Etorkinen erregularizazioak landunen eta langabeen kopuruak handitu ditu

Hirugarren hiruhilekoan, industriak bultzatu du enpleguaren hazkundea: 11.900 landun gehiago, erdia inguru Araban.

Ikertzaile batzuk lanean, zentro teknologiko batean. GORKA RUBIO / FOKU
Ikertzaile batzuk lanean, zentro teknologiko batean. GORKA RUBIO / FOKU
jokin sagarzazu
2026ko urriaren 27a
12:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Udan honetako etorkinen ezohiko erregularizazio prozesuak baldintzatu ditu Hego Euskal Herriko enplegu datuak. INEren inkestaren arabera, inoizko landun gehien zeuden hirugarren hiruhilekoan, baina langabeen kopuruak ere gora egin du. Lehen ezkutuko ekonomian ziharduten langileak Gizarte Segurantzan erregistratu dira; lanik ez duten beste batzuek, berriz, enplegu bulegoetan izena eman dute. Horrenbestez, lan merkatuan lehen estatistika ofizialetan ageri ez ziren pertsonak ere zenbatzen hasi dira.

Guztira, uda honetan 1.342.600 lagun ari ziren lanean Hego Euskal Herrian, aurreko hiruhilekoan baino 19.800 gehiago. Langabeak, berriz, 104.900 izatetik 111.300 izatera igaro dira. Langabezia tasa, ondorioz, %7,3tik %7,7ra igo da. Biztanleria aktiboa ere handitu egin da: 1.427.600 lagun izatetik 1.454.000 izatera igaro da hiru hilabetean. Hau da, lan egiten duten edo lan bila ari diren pertsonen kopurua 26.400 handitu da.

Lurraldeka, Nafarroak du langabezia tasarik handiena, %9,2koa, aurreko hiruhilekoan baino 1,1 puntu handiagoa. Bizkaian ere gora egin du, %8,4tik %8,7ra. Araban, aldiz, %6,4tik % ,8ra jaitsi da, eta Gipuzkoan %5,4tik %5,2ra.

Industriaren susperraldia

Enpleguaren hazkundea industrian nabaritu da bereziki. Sektorean 311.000 lagun ari ziren lanean, aurreko hiruhilekoan baino 11.600 gehiago. Zerbitzuetan ere gora egin du landunen kopuruak: 9.800 lagun gehiago ari dira lanean, 941.000 guztira. Eraikuntzak 2.200 landun irabazi ditu; lehen sektoreak, berriz, 3.500 galdu. Hala, industriak Hego Euskal Herriko landunen %23 inguru biltzen ditu, eta zerbitzuek, zazpitik ia bost.

Industriako enpleguaren gorakada bat dator ekonomiaren bilakaerarekin. Eustaten arabera, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako industriaren balio erantsia handitu egin zen 2026ko bigarren hiruhilekoan, aurreko hiruhilekoarekiko zein urtebete lehenagokoarekin alderatuta. Nafarroan, ordea, bestelakoa izan da industriaren jardueraren bilakaera: bigarren hiruhilekoan BPGa hazi arren, industriak behera egin zuen.

Industriako enpleguaren gorakadak Araban izan da jauzirik handiena: 34.500 landun izatetik 41.000 izatera igaro da sektorea hiru hilabetean, 6.500 gehiago. Bizkaian ere gora egin du industriako enpleguak, 4.400 lagun gehiago baitaude lanean. Nafarroan igoera apalagoa izan da, 900 lagunekoa; Gipuzkoan, aldiz, ia ez da aldaketarik izan.

Araban, ordea, zerbitzuetako landunen kopurua jaitsi egin da: 6.700 gutxiago zenbatu ditu INEk. Bizkaian, berriz, industriak eta zerbitzuek biek egin dute gora; 4.400 gehiago industrian eta 9.900 gehiago zerbitzuetan Nafarroan ere bi sektore horietan hazi da enplegua: industrian 900 gehiago eta zerbitzuetan 3.900 gehiago Gipuzkoan, zerbitzuak izan dira hazkundearen bultzatzaile nagusiak: 2.600 landun gehiago; industrian, berriz, 900.

Emakume gehiago langabe

Emakumeen eta gizonen arteko aldeak ere nabarmendu dira azken hiruhilekoan. Hiruhileko bakarrean, emakume langabeen kopurua 15.300 handitu da, eta gizonena 8.800 txikitu. Emakume langabeak 46.900 izatetik 62.200 izatera igaro dira; gizonen artean, berriz, 57.900etik 49.100era jaitsi da kopurua. Ondorioz, emakumeen langabezia tasa % 8,9koa da, eta gizonena % 6,6koa.

%74,4

Lanaldi partzialean ari diren emakumeak. v (%74,4). Aldi baterako kontratua duten soldatapekoen artean ere emakumeak dira gehienak: 124.900 emakume dira, guztizkoaren %58,9; gizonak, berriz, 87.100 dira (%41,1).

 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA