Ternuako kideek enpresa berri bat sortu dute Etxalarko lantegiari eusteko

Taldeko arduradun batzuek erregistratu dute, lantegia erosi eta produkzioarekin segitzeko. Beste kide batzuek gauza bera egin dute Loreak Mendian markarekin.

Ternua taldeko Lorpen markaren lantegia, Etxalarren. ANDONI CANELLADA / FOKU
Ternua taldeko Lorpen markaren lantegia, Etxalarren. ANDONI CANELLADA / FOKU
jokin sagarzazu
2025eko urriaren 8a
17:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

Banandu, bakoitzak bere aldetik bidea egin ahal izateko. Estrategia horri jarraitzen ari zaio Ternua Group, Euskal Herriko jantzi industriako ikur izan dena, hartzekodunen konkurtsoan. Hala egin du Loreak Mendian markarekin, eta baliteke bide bera hartzea Lorpenek ere, mendiko galtzerdi, kamiseta eta galtza termikoak egiten dituen Etxalarko (Nafarroa) enpresa historikoak. Han dago, gainera, Ternuak Euskal Herrian duen ekoizpen lantegi bakarra.

Lantegiari eta han jarduten duten 50 langileei eusteko asmoz, enpresa berri baten izena eman dute Nafarroako Merkataritza Erregistroan: Artain 25. Haren buruan azaltzen dira David Uria Ternua Groupen industria zuzendaria, Gerardo Ameztoi taldeko kontseilari ohia eta Josune Cordoba administrazioko kidea.

Neurri batean Loreak Mendian kaleko arroparen markarekin erabili duten estrategia baliatu nahi dute horrela. Ekainean, Borobitex enpresa sortu zuten Raquel Egiazabal Loreak Mendian-eko salmenta arduradunak, Joseba Agirreurreta Ternuako bulegoetako arduradunetako batek eta Victor Serna Loreak Mendian markaren sorreran aritutakoak. Eta duela egun batzuk, Donostiako Merkataritza Arloko Epaitegiak oniritzia eman zion Borobitexek Loreak Mendian erosteko operazioari. Irungo (Gipuzkoa) enpresak 800.000 euro ordainduko ditu, eta bere gain hartuko ditu hemeretzi langileak.

Ternua Groupek 2019an erosi zuen Loreak Mendian; trukean, arropa markaren jabe zen Ituarte familiak taldeko akzio gutxi batzuk jaso zituen. Lorpen bost urte lehenago batu zen taldera, 2014an. Etxalarren 1985ean sortutako marka da Lorpen, eta 50 langile ditu. Horrez gain, Ternua taldeak Euskal Herrian duen ekoizpen lantegi bakarra harena da. Gainerako produktuak kanpoan ekoizten dituzte.

Ternua Groupek Arrasaten du egoitza nagusia: han arduratzen dira administrazioaz, diseinuaz, marketinaz eta logistikaz. Hango bulegoetan 150 behargin aritzen dira.

Zorraren banaketa

Taldea kinka larrian dago. Haien salmentak asko jaitsi dira azkenaldian —2024an 29,2 milioi euro fakturatu zituen—, eta horrek zulo handia eragin du Ternuaren kontuetan. 16 milioi euroko zorra pilatu du, eta ekainaz geroztik hartzekodunen konkurtsoan dago.

TERNUA
Arropa denda bat, Ternua markaren logotipoekin. JUANAN RUIZ / FOKU

Salaverria y Uzkudun (Mazarredo Auditores) kontu ikuskaria kudeatzen ari da administrazio konkurtsoa; haren helburua da taldeko enpresak bideragarri egitea industria jarduerari eta enpleguari eusteko. Ternua Groupen zorra nola banatu izango da prozesu horren gako nagusia. Enpresa bakoitzak horren parte bat hartzea izan daiteke bankuekin zorra birfinantzatzeko aukeretako bat.

Loreak Mendian eta Lorpen dira taldera batutako azken enpresak, eta txikienak: adibidez, Lorpenek taldearen fakturazioaren %10 inguru ordezkatzen du. Taldearen muina Ternuak eta Astorek osatzen dute, Ternuak bereziki. Eta hor litekeena da arazo gehiago izatea taldeak erosleak topatzeko, baita etxe barruan ere. Bi enpresa horientzat enplegua erregulatzeko espediente bat prestatzen ari dela zabaldu du Crónica Vasca egunkari digitalak.

Pandemiaren ostean kontsumo ohiturak aldatu izanaren beste biktimetako bat izan da Ternua Group, taldeak berak ekainean kaleratutako oharrean azaldu zuenez. Asko nabaritu ditu Internet bidezko erosketak ugaritu izanaren ondorioak, baita Txinako enpresa erraldoiek eta haien produktu merkeek eragindakoak ere, asko zabaldu baitira. Loreak Mendian pandemia hasi baino hilabete gutxi batzuk lehenago erosi izanak ere areagotu egin zituen taldearen arazoak, «metatutako stockari eta hornitzaileekin zituzten betebeharrei aurre egiteak zorra handitzea ekarri baitzuen», konpainiak onartu zuenez.

Zailtasun horiek 2023ko kontuetan azaleratu ziren: 34 milioi euroren fakturazioa egin zuten, baina galerak zituztela amaitu zuten urtea. 2024a are okerragoa izan zen: salmentak 29,2 milioi euroraino jaitsi ziren, eta galerak handitu. Ondorioz, 2024. urtea hamasei milioi euroren zorrarekin amaitu zuen taldeak.

Kronologia

  • 1989an. Arrasate Import jantzi enpresa sortu zuten, Arrasaten (Gipuzkoa). Astore zen haien markarik ezagunena, eta kiroletako arropa egiten zuten. Besteak beste, hainbat futbol talde profesionalek eta pilotariek erabili dituzte haien elastikoak eta galtzak.
  • 1994. Ternua sortu zuten, mendiko arropa eta antzekoak ekoizteko.
  • 2006. Bere ehun propioak garatzen hasi zen Ternua, eta horrekin zabaldu zen nazioartera. 
  • 2014. Lorpen mendiko galtzerdi teknikoen enpresa eta haren Etxalarko (Nafarroa) fabrika erosi zituen. Ternua Group taldea sortu zuten.
  • 2019. Loreak Mendian kaleko arropa saltzeko marka erosi zuen, Donostiakoa.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.