Talgoren egoitza soziala eta fiskala Arabara itzuli dituzte

Administrazio kontseilu berria eratu dute, eta horko kide izango dira Sidenorreko Jose Antonio Jainaga eta Maite Etxarri, eta Rafael Sterling, Arantza Estefania eta Ricardo Txokarro independenteak.

Talgoren lantegia Ribabellosan, Araban. IRICO / EFE
Talgoren lantegia Ribabellosan, Araban. L. RICO / EFE
jokin sagarzazu
2025eko abenduaren 17a
15:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Talgo Euskal Herrira itzuli da. Joan den ostiralean akziodunen batzar orokorra egin eta gero, gaur goizean tren fabrikatzailearen zuzendaritza aldatu dute, eta konpainiaren egoitza soziala eta fiskala Arabara itzultzea erabaki du administrazio kontseiluak.

Era berean, enpresak finantza erakundeekin finantzaketa berria adosteko akordio guztiak sinatu dituzte, kapital gehikuntza batekin Espainiako Gobernua SEPIren bidez akziodun gisa sartzea formalizatu dute, eta Sidenor buru duen euskal partzuergoak akzioen %27,9ren erosketa egitea.

Horren ondorioz, administrazio kontseilu berria eratu dute. Sidenorrek bi aulki izango ditu: Jose Antonio Jainaga presidentea eta Maite Etxarri finantza zuzendaria. SEPIren ordezkaria Juan Antonio Sanchez Corchero izango da, SEA Arabako patronaleko presidentea.

Administrazio kontseilua, hortaz, honako hauek osatu dute: Carlos Palacio Oriol (presidentea eta enpresa sortu zuen familiaren ordezkaria), Jose Antonio Jainaga, Maite Etxarri, Antonio Oporto del Olmo, Marisa Poncela eta Gonzalo Urquijo. 

Kontseilari horiei beste bi gehituko zaizkie: Arantza Estefania eta Ricardo Txokarro. Estefania kontseilaria da Repsolen, CIE Automotiven eta Dominionen. Txokarro, berriz, Aernnovako kontseilari ordezkaria izan zen zazpi urtez, eta, Gamesan eta Siemens Gamesan hemezortzi urtez aritu zelarik, lurreko haize erroten negozioko buru izatera iritsi zen.

Lan karga arintzeko erronka

Gonzalo Urquijo kontseilari izendatu dute, baina ez du jarraituko konpainiaren kontseilari ordezkari karguan; haren ordez, Rafael Sterling arituko da, enpresako zuzendari nagusi gisa.

Sterling bederatzi urtez izan zen Irizarren kontseilari delegatua. Haren erronka nagusia izango da Talgok inoiz izan duen lan kargarik handienari aurre egiteko plan bat diseinatzea. Tren ekoizleak buruhauste handiak ditu, bere produkzio katea ezinean baitabil trenak garaiz egiteko, eta atzerapenak izaten ari da hainbat eskaritan. Horren adibide da Deutsche Bahn konpainiarekin zuen kontratuaren murrizketa: hasieran hitzartutako 79 trenetatik 60 egingo ditu azkenean. 

Gaur adostu dituzten aldaketa guztiak akziodunen batzarrak berretsi beharko ditu. Urtarrilaren 27an bilduko da, Araban.

%27,4

Euskal partzuergoaren akzioak. Talgoren akzioak horrela banatuko dira: %27,4 euskal partzuergoaren esku daude: Jose Antonio Jainagaren Clerbil sozietatearenak dira %7,8, Eusko Jaurlaritzaren Finkatuz funtsarenak %7,8, BBKrenak %7,8 eta Vitalenak %3,9. Beste %26 akziodun hauena da: Pegaso %9,3, SEPI %7,8, Torrblas %5,0, Torreal %3,2, Autocartera %0,7. Gainerakoa, burtsan salerosten dira.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.