Baikor bukatu dute Madrilek Espainiako sindikatuek, patronalak eta gobernuak telelanaren lege berria adosteko egindako lehen bilera. Aldeek helegiteak aurkeztu dizkiote Pedro Sanchezen gobernuak mahai gainean jarritako lehen zirriborroari. Idatzi horrek lanaldiaren %20 etxetik egitea nahikotzat ematen zuen langile batek lege berriaren babesa izateko. CEOE patronalaren arabera, Madrilgo gobernuak onartu egin du etxetik aritutako lanaldiaren partea %30era igotzea arau berria aplikatu ahal izateko. Sindikatuek ez dute berretsi halakorik, baina, hala balitz, desberdintasun esangurtsu bat legoke: egun bat ez baina bi egun egin beharko lituzke langile batek etxetik telelanaren legearen babesa lortzeko.
CCOO sindikatuak jakinarazi du negoziazioa «bide onetik» doala, eta «oso baikor» azaldu da lege berria irailean onartzeko helburuari dagokionez. Horiek horrela, Espainiako Gobernuak agiri berri bat igorriko die sindikatuei eta patronalari alde biek egindako ekarpenak aintzat hartuta. Edonola ere, mahai gainean egon den idatziak garbi utzi du administrazioetako langile publikoak ez direla sartuko lege berriarenpean. Beren arau espezifikoekin jarraituko dutela dio agiriak, eta ez du ematen aldaketarik izango denik alor horretan.
Bestalde, enpresek langileen etxeko jarduna kontrolatzeko mugak ere zehazten ditu neurri batean legeak, baina, patronalak nahi bezala, tresna gehiago izango dituzte kontrol hori egin ahal izateko. Langileen «duintasuna» aipatzen du agiriak kontrol horri ezarritako muga gisa. Argi dago kontrolaren inguruan zehatzagoa izan beharko duela legeak.