Haren etorkizuna argitzeko negoziazioak abian diren artean, Talgok aldi luze baterako lana bermatuko dion kontratua lortu du Alemanian. Tren ekoizleak iragarri baitu Flix garraio operadoreari abiadura handiko 65 tren egingo dizkiola, 2.400 milioi euroren truke. Litekeena da haietako batzuk Ribabellosan (Araba) duen fabrikan egitea, tren ekoizleak argitu ez badu ere.
Talgok azaldu duenez, oraingoz 30 tren egingo dizkio Flix Traini, 1.060 milioi euroren truke. Eta horiek mantentzeaz ere arduratuko da hurrengo hamabost urteetan. Hala ere, soilik bagoiak egingo dizkio, lokomotorren ekoizpenaz beste bat arduratuko baita. Talgo 230 plataformakoak izango dira, eta, Alemanian ez ezik, Austrian, Herbehereetan, Danimarkan eta Suedian ere ibiliko dira. Izan ere, trenok Europa osoan ibiltzeko diseinatuta daude, trenbideen zabalerara egokitzeko gaitasuna baitute.
Flix garraio operadore nagusietako bat da Europan, eta distantzia luzeko eta prezio apaleko garraio zerbitzua ematen du, trenez nahiz autobusez. Enpresak uste du hurrengo urteetan nabarmen areagotuko dela abiadura handiko treneko garraioa, eta prest egon nahi du horri erantzuteko. Soilik Alemanian, 2030erako eskaria %45 handituko dela uste du. Europan, berriz, urtetik urtera %4-5 artean handitzea aurreikusten dute adituek.
«Luzera begirako estrategia bat gauzatzen ari gara, eta gure zerbitzuak nabarmen handituko ditugu datozen urteetan. Gure tren kopurua handituko dugu, eta aro berri bat hasiko dugu Alemaniako eta Europako tren garraioan», adierazi du Andre Schwammlein Flixeko kontseilari ordezkariak.
Europa merkatu estrategikoa da Talgorentzat, garraioaren deskarbonizaziorako egiten ari den apustuagatik. Hori dela eta, kontratuak hiriarteko garraioan duen posizioa indartuko duela iritzi dio Talgoko presidente Carlos Palaciok: «Harro gaude, gure produktuak lagungarri izango baitira errepideko eta aireko garraioko trafikoa tren garraiora bideratzeko, energia trantsizio azkar eta justua lortzeko helburuz».
Talgok urtebete baino gehiago eman du kontratua negoziatzen, eta hilabeteetako lanaren ondoren gaur eman du akordioaren berri, CNMV Balore Merkatuaren Espainiako Batzordeari jakinarazi ostean.
Galerak lehen hiruhilekoan
Akordioak arnasa emango dio hurrengo urteetan Talgori, lana bermatzeaz gain eskari zorroa ere 6.400 milioi euroraino handituko dio eta. Horri esker, urteko aurreikuspenak txukunduko ditu tren ekoizleak, atzo bertan iragarri baitzuen aurten zazpi milioi euroren galerak izan dituela lehen hiruhilekoan.
Baina, bestetik, buruhausteak ere eragin diezazkioke, jada itota daukan ekoizpen katea are gehiago estutuko diolako. Talgo ezinean ari da trenak garaiz egiteko, eta atzerapenak izaten ari da hainbat eskaritan. Atzo bertan iragarri zuen Alemaniako Deutsche Bahn (DB) tren konpainia publikoarekin negoziatzen ari zela, hitzartuak dituen 79 trenen entrega eguna atzeratzeko. 1.400 milioi euroko kontratua sinatu zuen konpainiarekin, eta, haren arabera, aurten amaitu behar ditu trenak.
jaurlaritzak udarako nahi du akordioa
Talgoren azken korapiloa askatzen ari da, eta gero eta gertuago dago Sidenorrek, Eusko Jaurlaritzak —Finkatuz funtsaren bidez— eta Kutxabanken bi fundaziok —BBK-k eta Vitalek— osatutako partzuergoak tren ekoizlearen kontrola hartuko duten eguna. Lanak uste baino gehiago ari dira atzeratzen, ordea, konpainiak duen zorra berregituratu nahi baita operazioa behin betiko ixteko. Imanol Pradalesen arabera, negoziazioa «konplexua» da, baina iritzi dio ezerezean geratzeko arriskurik ez dagoela. Eta adierazi zuen akordioa «bideratuta» dagoela, eta ekainerako ixtea espero duela.
Hirukoak otsailean egin zuen aurreakordioa Trilantic funtsarekin, haren esku dagoen kapitala erosteko (%29,77).