'Tokikoa' marka sortu dute, Ipar Euskal Herriko jatetxeetan bertako produktuak sustatzeko

Markaren bitartez, Euskal Elkargoko turismo bulegoak balioa eman nahi die bertako eta kalitatezko produktuz osatutako jakiak proposatzen dituzten jatetxeei.

Tokikoa markaren aurkezpena Donibana Lohizunen, gaur. PATXI BELTZAIZ
Tokikoa markaren aurkezpena Donibana Lohizunen, gaur. PATXI BELTZAIZ
2024ko uztailaren 17a
17:45
Entzun

Hilabete hastapenean, Euskal Elkargoko turismo bulegoak Tokikoa proiektua abiatu zuen. Marka horren helburu nagusiak dira Ipar Euskal Herriko jatetxeek bertako produktuak erabiltzea eta kalitate oneko jakiak eskaintzea bezeroei. Erabiliko dituzten produktuek bortxaz proposatuak diren 40 bat sor-markari lotuak izan behar dute; AOP, IDOKI, Herriko, IGP... Oraingoz, saiakera fasean da, proiektuak emaitza onak ateratzen baditu urte osoan, marka luzatuko dute.

Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako 24 ostatuk dagoeneko Tokikoa markari lotzea lortu dute. Jatetxeak hautatzearen lana Euskal Elkargoko turismo bulegoko lankide Argitxu Urthiagek eraman du, bere taldearekin. Ipar Euskal Herriko hainbat ostaturi proiektuaren informazioa bidali zieten, eta, horren ondotik, emandako irizpide guziak betetzen bazituzten, haien hautagaitza bidali zuten. Hautagaitza guztiak kontrolatzeko, epaimahai bat sortu zuten: Euskal Hirigune Elkargoko turismo eta laborantza zerbitzukoek eta beste bi sukaldari profesionalek osatzen dutena. Horiek dituzte jatetxeak aztertu eta, beraz, hautatu.

24 jatetxek irizpide guztiak dituztela frogatu dute, baina, halere, urte osoan epaimahaikoek egiaztatu beharko dute irizpideak errespetatzen jarraitzen duten. Hori frogatzeko, hornitzaileak deituko dituzte, jatetxeen fakturak kontrolatuko, baldintzen bilduma bat eginarazi, bertara joanen... Hautagaien zerrenda murriztu zein handitu ahalko da urteetan zehar.

Ideia ez hain berria

Badu 20 bat urte Tokikoarekin antza zuen marka bat sortu zutela, «Assiette de Pays» deitutakoa. Marka horrek Euskal Herriko jaki «tradizionalak» baizik ez zituen onartzen. Oraingoan, haatik, erabaki zuten ez bakarrik plater tradizionaletara mugatzea, eta beste motatako platerei zabaltzea.

Bertako produktuak eta langileak sostengatzea dute helburu, baina, bertako hizkuntzari dagokionez, ez dute oraindik baldintzarik eman. Baina Urthiageren eta Daniel Olzomendiren turismo bulegoko zuzendariaren aburuz, landu beharko duten zerbait da, adibidez, Tokikoa duten jatetxeek karta elebidunez proposatzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.