Tentsioa gorenean Europako Batasunaren eta Txinaren artean

Osteguneko eta ostiraleko Europar Kontseiluan babes tresnak sortzea eztabaidatuko dute, Txinarekiko merkataritza harremana «eutsiezina» bihurtzen ari delako. Txinako Gobernuak ez du onartzen bere esportazioak mugatu ditzakeen inolako tresnarik.

Kontainer ontziak eta kargaontziak kargatzen Shanghaiko portuan. ALEX PLAVEVSKI  / EFE
Kontainer ontziak eta kargaontziak kargatzen Shanghaiko portuan. ALEX PLAVEVSKI / EFE
Irune Lasa.
2026ko ekainaren 14a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Partnership or sinking ship? (Elkarte bat, ala hondoratzen ari den itsasontzia?) Ingelesezko errima hori zuen izenburu Europako Batasunaren eta Txinaren arteko merkataritza harremanei buruzko mahai inguru batek maiatzean Pekinen. Bere mintzaldian, Jens Eskelund Txinako EBren Merkataritza Ganberako presidenteak izenburuko ideiari heldu zion arazoa azaltzeko: «Ez da elkarte bat, ezta hondoratzen ari den itsasontzi bat ere; 400 metro luze den kontainer ontzi erraldoi bat da, 24.000 edukiontzirekin Europara joaten dena eta ia hutsik itzultzen dena».

Topaketa hartako tonua garratza izan zela kontatu zioten diplomazialariek Finbarr Bermingham South China Morning Post egunkariko kazetariari. Eta tonua ez da baretu azken asteetan. Giroa ez baitago gozo EBren eta Txinaren artean.

Horren erakusgarri, aste honetan bertan gertatutakoa: bilera izan zen Bruselan, EBko ordezkarien eta Txinako Merkataritza Ministerioko ordezkarien artean. Handik ordu gutxira, Txinak bertan behera utzi zituen jada eguna ezarria zuten beste bi bilkura. Hori da, omen, halakoetan alde batek bere haserrea edo ezinegona adierazteko modu bat.

Baina Europako Batasunean kezka agerikoa da, Txinatik datorren bigarren shock handiak kolokan jar baitezake blokeko industria, eta epe laburrean suntsitu baititzake oraindik geratzen diren sektore lehiakorrak: besteak beste, makinagintza, kimikagintza, sendagaigintza, eta, jakina, automobilgintza.

Datorren asteak balioko du, agian, ezinikusia zenbatekoa den neurtzeko, bi bilkura garrantzitsu baitaude, eta Txinak ere zeresanik izango baitu haietan hitz egindakoei buruz

Hain justu, industria horiek defenditzeko argudiopean hartu ditu EBk hainbat neurri, eta gehiago ere espero dira. Txinaren haserrerako. Pekinen arabera, ez dago arrazoirik muga zergetarako, dumping-aren kontrako ikerketarako eta halako babes neurrietarako, eta Txinaren asmoa bi aldeentzako onuragarria izango den merkataritza harremana izatea da. Baina, adierazpen diplomatikoez harago, orain harremanak gaiztotuta daude.

Edonola ere, datorren asteak balioko du, agian, ezinikusia zenbatekoa den neurtzeko, bi bilkura garrantzitsu baitaude, eta Txinak ere zeresanik izango baitu haien inguruan: bihartik asteazkenera, G7koek bilkura izango dute Evianen (Frantzia), «desoreka makroekonomikoez» hitz egiteko. Eta ostegunean eta ostiralean, Europar Kontseiluan bilduko dira EBko 27 herrialdeetako gobernuburuak, Bruselan, «lehiakortasunaz, erronka ekonomikoez eta «desoreka makroekonomiko globalez» aritzeko.

Voldemorten sindromea

Alegia, Txinari buruz, Txinarekiko merkataritza defizit gero eta handiagoaz eta Txinaren «gehiegizko ekoizpen ahalmenaren» ondorioez hitz egingo dute. Baina, hori bai, bilkuren programazioan ez dute zehazki Txina aitatu.

