Tamainak badu garrantzia kutsaduran

2022ko urtarrilaren 4a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
SUV noranahiko autoak munduko herrialde bat izango balira, karbono dioxido isurlerik handienetan seigarrena izango lirateke. Nazioarteko Energia Agentziak (IEA) egin duen txosten baten arabera, modelo horretako autoak inoiz baino gehiago saldu ziren 2021ean: 2020an baino 35 milioi auto gehiago matrikulatu ziren (%10 gehiago), eta saltzen diren auto guztien %45 dira jadanik. Hazkundea geldiezina dela ere ohartarazi du IEAk: 50 milioi inguru ziren 2010ean, eta 320 milioi dira oraintsu.

Jakinekoa denez, beste errekuntza autoek baino erregai gehiago kontsumitzen dute: %20 inguru gehiago, batez beste. Halaber, handiagoak izanik, askoz ere bateria handiagoak behar dituzte. Horrek ere bihurtzen ditu arazo, urriak diren mineral kritiko gehiago kontsumitzen dituztelako auto bakoitzeko.

IEAren arabera, CO2 isurketen hazkundearen arrazoi nagusietako bat da SUV auto gehiago saldu izana. Energia sektoreak bakarrik izan du, 2010etik 2021era, hazkunde handiagoa. Atzetik doazkio industria astuna, kamioien garraioa eta hegazkingintza. SUV autoekiko zaletasuna bereziki handia da AEBetan, Europan, Indian eta Txinan. Hala ere, azken herrialde horretan hazkundea gelditzen ari da, IEAk emandako datuen arabera. Izan ere, kontsumitzaile txinatarrek nahiago dituzte bateria txikiko auto elektrikoak.

SUV auto elektrikoak ere gero eta gehiago direla jakinarazi du energia agentziak. Hain zuzen ere, aurten merkaturatu diren auto elektriko gehienak (%55) mota horretakoak izan dira. Nolanahi ere, errepideetan dauden SUV autoen %98 errekuntzakoak dira gaur-gaurkoz. IEAk nabarmendu du hainbat herrialdetan hasiak direla ohartzen auto horiek klima larrialdiaren testuinguruan ekartzen duten arriskuaz, eta zerga bat ezartzen. «Autoen tamaina da agintari politikoek gertutik zaindu behar dituzten faktoreetako bat», ohartarazi du IEAk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA