Gerra bat amaitzen denean, beti egoten da arriskua hura berriro pizteko, batez ere gatazka hori amaiarazteko oinarri sendoak jartzen ez badira edo beste eraso bat gertatzen bada. Duela sei urte, Bilboko taxilarien haserrea piztu zuen IG ibilgailu gidaridunen Uber zerbitzua hirian zabaldu izanak. Bada, aurtengo uztailaren hasieratik, beste lehiakide bat dute: Cabify.
Borja Musoms Taxilarien Euskal Federazioko presidenteak argi du: taxilarientzat, arazoa ez dira IGak, baizik eta Uber, Cabify eta «araudiari jaramonik egiten ez» dioten halako beste plataformak. «Oso trebeak dira arautegian zirrikituak aurkitzen».
«Uber eta Cabify plataformek unean-unean sortzen zaizkien eskaerei erantzuten diete, eta bidaiak egiten dituzte herri barruan; taxilariek ematen dugun zerbitzu bera ematen dute, alegia»
BORJA MUSOMS Taxien Euskal Federazioko presidentea
Taxiek ez bezala, IGek baimena dute «48 ordu lehenago hitzartutako bidaiak» egiteko, eta horiek ezin dira herri barruko joan-etorriak izan, inondik inora: «Uber eta Cabify plataformek, ordea, unean-unean sortzen zaizkien eskaerei erantzuten diete, eta bidaiak egiten dituzte herri barruan; taxilariek ematen dugun zerbitzu bera ematen dute, alegia», salatu du Musomsek.
Cabifyko arduradunek azaldu duenez, «turismoak gora egin duenez eta gero eta biztanle gehiago dagoenez, garraio irtenbideak behar dira Bilbon, egoiliarren eta bisitarien beharretara egokitzeko modua izan dadin». Hori gutxi ez, eta Loiuko aireporturako ibilbideetan «taxien eskasia bereziki areagotu» dela diote IG ibilgailu gidaridunen plataforma horretako arduradunek.
Taxilarien Euskal Federazioak ez du zalantzan jartzen Bilboko taxien zerbitzua indartu egin behar dela: «Ditugun baliabideak erabiltzen ari gara. Izan ere, ez dauka zentzurik lizentzia berriak ateratzeak, ez baitakigu garai hau igarota eskaerak behera egingo duen ala ez», azaldu du Musomsek.
«Turismoak gora egin duenez eta gero eta biztanle gehiago dagoenez, garraio irtenbideak behar dira Bilbon, egoiliarren eta bisitarien beharretara egokitzeko modua izan dadin»
CABIFY
Bizkaiko Foru Aldundiko Garraio Sailaren arabera, berriz, indarrean dagoen araudia zorrotz betetzen duten bitartean ez da zertan arazorik egon IGen eta taxien artean: «Zerbitzu osagarri bat eskaintzeko aukera izan dezakete, garraio publikoak eta taxi zerbitzuak barne hartzen ez dituzten ordutegi edo eremu jakinetan».
Arau hausteak eta zigorrak
Baina IGen plataformek arau hausteak egiten dituzte, edo hala uste du behintzat Araba, Bizkai eta Gipuzkoako taxilarien elkarteak: «Ezin dira kalean hara-hona ibili bezero bila», gogoratu du Musomsek. Zehazki, Uberreko eta Cabifyko autoek ezin dute kalean inor jaso erabiltzaileak ez badu zerbitzua aurrez kontratatu, Espainiako Auzitegi Gorenak ebatzi duenez: «Hala ere, askotan ikusi izan ditugu taxien geraleku hutsetara hurbiltzen bezeroren batek eskua altxatzen duenean, edo gasolindegiren batean itxaroten», salatu du taxilarien elkarteko bozeramaileak. Aitzitik, taxilariek geralekura itzuli behar izaten dute joanaldi bat amaitzen dutenean: bakoitzak bere lekura edo herrira, lizentzia eman dien udalaren arabera.
«Indarrean dagoen araudia zorrotz betetzen duten bitartean, zerbitzu osagarri bat eskaintzeko aukera izan dezakete, garraio publikoak eta taxi zerbitzuak barne hartzen ez dituzten ordutegi edo eremu jakinetan»
BIZKAIKO FORU ALDUNDIKO GARRAIO SAILA
IGek, halaber, debekatuta daukate hiri barneko zerbitzuak ematea: hiri batetik besterakoa baino ezin dute eskaini. Dena den, Auzitegi Gorenak baimena luzatzea ebatzi zuenez gero, 2026ko maiatzera arte horretarako aukera duten berrogei ibilgailuk baino gehiagok lan egiten dute Uberren eskumeneko enpresa batean Bilbon, Taxilarien Euskal Federazioko presidenteak aitortu duenez: «Ez dugu atsegin, baina legezkoa da». Auto horiek, gainera, ez dute geraleku jakinik. «Hala ere, norbaitek esan beharko die zer udalerritan jardun behar duten, ezta?».
