Xehetasun gehiago, bai, baina Europatik ez da aparteko argitasunik iritsi Iberiar penintsula osoa argindarrik gabe utzi zuen apirilaren 28ko itzalaldiaz.
Egun hartan gertatutakoaren nondik norakoez bere txostena aurkeztu du gaur Entso-e argindar garraiorako sareen kudeatzaileen Europako sareak. Eta bertan kontatzen denak antz handia du Espainiako Gobernuaren adituen batzordeak emandakoarekin, zeinak gertatutakoaren erantzukizuna neurri berean egotzi zien REE Red Electrica Españolari eta argindar konpainiei. Erakundeak ukatu egin du berriztagarri gehiegi izateak eragin izana «Europan azken hogei urteetako itzalaldirik larriena».
Entso-e sarearen azterketaren arabera, itzalaldira iritsi aurreko ordu erdian bi oszilazio handi —potentzia, tentsio eta frekuentzia oszilazioak— gertatu ziren argindar sisteman. Bat penintsulan bertan sortu zen, 0,6 hertzekoa, eta bestea Europatik etorri zen, 0,21 hertzekoa.
Desoreka horiei erantzuteko, Red Electrica Española sarearen operadoreak hainbat neurri hartu zituen: besteak beste, lineak zabaldu zituen, Frantziarako esportazioak murriztu zituen, eta interkonexio horietako baten modua aldatu egin zuen. Neurri horiek sisteman tentsioa handitzea eragin zuten.
Milisegundoetan
Eta justu une horretan, 12:32tik aurrera, milisegundo batzuetako tartean, energia sorkuntzan deskonexio handiak gertatu ziren, bai sortzaile handietan eta bai banaketa sarean. Argitzeko dago deskonexio horietako batzuk modu bidezkoan gertatu ziren, hots, tentsioa oraindik operaziorako mugen barruan zegoela.
Gehiegizko tentsioa kontrolatzea ezinezko bihurtu zen, eta hurrengo minutuetan deskonexio gehiago gertatu ziren. Entso-e erakundeak esan du datuak falta dituela tarte horretan zer gertu zen argitzeko. Jakinarazi du ere sisteman zegoen inertzia aztertuko duela azken txostenean.
datuak falta dira oraindik
Deigarria da oraindik ere zenbait konpainiak ez dituztela egun hartako datuak eman. Horri buruz kexatu zen bere garaian Sara Aagesen Espainiako Trantsizio Ekologikorako ministroa, eta Entso-e sareak berak ere datu falta gaitzetsi du. Erakundearen arabera, oraindik falta dira datuak itzalaldiaren aurretik zenbait energia sorkuntza zentraletan jazotako deskonexioei buruz.
Enpresa batzuek adierazi diote Entso-e sareari ez dutela akatsei buruzko datuen erregistrorik, eta beste batzuek ez diote haien datuak banatzeko baimenik eman Red Electricari.
Bere azken txostena 2026ko lehen hiruhilekoan aurkeztu behar du erakundeak. Eta espero dute Entso-e sareak txosten horretan aztertuko duela penintsulako argindar sistemak itzalaldiaren aurreko egunetan izandako funtzionamendua ere.
Edonola ere, Entso-e erakundearen aburuz, CNMC Merkatuen eta Lehiaren Espainiako Batzordeak ebatzi behar luke zer-nolako erantzukizuna duen alde bakoitzak. Baina hori argitzea lan gaitza izateaz gain, oso arantzatsua ere bada; besteak beste, kalte ordainak nork pagatu behar dituen zehaztea ekarriko duelako. Ziurrenez, auzitegietan argitu beharko dira erantzukizun horiek.
Horrez gain, erantzukizun politikoa ere hor dago. Espainiako giro asaldatuan, PPk Redeiaren buruen dimisioa eskatu izan du behin eta berriz, eta jazotakoa baliatu du presioa areagotzeko zentral nuklearrak itxi ez daitezen; Voxek itzalaldia mezu konspiranoikoak zabaltzeko baliatu du, eta gezurra zabaldu du, esanez itzalaldiaren egun hartan Sara Aagesen Trantsizio Ekologikorako ministroak lorpen handi bat saldu nahi zuela: argindar guztia iturri berriztagarrietakoa izatea. Baina esperimentua gaizki atera zela, eta itzalaldia horrek sortu zuela.
Ministerioaren bertsioa
Espainiako Gobernua izan zen itzalaldiaz txostena ateratzen lehena, ekainaren 6an, eta erantzukizuna egotzi zien bai argindar sarearen kudeatzaile nagusiari (Red Electricaren), bai argindar konpainiei. Aagesen ministroaren arabera, «faktore askoren konbinazioaren» ondorioz etorri zen itzalaldia.
Tentsio gorabeherak nola eta non sortu ziren zehaztu gabe, ministerioaren ustez, haiek kontrolatzeko eta sisteman egonkor mantentzeko baldintza batzuk ez ziren bete.
Funtsean, Aagesenen arabera, Red Electricak ez zuen programazio egokia egin sareko tentsioaren kontrol dinamikoa behar bezala ziurtatzeko. Ez zituen nahikoa zentral programatu.
Baina, gainera, argindar konpainien aldetik zenbait zentralek larriagotu egin zuten egoera: kontrol dinamikorako agindua zutenek ez zituzten arauak ezarritakoak bete. Beste zentral batzuk deskonektatu egin ziren, arauak ezarritako tentsio eta frekuentzia mugak gainditu aurretik.

Redeiaren bertsioa
Red Electricaren jabeak argindar konpainiei egotzi die gertatutakoaren erantzukizun osoa. Haren arabera, tentsioaren kontrol dinamikoa egiteko zentralek ez zuten behar bezala bete beren egitekoa, hots, ez zituzten arauak ezarritakoa bete. Zentralen justifikatu gabeko deskonexioak ere aipatu zituen.
Zehazki, sistema desorekatu zuten oszilazioei buruz, eguerdi hartan «Badajozko potentzia handiko zentral fotovoltaiko batean» neurri handiko ezohiko oszilazio bat (0,6 hertz) izan zela ere salatu zuen Redeiako buru Beatriz Corredorrek Espainiako Senatuan. Azaldu zuenez, zentral horren «kudeaketa txarrak» argindar sistema «ahuldu» zuen.
Argindar konpainien bertsioa
Aelec elkarteak (Endesa, Iberdrola eta EDP) bere txostenetan Red Electricari egotzi dio erantzukizuna. Haren arabera, sarearen operadoreak ez zuen tentsioaren kontrol dinamikoa behar bezala programatu, zentral gutxiegi jarri zituen lan horretarako. Ildo horretan, Aelec-en ustez, operadoreak ez zituen kontuan izan aurreko egunetan argindar sisteman gertatutako gorabehera guztiak. Horiei men egin izanez gero, itzalaldiaren egunerako REEk egindako programazioak bestelakoa izan behar zuen, funtzionamendu egokia bermatzeko.
Gainera, penintsularen hegoaldean sorkuntza sinkrono txikiegia zegoen programatuta, ziklo konbinatu bat bakarrik, nahiz eta ohikoena bat baino gehiago egotea izan.
Argindar konpainiek zalantzan jarri dituzte ere REEk egun hartako oszilazioei aurre egiteko agindutako maniobrak ere, batez ere, Frantziako interkonexioarekin egin zuen erabilera.