Tigre gazteak hazten ari dira

Vietnam, Indonesia eta Filipinak hazkunde betean daude atzerriko inbertsioei, demografiari eta industriaren moldaketari esker, AEBak eta Txina lehian ari diren honetan.

Vietnamgo ekonomiak hazkunde nabarmena izan du iaz. Irudian, Hanoiko zerumuga. LUONG THAI LINH / EFE
Vietnamgo ekonomiak hazkunde nabarmena izan du iaz. Irudian, Hanoiko zerumuga. LUONG THAI LINH / EFE
Josep Solano
Tokio
2026ko otsailaren 22a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

XX. mendeko azken bi hamarkadetan eta XXI. mendeko lehen urteetan, Japoniako, Hego Koreako, Taiwango eta Singapurko ekonomiak hazi ziren gehien Asian; berrikiago, Txinakoa da horretan nagusi. Gaur egun, ordea, Asiako hego-ekialderantz mugitzen ari da ekonomiaren grabitate zentroa. Beste hazkunde bolada bat sortu da han, nagusiki Vietnamen, Indonesian eta Filipinetan, atzerriko inbertsioa areagotu delako, demografia datuak onak direlako eta ekoizpen kate globaletan gero eta hobeto txertatuta daudelako.

Lehengo Asiako tigreak ez bezala, tigre berrien garabide bakarra ez dira izan industrializazio intentsiboa eta kostu txikiko manufakturen esportazioa. Bestelako zenbait ezaugarri ditu dinamika berriak: enpresa batzuk lekuz aldatu dira, Txinaren hain mendeko izateari utzi nahian; apustu egin dute adimen artifizialaren, erdiko gamako erdieroaleen, energia berriztagarrien eta gisa horretako sektoreen alde; AEBen eta Txinaren arteko lehia geopolitikoa gero eta handiagoa da, eta, hain justu horren eraginez, Asiako hego-ekialdea funtsezko bihurtu da lehia ekonomiko eta estrategikoan.

Urte gutxian, Vietnam onuradun nagusietako bat bilakatu da industriaren moldaketa horretan. BPGa %7 inguru handitu zaio urtean, eta politika aktibo bat jarri du martxan atzerriko inbertitzaileak erakartzeko; hori dela eta, herrialdea ezinbesteko bihurtu da China plus one izeneko estrategiarako. Elektronikaren, ehungintzaren eta autogintzaren arloko multinazional batzuek Vietnamera eraman dute beren ekoizpenaren parte bat, aprobetxatuz langileak gazteak direla, nahiko prestatuak daudela eta haien kostuak apalak direla oraindik.

Arrakasta horrek, ordea, egiturazko erronka batzuk ere badakartza. Azpiegitura logistiko eta energetikoak oraindik ere mugatuak dira zenbait eskualdetan, eta, esportazio eredua dela eta, herrialdea ahula da eskari globalaren gorabeherei begira. Era berean, balio erantsi handiagoko jarduerei heldu nahi die Vietnamgo Gobernuak, hala nola diseinu industrialari, softwareari eta fabrikazio aurreratuari, hartara herrialdea harrapatuta gera ez dadin soldata txikiak oinarri bakar izango duen espezializazioan.

Industria bultzatzen

Indonesiak, Asiako hego-ekialdeko ekonomiarik handienak, beste bide bat hartu du. 270 milioi biztanle baino gehiago ditu, eta bi elementu bat datoz han: barne merkatu zabala du, eta posizio estrategikoa du trantsizio energetikorako funtsezkoak diren zenbait sektoretan. Herrialde horretan daude munduko nikel erreserbarik handienetako batzuk, eta mineral hori ezinbestekoa da ibilgailu elektrikoen bateriak egiteko; horrek erakarrita, Txinak, Hego Koreak eta Europak inbertsioak egin dituzte balio kate osoan.

INDONESIA ECONOMY GROWTH
Jakartako burtsa. MAST IRHAM / EFE

Indonesiako Gobernua saiatu da bere rol tradizionala hausten, hau da, lehengaiak esportatzeari utzi eta tokiko industrializazioa bultzatzen ahalegindu da, are mineral landugabeen esportazioa mugatuz ere. Estrategia hori erabiliz, %5 eta %6 arteko hazkundeari eutsi diote, baina tirabirak ere sortu dira: ingurumenerako arriskuak, gatazka sozialak eta potentzia industrial handienganako mendekotasun gero eta larriagoa, haiek lehian aritzen baitira ziurtatu nahian modua izango dutela ezinbesteko baliabideak lortzeko.

