Operazioa hiru asteko epean gauzatuko zela iragarri zuen. 

2025/02/28. Talgok 2024ko zenbakiak ezagutarazi zituen: 107 milioi euroren galerak, hein handi batean Renferen isuna ordaintzeko 116 milioi gorde zituelako. Hori bai, eskari zorro handi baten berri eman zuen: 4.173 milioi euroren eskariak ditu.

2025eko uztail hasiera. Talgoren kontrola osatzeko euskal partzuergoko kideek Espainiako Gobernuak ere operazioan parte har zezala eskatu zuten. Hilaren 15ean Pradalesek ziurtzat eman zuen Espainiako Gobernuak pausoa emango zuela.

2025/07/25. Espainiako Gobernuko Ministroen Kontseiluak SEPI sozietate publikoari baimena eman zion Talgon inbertitzeko: 45 milioi kapital handitze baten bitartez eta 30 milioi akzio bilakatu daitezkeen mailegu baten bitartez.

2025/09/30. Talgok inoizko zenbaki txarrenak aurkeztu zituen. 65,7 milioi euro galdu zituen urtearen lehen sei hilekoan. Konpainiak jakinarazi zuen 650 milioi euroko zorra birfinantzatzeko eskaintza egin ziela bere hartzekodun ziren bankuei. Onartu egin zuten.

2025/10/24. Espainiako Auzitegi Nazionalak Jose Antonio Jainaga eta Sidenorreko zuzendaritzako bi kide inputatu zituen Israelgo armagintza enpresa bati altzairua legez kanpo saltzeagatik. Kontrabando egitea egotzi zien eta genozidioaren konplize izatea. Asteazkenean dira deklaratzekoak.

2025/10/27. Eusko Jaurlaritzak eta BBK eta Vital fundazioek esan zuten Jainagaren inputazioak ez duela eraginik operazioan eta aurrera jarraituko dutela.

2025/11/07. Sidenorrek, Eusko Jaurlaritzak eta BBK eta Vital fundazioek Talgoren akzioen %29,76 erosteko tratua sinatu dute Pegaso sozietatearekin.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.