Pandemiak eragindako kontsumo aldaketek kinka larrian jarri dute Euskal Herriko jantzi industriako ikurretako bat, Ternua Group. Batez ere mendiko arropak egiteagatik ezaguna da Arrasateko taldea, eta haien salmentak asko jaitsi dira azkenaldian, eta horrek zulo handia eragin du Ternuaren kontuetan. Galerak izan ditu azken bi urteetan, eta, zorrei aurre egiterik ez duenez, hartzekodunen konkurtsoa eskatu du.
Horrenbestez, Ternua konkurtsoaren administratzailearen esku geratuko da, eta hari egokituko zaio enpresa edo haren zati bat salbatzea eta, aldi berean, zorrak ordaintzea.
Ternua, Astore, Lorpen eta Loreak Mendian markek osatzen dute Ternua Group. Egoitza nagusia Arrasaten dago (Gipuzkoa), eta ekoizpen planta bat dauka Etxalarren ere (Nafarroa). Oraintxe 180 langile ditu.
Edonola ere, hedabide batzuetara bidalitako oharrean, Ternuak azaldu du bere helburua dela ekoizpenari eta lanari eustea. Horretarako bideetako bat izan daiteke Loreak Mendian saltzea. Dagoeneko badu eskaintza bat marka hura erosteko, eta, Ternuak azaldu duenez, konkurtsoaren administratzaileak hilabete bateko epea du eskaintza horri baiezkoa ala ezezkoa emateko.
Arazoak kateatu dira
Hain zuzen ere, Loreak Mendian garai txar baten hasieran erosi izanak handitu egin ditu Ternua taldearen arazoak. 2019an erosi zuen, kaleko arropen merkatuan ere egoteko asmoarekin, baina berehala egin zuen topo 2020ko udaberriko itxialdiarekin eta ondorengo hilabeteetako murrizketekin, eta, haiekin batera, salmentak asko jaitsi ziren. «Metatutako stockari eta hornitzaileekin zituzten betebeharrei aurre egiteak zorra handitzea ekarri zuen», konpainiak onartu duenez.

Gainera, pandemiaren ostean kontsumo ohiturak sakon aldatu ziren. Handitu egin dira Internet bidezko erosketak, eta gero eta leku handiagoa hartzen ari dira Txinako enpresa erraldoiak eta haien produktu merkeak. Ternuari ez ezik, mendiko arropen beste markei ere eragiten dien arazo bat dela nabarmendu du Arrasateko konpainiak.
Arazoak gehiago okertzeko, pandemiak etenak eragin zituen nazioarteko hornidura kateetan, eta horrek kostuak «nabarmen» handitu zituen. Eta horri batu zitzaion Ukrainako gerraren ondoren inflazioak izandako gorakada handiak balizko bezeroen erosteko ahalmena zigortu zuela.
Koktel horrek guztiak eragin du 2022ko bigarren seihilekotik aurrera kaleko arropen kontsumoan beherakada «nabarmena eta jarraitua» izatea. Zailtasun horiek 2023ko kontuetan azalarazi ziren: 34 milioi euroren fakturazioa egin zuten, baina galerekin amaitu zuten urtea. 2024a are okerragoa izan da: salmentak 29,2 milioi euroraino jaitsi ziren, eta galerak handitu ziren. Ondorioz, 2024. urtea hamasei milioi euroren zorrarekin amaitu zuen taldeak.
Enpresa salbatzeko saioak
Enpresa saiatu da egoera onbideratzen. «Zorra birfinantzatu dugu, haren egitura eta gastua optimizatu, eta inbertsioa eta hazkuntza bultzatu dugu». Baina saiakera horiek guztiek ez dute lortu beren helburua, eta, zorrei aurre egin ezinik dagoenez, konkurtsora jo du Arrasateko taldeak.
Agirian, zuzendaritzak goraipatu egin du langileen eta akziodunen konpromisoa eta ahalegina: «Familia handia gara, gure lurraldean errotzeko asmo argia dugu, eta gauzak ondo egiteko eta guk duguna baino ondare hobea uzteko konpromisoa dugu. Printzipio ukaezinak dira, eta Ternua Group osatzen dugun guztioi lagundu digute beti». Akziodunei dagokienez, agirian nabarmendu dute 2010etik 20 milioi euroren inbertsioa egin dutela eta irabaziak izan diren urteetan enpresan berriro inbertitu izan dutela.
Kronologia
- 1989an. Arrasate Import jantzi enpresa sortu zuten, Arrasaten (Gipuzkoa). Astore zen haien markarik ezagunena, eta kiroletako arropa egiten zuen. Besteak beste, hainbat futbol talde profesionalek eta pilotariek erabili dituzte haien elastikoak eta galtzak.
- 1994. Ternua sortu zuten, mendiko arropa eta antzekoak ekoizteko.
- 2006. Haien ehun propioak garatzen hasi zen Ternua, eta horrekin zabaldu zen nazioartera.
- 2014. Lorpen mendiko galtzerdi teknikoen enpresa eta haren Etxalarko (Nafarroa) fabrika erosi zituen. Ternua Group taldea sortu zuten.
- 2019. Loreak Mendian erosi zuen, Donostian sortutako kaleko modaren marka.