Guda zelaia zabalik egongo da aurrerantzean ere. Hori izan daiteke 2014. urterako smartphone eta tableten merkatuan egin daitekeen aurreikuspen nagusia. 2013an lehia handia egon da konpainien artean, batez ere urte amaieran Googlek Nexus 5ekin merkatua hautsi zuenean: goi mailako smartphone bat merkaturatu zuen, kategoria bereko telefonoen erdi prezioan. Urte berriak joera hori berretsiko du, eta horretarako nahikoa arrazoi egongo da; lehenengoa, eta nagusia, salmenten gorakadak eragindakoa.
Gartner aholkularitza enpresak egindako aurreikuspenaren arabera, 2013. urtearen amaieran 2.348 milioi informatika gailu saldu ziren mundu osoan, eta espero du urte berriaren amaieran kopuru hori 2.506 milioira igotzea. Balantza horretan, ordenagailuek bakarrik izango dute galera, salmenta jaitsi egingo baita: 305 milioi ordenagailu 2013an, eta 289 milioi 2014an. Eta txanponaren beste aldean daude tableta eta smartphone-en merkatuak. Iaz 201 milioi tableta saldu zituela kalkulatu du Gartnerrek, eta aurten 276 milioira egingo dute jauzi. Telefonoen esparruan, ia 100 milioi gailu gehiago salduko dira urte berrian: iaz 1.821 milioi, eta aurten 1.901 milioi. Datu horiek ikusita, merkatua gero eta gehiago zabaltzen ari dela sumatu daiteke, eta horrek areagotu egingo du konpainia nagusien artean lehia.
Applek, esaterako, dagoeneko emana dauka salmentak areagotzeko lehen pausoa. Urtarrilaren 17tik aurrera, iPhone 5S eta 5C sakelakoak salduko ditu China Mobile telefonia operadorearen bitartez. Orain arte, Asiako herrialde horretan ez du nahi adinako salmentarik egin Applek, Samsungek telefono merkeagoak eskaintzen baititu. Baina analista gehienek espero dute salmentek gora egingo dutela, 760 milioi erabiltzaile dituen telefonia konpainia horrekin akordio bat lortu ondoren. Akordioari esker, Applek espero du 20 eta 30 milioi telefono gehiago saltzea aurten, Txinako merkatuan bakarrik.
Baina salmenten gorakada horrek ez du bultzatuko Appleren iOs sistema operatiboa mundu mailako lidergora. Android sistemak jarraituko du beste urtebetez lehen postuan, 2012. urtetik salmenta kopurua bikoiztuz. Orduan, 505 milioi smartphone eta tabletak erabili zuten sistema eragile hori, eta aurten 1.061 milioira igotzea espero du Gartnerrek. Androiden atzetik, Windowsen sistema operatiboa salduko da gehien: 378 milioi saltzea espero dute. Appleren iOsek hirugarren jarraituko du, 354 milioi sakelako eta tabletetan presentzia bermaturik.
Tabletetan lider
Appleren nagusitasuna, ordea, tabletetan dago: 2010ean lehen gailua merkaturatu zuenetik, 170 milioi ale saldu ditu, atzetik doakion Samsungen 54 milioitik urrun. Orain, Koreako konpainia inguratu egin zaio AEBetakoari, eta merkatu kuotan zazpi punturen aldea dago haien artean. Aurten iPad Air tableta plazaratu du Applek, eta horrekin nagusitasuna bermatuko duela espero da. Baina Samsung Galaxy Note 10.1 2014 tabletak gertutik jarraitzen dio. Gainera, tableta berriak merkaturatu egingo dituzte aurten. Aste honetan bertan, aurreikusi da Samsungek 2014an merkaturatuko dituen lau tableta erakutsiko dituela CES elektronika arloko nazioarteko azokan, Las Vegasen, AEBetan.
Azoka horretan bertan, Asus Taiwango konpainiak bi sistema eragile nagusiekin —Android eta Windows RT— lan egingo duen tableta berri bat aurkeztuko du. Kaleratze horrek interes berezia piztu du adituen artean, eta, batzuen ustetan, tableten merkatuan bigarren postuaren bila joango litzateke. Orain, Samsungen atzetik dago Asus, eta azken boladan goraka egin du.
‘Smartphone’ gehiago
Baina CESen ez dira ikusiko tableta berriak bakarrik. Izan ere, smartphone-en merkatuan marka garrantzitsuak diren batzuek —HTC, Samsung, LG eta Sonyk— produktu berriak aurkeztuko baitituzte. Sonyk, esaterako, joan den urteko azokan Xperia Z1 sakelakoa aurkeztu zuen, eta aurten hurrengo modeloa eramango du CESera: Xperia Z2 Avatar. HTC, berriz, azken boladan galdutako merkatua berreskuratzen saiatuko da HTC One eta HTC One Max sakelakoekin. Urtea amaitzen denerako, munduko smartphone merkatuaren %5 bereganatu nahi du Taiwango konpainiak, eta goi mailakoen %15.
Samsungek, berriz, smartphone-en merkatuan duen nagusitasunari hel diezaioke 2014an ere. Galaxy familiako S5 modelo berria plazaratuko du aurten, eta, beste hainbat xehetasunen artean, lau pertsonarekin bideokonferentzia bateratu bat egiteko aukera emango du telefonoak. Produktu horrekin, merkatuan egonkortzeko asmoa luke Samsungek, baina esperimentatzeko tartea ere badauka. Izan ere, prest dauka Galaxy Round, pantaila kurbatua lukeen sakelakoa. Telefonoaren aldeetatik pantaila bat aterako litzaioke, errazago erabiltzeko. Ez da bereizgarri bereziko smartphone bakarra izango, ordea; LGk sakelako malgu bat plazaratuko du. Orain arte, ezagutzera eman izan du pantaila malguen teknologia, baina orain smartphone osoa egingo dute bereizgarri horrekin.
Baina telefonia konpainia ezagunetatik haratago ere egongo da berritasunik. Yota Errusiako markak, esaterako, mundu guztira zabalduko dela jakinarazi du. Eta horretarako ez du edonolako smartphone-a merkaturatuko, bi pantailako bat baizik. Ausardia hori smartphone-en arazo bat saihesteko egin dute. Hau da, pantailak bideo eta argazkiak ikusteko pentsatuta egotea, eta ez testu luzeak irakurtzeko. Bi pantailekin, arazo hori konpondu gura izan du Yotak. Europan eta Ekialde Hurbilean jarriko da.
Bestetik, Ubuntu software libreko enpresak jakinarazi du merkatuan sartuko dituela smartphone eta tabletak. Joan den urtean aurkeztu zuen sistema eragilea, eta pixkanaka bere lekua egiten ari da merkatuan, nahiz eta dagoeneko aseta dagoen.