Traktore gaineko protesta

UAGA sindikatuaren arabera, Arabako herrietatik etorritako bostehun bat traktore batu dira Gasteizen protesta egiteko. Elkarretaratzea egin dute supermerkatu handien logistika zentroetan.

Traktoreak protesta araba
Arabako nekazariek egindako protesta, gaur, Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Maixa Utrera Puelles.
2024ko otsailaren 06a
17:45
Entzun

10:00 aldera heldu da Maite Beltran de Heredia Gasteizko Jundiz industrialdeko aparkalekura. Goizean goiz igo da traktorera, eta Andetxatik (Araba) Jundizeraino abiatu. Nekazaritza eta abeltzaintza ustiategi bat dauka Andetxan, baina egoerak gaina hartua dio, eta, beraz, erabaki du beste nekazari eta abeltzainekin batera kalera protesta egitera ateratzea: «Lehenengo aldia da horrelako protesta batean parte hartzen dudala, baina egoera desegokian gaude, eta argi utzi nahi dugu nekatuta gaudela».

UAGA sindikatuak deialdia egina zuen ordurako, supermerkatu handien logistika zentroen aurrean mobilizazioak egin eta lehen sektorea gain behera doala salatzeko. Arabako herrietako hirurehun bat nekazari 10:00etan Jundizen biltzekoak ziren, euren traktoreekin, baina oso gutxi agertu dira garaiz. Asko eta asko oraindik bidean ziren ordu horretan, errepideak mozten eta protesta zaratatsuak egiten. Eguerdira bitarte auto ilara handiak sortu dituzte hiriaren sarbide nagusietan, bereziki A1 errepidean.

Azken asteetan, nekazarien protestak ugarituz joan dira Europako Batasuneko zenbait herrialdetan, eta Euskal Herrira ere iritsi dira mobilizazio horien oihartzunak. Ipar Euskal Herrian astebete aritu dira protestak egiten, FDSEA sindikatuen federazioak deituta eta ELBren babesarekin. Errepide ugari oztopatu zituzten joan den astean, baita Lapurdiko hainbat supermerkatu blokeatu ere, salatzeko enpresek laborarien mozkinekin etekina ateratzen dutela.

Ipar Euskal Herriko nekazarien mobilizazio ereduari jarraitu nahi izan diote gaur Arabako nekazariek, hain zuzen ere, nahiz eta Ainara Saez de Okariz nekazariaren ustez «ezinezkoa» den halakorik errepikatzea. «Ingurura begiratu besterik ez da egin behar. Poliziaz inguratuta gaude, kriminalak izango bagina bezala», gaitzetsi du. Izan ere, poliziaren presentzia handia zen inguruan, baina modu baketsuan igaro da goiza Jundizen. Eguerdian tentsioa zertxobait areagotu da, nekazariek Mercadonako zentro logistikorako sarbidea blokeatu dutenean, baina ez da istilurik egon.

Jada ez baitago ezer nekazarien ezinegona eta haserrea geldiaraziko duenik, Jose Antonio Berganzaren hitzetan. Nekazaria beste hainbat laborarirekin atera da protestara, iritzita lehen sektoreak ezin diola eutsi egoera honi. Denek argi adierazi dute munduko gainontzeko tokietan dituzten ekoizpen baldintzak lortu ezean Arabako laborariak ezingo direla lehiatu kanpotik ekarritako produktuekin. «Nahikoa da! Hemen debekatuta dauden transgenikoak eta pestizidak baliatzen dituzte beste herrialde batzuetan. Guztiok karta berdinekin jokatzea nahiko genuke, besterik ez», gaitzetsi du Berganzak.

«Hemen debekatuta dauden transgenikoak eta pestizidak baliatzen dituzte beste herrialde batzuetan. Guztiok karta berdinekin jokatzea nahiko genuke, besterik ez».

JOSE ANTONIO BERGANZA Nekazaria

Protesta gehiago

UAGA sindikatuak nabarmendu du mobilizazio deialdia «arrakastatsua» izan dela, hain zuzen ere. Izan ere, Gasteizen bostehun traktore baino gehiago biltzea lortu dute goizean. «Jendea oso nekatuta dago dirua galtzeaz. Urteak daramatzagu galtzen, eta jendeak kalera ateratzeko gogo handia zuen», adierazi du Jon Moraza UAGAko lehendakariordeak. Ohartarazi du, dena den, protesta aldia hasi baino ez dela egin, «arazoak handitzen jarraitzen badu» mobilizazio gehiago antolatuko baitituzte.

«Jendea oso nekatuta dago dirua galtzeaz. Urteak daramatzagu galtzen, eta jendeak kalera ateratzeko gogo handia zuen».

JON MORAZA UAGAko lehendakariordea

Ipar Euskal Herriko nekazariek egin bezala, Arabako nekazariek ere bat egin dute laborariek Europa osoan egindako eskaera nagusiekin: Europako Batasunaren NPB Nekazaritza Politika Bateratuaren burokrazia malgutzea eta sinplifikatzea, ekoizpen kostuak estaltzea, eta Elikadura Katearen Legea betetzea, eta merkatu libreko itunak etetea.

Dena den, nekazarien ezinegonaren atzean tokiko hainbat arrazoi ere badaude. Besteak beste, Arabako nekazariek nahi dute zenbait enpresak energia berriztagarrien harira abiatutako «espekulazioa eta lur erosketa» geldiaraztea, gazteei eta nekazari berriei lurra eskuratzeko modua ematea, eta, batez ere, gizarteari lehen sektorea «ezinbestekoa» dela ikusaraztea.

Gaur, Jaurlaritzara

Gaua Buesa Arenaren inguruetan igaro ondoren, mobilizazioekin jarraituko dute nekazariek; egun osorako egitaraua prestatu dute. Goizean goiz ekingo diote hirian zehar protesta egiteari. Eusko Jaurlaritzaren Lakuako egoitzarako bidean aterako dira ilaran, hiriko sarbideetan trafikoa moteldu eta errepideak mozteko asmoz. Eguerdia pasatuta iristea espero dute. Manifestu bat irakurriko dute han, beren eskariak Gasteizko gobernuari helarazteko, eta, ondoren, Jundizko industrialdera itzuliko dira, supermerkatu handien logistika zentroen aurrean protesta egiteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.