Aiaraldea albiste onen premian dabil azkenaldian. Kontuan hartuta Guardian itxi dutela eta Tubos Reunidos egoera larrian dela, edozein keinu positibo oso ongi etorria da eskualdean. Keinu on horietako bat da Errumaniako Teraplast multinazional Aliaxis Iberiak Okondon (Araba) zuen planta erosi izana —garai batean MASA zena—. Hodi konpainiak Europako mendebaldean ireki duen lehen lantegia da, eta Frantziako, Iberiar penintsulako eta Afrika iparraldeko merkatuak dauzka begiz jota.
Baina zer enpresa da Teraplast? Europa ekialdeko plastiko konpainia bat da. Egun 1.300 langile ditu guztira, eta, Errumanian ez ezik, lantegiak ditu Austrian, Kroazian, Moldavian eta Hungarian. 2008az geroztik Bukaresteko burtsan kotizatzen du, eta iaz 200 milioi baino gehiagoren salmentak egin zituen.
«Hona ez gara turismoa egitera etorri, negozioak egitera baizik, eta datuak hobetzera»
ALEXANDRU STANEANÂ Teraplasteko zuzendari nagusia
«Hona ez gara turismoa egitera etorri, negozioak egitera baizik, eta datuak hobetzera». Alexander Stanean Teraplasteko zuzendari nagusia zintzo mintzatu da operazioaren berri emateko antolaturiko ekitaldian. Teraplastek 6,7 milioi euroan erosi du planta, eta iragarri du lau milioiren inbertsioak egingo dituztela hiru urtean. Ekoizpena %60 handitzea da haren asmoa.
Ziurtagirien garrantzia
Anbizio handiko asmoa da, egun Okondoko lantegian bost errelebotara baitihardute, eta 16.000 tona polietilenozko hodi ekoizten dituzte urtean. 82 langile dituzte, eta iaz 29,4 milioi euro fakturatu zituzten. Lan erritmoa ikusita, ekoizpena handitzeko modu bakarra langile gehiago hartzea edo teknologia hobetzea da. Plantarako langile bila dabiltza orain, eta Aiaraldean jakina da Guardian zeneko langile batzuk bertan hasi direla.
«Jardun betean dabilen enpresa bat hartu dugu, zorrik gabekoa, eta Europako puntako teknologia duena. Horrek modua emango du Teraplast taldea bizkor integratzeko», azaldu du Dorel Goia administrazio kontseiluko presidenteak. Okondoko lantegiak, izan ere, balio erantsi handi bat du: ziurtagiriak. Han egindako hodiak eraikuntzarako baliatzen dira bereziki, hala etxeak nola obra publikoak egiteko, eta halakoetan legezko hornitzaile izateko beharrezko ziurtagiriak ditu, bai Espainiakoak bai Frantziakoak.
Aliaxis Iberiak galerak izan zituen 2024an
Okondoko lantegiak ekoizpen datu onak izan arren, ezin da gauza bera esan aurreko jabeaz. Iberiak Belgikako Aliaxis multinazionalaren Aliaxis filialak, 2,4 milioi euro galdu zituen 2024an, nahiz eta 100 milioi euro baino gehiago fakturatu; kontua da salmentak ezin izan zituela errentagarri bilakatu. 2023a ere ez zen urte ona izan, 1,7 milioi galdu baitzituen. Horren eraginez, inbertsio txikiak egin zituen azken urteetan Okondon. Lantegia saldu aurretik Aliaxis Iberiak lasaitasun mezua bidali zien langileei, eta jakinarazi zien hodien sektorea ondo ezagutzen duen enpresa bati salduko ziola planta, eta erosleak inbertitzeko asmoa zuela.