BIZKAIAN, NAFARROAN ETA LAPURDIN
Bizkaiko Foru Aldundiak 2019an zabaldu zizkien ateak IG ibilgailu gidaridunen plataformei, Uberri baimena eman baitzion Bilbon aritzeko. Orain, Cabifyri zabaldu dio aukera. Uberrek 70 lizentzia inguru ditu, eta Cabifyk, oraingoz, hamabost. Nafarroan, berriz, Uber ari da, eta 90 baimen ditu. Espainiako Gobernuak autonomia erkidegoen esku utzi zuen eskumen hori. Muga bat ezarrita, hori bai: gehienez IGentzako baimen bat eman dezakete 30 taxiko. Horren oso azpitik daude Bizkaian eta Nafarroan. Gipuzkoan, berriz, ratio horri eusten diote baimenik ez emateko, «ingurumen arrazoiak» direla eta. Interesa zuten enpresa batzuek auzitara jo dute. Araban ere ez dute baimenik eman. Lapurdin, berriz, Uberrek eskaintzen du zerbitzua, Baionan eta Miarritzen, eta 35 baimen ditu.
Taxilarien Euskal Federazioak behin baino gehiagotan eskatu dio Bizkaiko Aldundiari plataformetan diharduten IG ibilgailuen arau hausteak kontrolatzeko. Izan ere, aldundiak du zigorrak jartzeko eskumena. Bilboko Udalari ere gauza bera eskatu diote.
«Beti esaten digute hori oso zaila dela kontrolatzea. Hortaz, bai aldundiak bai udalak badakite IGak arauak hausten ari direla», azpimarratu du Musomsek. Erakunde publikoek behaketak egiten dituztela gehitu du, baina elkartean ez dutela emaitzen berri: «Dakigun gauza bakarra da oraindik ere hirian barrena hara eta hona ikusten ditugula Uber eta Cabifyren IGak. Beraz, behaketa horiek ez dira horren eraginkorrak».
Bestalde, Taxilarien Euskal Federazioko presidenteak «adarjotzetzat» jo ditu agintariek egindako kontroletako batzuk: «Behaketak Loiuko aireportuan egiteko ohitura daukate, eta bertan ez dago IG bat herri barruko bidaia bat egiten harrapatzerik, Deriotik heltzen dira eta».

Garraio Sailak adierazi du «zorrotzak» direla sektoreko eragile guztiek araudia betetzen ote duten kontrolatzeko orduan. IGei 1.500 eurorainoko isunak jar diezazkiekete kasu arruntetan —batez ere herri barruko garraioan aritzeagatik—, baina egoera larriagoen berri izan edo arau hauste bera behin baino gehiagotan egin dutela ikusiz gero, isunak 50.000 eurokoak ere izan daitezke. Aldundiak ikuskaritza kanpaina bat abiatu du, baina nagusiki udaltzainak arduratzen dira hiri barruko kontrolaz.
Are, badago taxilarien mesfidantza pizten duen beste arrazoi bat: prezioak. Musomsek adierazi duenez, «BBK jaialdian, esaterako, Moiuatik Kobetamendira joateagatik 50 euro kobratzen ibili ziren». Taxiek, berriz, Eusko Jaurlaritzak ezarritako salneurriak dituzte, gogoratu duenez.
Taxilariak datorren irailaren 8an mobilizatuko dira, UGT sindikatuaren UPTA elkarteak deituta. Taxilarien Euskal Federazioak, baina, ez du bat egin, UPTArekin dituzten desadostasunak «erabatekoak» dira eta, Musomsek argitu duenez: «Taxilari gutxi batzuen babesa baino ez du UPTAk. Gainera, haien irainek ez diete mesederik egiten IGen jarduna kontrolatzeko asmoz administrazioekin izaten ari garen hartu-emanei».
UBERREKO GIDARIAK, ORAINDIK ERE GREBAN
Itziar Larrazabal ELAko zerbitzuen arloko arduradunak gogorarazi duenez, abenduaren 11tik greban daude Uberreko gidariak: zehaztu duenez, IGen plataforma horrentzat lan egiten duten Ares Capital eta Moove Car enpresetako beharginak dira. Hasieran, Ares Capitalek daukan lan hitzarmena Moove Carren aplikatzeko negoziatzen zebiltzan, baina kaleratze batek dena gelditu du.
«Epaile batek ebatzi zuen langile horri Bizkaiko bidaiarien garraio arloko hitzarmena aplikatu behar zaiola, eta, hori horrela bada, Uberreko gidariei diru asko zor zaie», nabarmendu du Larrazabalek. Izan ere, ELAkoak gogorarazi du plataforma hartako beharginei zerbitzua eskaintzen ematen duten denbora bakarrik zenbatzen dietela lan denboratzat, gehi denbora horren %30.
Orain, Espainiako Auzitegi Gorenaren sententzia baten zain daude, arrazoia ote duten zehazteko eta ondoren negoziatzen jarraitu ahal izateko.