Filipinak, berriz, bestelako ekonomia batean espezializatu dira: ez da horren industriala, baina bai gero eta digitalagoa. Biztanleria oso gaztea dutenez eta ingelesez hitz egiten dutenez oro har, herrialdea garrantzitsu bihurtu da zerbitzu azpikontratatuetarako, informazioaren teknologiarako eta ezagutzaren ekonomiarako. Urtean %6 baino gehiago hazi da, barne kontsumoak, bidalketek eta zerbitzuen sektorearen hedapenak bultzatuta.

«Garapen azkarretan oinarritutako eredua alde batera utzi behar da. Ezin da lehiakor izan soilik lan kostuak baliatuz» 

FRANCISCO MORENO Filipinetako enpresaburua

Nolanahi ere, Filipinetako ekonomiak ahulguneak ditu oraindik ere: zerbitzuen sektorearen mende dago, industria oinarri ahula du, eta, azpiegituretako gabeziak direla eta, potentziala mugatua du luzera begira. Francisco Morenok, Ibarra Watches-en sortzaile eta zuzendari nagusiak, ohartarazi du AEBen eta Txinaren arteko lehia «bi ahoko ezpata» dela. «Washingtonekin harremana izanda, bermatua dago segurtasun nazionala, eta Txina, berriz, ezinbestekoa da segurtasun ekonomikorako», azaldu du. China plus one estrategiak bide ematen die aukera berriei, baina herrialde guztiak ez daude prestatuta horiek aprobetxatzeko.

Lan kostuez harago

Morenok nabarmendu duenez, kostu energetiko handiak, argindar horniduraren egonkortasun falta eta egiturazko arazo batzuk –hala nola ustelkeria– direla kausa, zaila dute Vietnam, Indonesia eta inguruko beste herrialde batzuekin lehiatzea. Enpresari filipinar horren iritziz, erronka handi bat dute: alde batera uztea «garaipen azkarretan» oinarritutako eredua, hau da, zerbitzu azpikontratatuetan edo turismoan oinarritutakoa, eta apustu egitea balio erantsia, ezagutza eta diseinu industrial propioa sortzearen alde. «Ezin da lehiakor izan soilik lan kostuak baliatuz: benetako balioa lortu behar da merkatu globalean», esan du, laburbiltzeko.

Europarentzat, Asiako tigre berriak agertu izana aukera bat da, baina dilema estrategikoak ere sortu dizkio. Industriak lehiakortasuna galdu duen eta hornidura kateak dibertsifikatu beharra duen honetan, neurri batean Asiako hego-ekialdea alternatiba bat da Txinaren mendeko ez izateko, baina, horrez gain, eremu gero eta lehiakorrago eta exijenteago bat ere bada.

PHILIPPINES TARIFF
Arrantzaleak eta edukiontziak Manilako portuan. FRANCIS R. MALASIG / EFE

Ekonomia alde batera utzita, dimentsio geopolitiko argi bat du herrialde horien goraldiak. Vietnamek, Indonesiak eta Filipinek ahalegina egiten dute AEBen eta Txinaren arteko oreka delikatuari eusteko, eta ahalik eta etekin handiena ateratzen saiatzen dira, blokeen logikan harrapatuta geratu gabe. Hala, Asiako hego-ekialdea XXI. mendeko gudu zelai ekonomiko nagusietako bat bihurtu da: ezinbestekoa da industriarako, trantsizio energetikorako eta berrikuntzarako, baina arriskua du tentsio komertzialak, desberdinkeria sozialak eta kalte klimatikoak pairatzeko.

Ekonomia horien erronka nagusia hau izango da: hazkundea garapen inklusibo bihurtzea, azpiegiturak eta gobernantza hobetzea eta erresilientzia handiagoa emango dieten kate industrial propioak garatzea. Europak, berriz, erabaki bat hartu beharko du: haiekin bat egin ala partida galdu. Eta, horretarako, estrategia industrial eta komertzial argi bat zehaztu beharko du Asiako mapa berriari begira. Lehenbailehen zehaztu ere, berandu baino lehen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.