Europarrek Voldermorten sindromea dutela esan izan du, hain zuzen, Berminghamek, erreferentzia eginez Harry Potterren istorioetako gaiztoari, inork ahotan nahi ez duen horri. Horixe bera ohartarazi du Bart de Wever Belgikako lehen ministroak aste honetan: «Desoreka geoekonomiko deitzen diote, Txina bere izenez aipatu gabe, hori egiteko ere beldur gara eta».

CHINA FRANCE DIPLOMACY
Xi Jinping eta Emmuel Macron joan den abenduan, Frantziako presidentearen bidaia ofizialean. ADEK BERRY / EFE

Beldurrak beldur, badirudi iritsi dela garaia gaiari heltzeko. Hainbat informazioen arabera, Emmauel Macron gonbidatzaileak Xi Jinping ekarri nahi izan zuen Eviango G7koen bilerara, baina ez du lortu. Hala ere, iragarri dute Zhang Guoqing Txinak lehendakariordeak bilkuretako batean parte hartuko duela bideo konferentziaz. Ez daude denak horrekin oso konforme —adibidez, Japonia—, baina ikusi beharko da zer gertatzen den.

Europako Batasunari dagokionez, berez, aurreko Europar Kontseiluan landu behar zuten gaia, baina Persiar golkoak bete zuen agenda. Oraingoan, ordea, badirudi EB hasiko dela pentsatzen nola aurre egin Txinatik datorren bigarren shockari.

datuak

%30

Ekoizpen globalean zenbateko ehunekoa dagokion Txinari Gaur egun, Txinak ekoizten du munduko ondasun produkzio osoaren %30, eta %13 kontsumitzen du.

360

EBk zenbateko merkataritza defizita duen Txinarekiko, milaka milioi eurotan Eginahalak eginagatik ere, Europako Batasunak ez du lortzen Txinarekiko merkataritza defizita murriztea. 2025. urtean 360.000 milioi euro izan ziren; hots, 1.000 milioi euro egunero.

%12,7

Txinatik EBrako esportazioak zenbat handitu diren urtarriletik maiatzera Txinatik EBra datozen salgaiak %12,7 handitu dira urteko lehen bost hilabeteetan, Txinak beste herrialdeetara egindakoak baino gehiago (+%11,8). Aldiz, Europatik Txinara egindako esportazioak %5,2 hazi dira, eta beste herrialdeetara egindakoak, %20,5.

Kontseilurako prestatzeko, maiatzaren 29an hitz egin zuten gaiaz EBko kideek biltzar itxian. Sefcovic Merkataritza komisarioak jarrera gogorrago bat defenditu zuen Txinaren shockari aurre egiteko. Txinaren «gehiegizko ahalmenari» aurre egiteko tresnaz ere hitz egin zuten. Harekin, sektore kritikoetako enpresak behartuta leudeke haien hornitzaileen kopuruak eta jatorriak zabaltzera.

Horrez gain, babes neurriak ere proposatu ditu Batzordeak, Txinako esportazioen presio handiena jasaten duten sektoreei begira —kimikaren alorra, makina-erreminta—. Europako Batzordearen interpretazioaren arabera, babes neurriak tresna bizkorragoak dira ezartzeko dumping-aren kontrako eta estatu laguntzen kontrako neurriak baino.

Berez, EBk baditu arma gehiago Txinako salgai oldea murrizteko. Izatez, Donald Trumpen muga zergei erantzuteko modu gisa hainbatetan aipatu den baliabidea, hertsatzearen kontrako tresna, Txinarekin pentsatuz egina da. Zibersegurtasun arauak izan daitezke beste pisuzko arrazoi bat ondasun batzuen etorrera eragozteko. Aurretik, Bruselak enpresei esan die zenbait sektoretako hornikuntza sareetan mendekotasuna murrizteko neurriak hartzeko, eta hornitzaile bat baino gehiago izateko, herrialde desberdinetakoak.

Alemaniaren zain

Babes neurriak, zibersegurtasunari lotutako arauak... Hala ere, oraindik ez dago argi kontseilutik neurri fundamentuzkorik aterako den eta onartuko den tresna berezirik Txinaren bigarren shocka delakoaren inguruan. Herrialdeen artean interes desberdinak daudelako.

Adibidez, maiatzaren amaieran Europako Batzordeari idatzi bat bidali zioten bost herrialdek, merkataritza jarduera bidegabeen kontrako ikerketak sarriago zabaldu zitzala eskatzeko, eta «merkataritza politika defentsiboago, asertiboago eta eraginkorrago baten beharra» azpimarratu zuten. Frantzia, Italia, Espainia, Herbehereak eta Lituania ziren.

CHINA TRANSPORT BYD EXPORT
BYD automobilgintza konpainia txinatarrak bere autoak esportatzeko egindako itsasontzia, Taicangen, joan den apirilean.JI HAIXIN / EFE

Idatziaren berri zabaldu zenean, Carlos Cuerpo Espainiako Ekonomia ministroak pisua kendu nahi izan zion han idatzitakoari, eta, nolabait, pauso bat atzera egin nahi izan zuen. Ikusi beharko da Espainiak Europar Kontseiluan zer jarrera hartzen duen, baina giltzarria, egiaz, Alemania da.

Alemania izan da Txinako inportazioei muga jartzeko erreparo gehien izan dituen herrialdea, ziurrenez, besteak beste, autogintzako konpainia alemaniarrek Txinan dituzten lantegi eta merkatuak buruan dituelako. Txina urteetan zehar merkatu oso garrantzitsua izan da Alemaniarentzat, baina hori iraungiz joan da.

Ostegunean, Friedrich Merzek Bundestagen hitz egin zuen gaiaz, eta Alemaniako kantzilerrak ere ez zuen Txina edo Pekin zuzenean aipatu. «Gure interesak eta gure industria defendituko ditugu lehian distortsioak eragiten dituzten merkataritza praktiken aurrean. Europar Kontseiluan hitz egingo dugu nola zabal dezakegun gure tresna kutxa».

Ikusi beharko da, hala ere, noraino iristen diren Txinaren aurka defenditzeko tresna horiek G7koen bileran eta Europar Kontseiluan. Eta zenbaterainoko arriskua dagoen EBren eta Txinaren arteko tentsioa ageriko merkataritza gerra bihurtzeko.

«Gehiegizko ahalmena»

Tentsioa ez da berria bi aldeen artean. EBn, azken hilabeteetan, gero eta nabarmenagoa da Txinarekiko merkataritza defizit gero eta handiagoaren inguruko kezka. Iaz 360.000 milioi eurora iritsi zen, eta 2026ko lehen hilabeteetan %10etik gora handitu da. «Eutsiezina», esan zuen Maros Sefcovicek Europako Batzordeko Merkataritza komisarioak. 

Europarrek txinatarren «gehiegizko ahalmenaz» hitz egiten dute. Haien ustez, Txinak bere konpainiei zuzenean emandako estatu laguntzek eta kreditu merkeen bidez bideratutako beste zeharkako laguntzek gehiegizko ekoizpen ahalmena eratu dute Txinan bertan, eta susmoa dago enpresa asko, laguntza horiei esker, kostuen azpitik ari direla beren produktua merkaturatzen. Txinan bertan, prezioen deflazio zurrunbilo horri izena jarri diote: nei juan, inboluzioa. 

Herrialdearen barne kontsumoa ahula izanik, salgai horietako asko esportatu egiten dituzte prezio oso apaletan, eta gainera oso lagungarri izaten dute Txinako Gobernuaren kontrolpean yuanak berezkoa lukeen baino balio txikiagoa izatea. 

Mundu zabalera ateratzen diren salgai horiek dagoeneko ez dira eskulan intentsibo eta balio erantsi txikiko produktuak; autoak eta autobusak dira, bateriak, inbertsore elektronikoak, mikrotxipak, makina-erremintak...

Industria estrategikoak dira, gainera, haiek galduz gero Batasuna  AEBen eta Txinaren are mendekoagoa izango bailitzateke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA